16 ENE. 2015 JO PUNTUA Haize-orratza lehendakari Gotzon Elizburu Kazetaria Hamaika Telebistako «Esatea Libre» saioan, Iñigo Urkullu lehendakaria bere legealdiaren erdira iritsi dela-eta, azken bi urteei errepasoa jo genien. Aurreikus genezakeen galdera bota zigun aurkezleak: Iñigo Urkulluk zer egin du ondo bi urte hauetan? Isiltasuna... Egia da Patxi Lopezek trenean bezalako patetismoaren historiarako irudirik ez digula utzi. Bataren egin nahi bai baina txapuzero izatearen ondorioa ezin da bestearen asfaltoaren grisarekin konparatu, ordea. «Ezlehendakari» gisa une oro missing dagoen gizon horrek txarrerako hartu izan du protagonismoa: langileei euren lanpostuetara itzul daitezela errieta egiteko... eta askoz gehiago ez. Lehendakari bati dagokion jarreraren adibide bakarra etorri zitzaigun bat-batean: ETAk armen zigilatzeari ekin ziola adierazi eta Auzitegi Nazionalak nazioarteko egiaztatzaileak euren arkupetik pasarazi zituenekoa. Gainontzeko gertakarien aurrean, desagertuta. Hasieran, «egiten ari gara, baina diskrezioz» lubakian parapetatuta. Azken boladan haize-orratzarena eginez. Haizeak nondik jotzen duen, errudunak alde batean edo bestean seinalatuz. Sarek deituta larunbatean egindako mobilizazio arrakastatsuaren ostean, abokatuak atxilotuz eta presoekiko elkartasun ekonomikoa ito nahian erantzun du Espainiako Gobernuak. Euskal Herrian bizikidetza eraiki behar dela hitzetik hortzera darabilen EAJren eta Gobernuaren partetik erantzun irmo bat mereziko zukeen. Baina zakurraren putza. Zerbaitegatik ez zuten bat egin mobilizazioarekin. Oztopoa Espainiako Gobernua dela behin eta berriz ikusi arren, etengabe ezker abertzalearen aurrean suebakiak eraiki nahian ari dira. Esplikazio errazena hau litzateke: ezker abertzaleak proposatzen duen konponbiderako agendan ez du sartu nahi, disputa hegemonikoa galtzeko beldurragatik. Iazko manifestazioaren debekuaren aurrean Espainiako Gobernuak posizio deserosoan utzi zuen EAJ eta horregatik batu zen deialdira. Abertzaleen arteko batasunaren ametsak kilima ugari sortzen ditu, baina hain justu iazko eszenatoki horrek azaltzen du EAJ behartzen ez bada, ez dela bere ustezko zentralitate neutrotik mugituko. EBBk zerbaitegatik proposatu zuen Urkullu bezalako pertsona grisa lehendakarigai. Ezer ez egiteko edo egitekotan Madrilekiko leialtasunez egiteko. EAJ posizio horretatik mugiarazteko era bakarra aldebakartasunez herria aktibatuko duen prozesua abiatzea da. Bestela, Unai Apaolazari aipua lapurtuz, paretak seinalatzen ibiliko gara bideak seinalatu beharrean.