04 FEB. 2015 Entrevista Leire LANDA Bartzelonako jokalaria «Ametsak baditut, baina bideak urratsez urrats ibili behar dira» Ez zuen komunikabide handien arreta jaso, baina igandean euskal futbolak albiste on bat utzi zigun. Gure jokalariak jazartzen ari den «lotailuen maldizioa» gainditu eta praka motzak jantzi zituen berriro Leire Landak, Bartzelonarekin debutatzeko. Itzulera biribiltzeko, Ignacio Queredak atzo bertan deitu zuen, Espainiako selekzioaren ateak berriro zabaltzeko. Amaia U. LASAGABASTER Ez du erraz galtzen, baina azken egun hauetan irribarre zabala du Leire Landak aurpegian. Euskal futbola jazartzen ari den maldizioak harrapatu zuen ekainean jokalari gipuzkoarra eta eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi zuen; denboraldiko azken partidan, Kopako finalean eta Bartzelonak fitxatu baino hamar egun lehenago. Zazpi hilabeteren buruan, lesioa osatu eta kamiseta berriarekin debutatu ahal izan du. Denboraldiko lehen minutuak jokatu eta bi egunera Ignacio Queredaren deia jaso duzu. Noizean behin haizeak alde jotzen du. Bai, dena batera etorri zait. Horrelako errekuperazioetan denbora poliki pasatzen dela iruditzen zaizu beti, baina behin osatuta, pozak heltzen ari zaizkit. Lehenengo alta, gero deialdiak, igandean jokatu, orain deia... Beti ez dudanez zorte onik izan, horrela datorrenean esku-zabalik hartzen dut. Zu borrokalaria zara, zoritxarrez txikitatik borrokatu behar izan baituzu; hala ere, hilabete hauek gogorrak izan dira, ezta? Ez da erraza inorentzat. Alde batetik, pentsatzen nuen belaun bat besterik ez zela, konpondu eta listo. Beste belauna ere operatuta daukat eta ondo nago, hemen nago... Baina lesioa nola etorri zen, Kopako finalean, Bartzelonaren kontra; gero bizi izan dudan aldaketa, talde berria, jende berria... Bartzelonaren portaera ikusgarria izan den arren, gogorra egin zait, batez ere hasiera. Erronka ederra izan da. Sekula ez dira pozgarriak, baina une desegokienean heldu zen lesioa. Azken partida Athleticekin, hurrengo taldearen kontra, errehabilitazioa hiri berri batean... Horrela da. Oso egun gogorra izan zen. Alde batetik taldean sekulako ilusioa geneukan, aurretik jasandako jipoien ondoren, eta berriro ere oso era mingarrian alde egin zuen ametsak. Eta neuk... Segituan konturatu nintzen larria zela, eta suntsituta geratu nintzen. Gainera, Bartzelonarekin hitz eginda neukan, baina sinatuta ezer ez. Oso ondo portatu ziren, garrantzitsuena pertsona dela esan zidaten... Pribilegiatua sentitzen naiz zentzu horretan, Athleticek ere eskaini baitzidan bertan egitea ebakuntza eta errehabilitazioa. Oso-oso ondo portatu ziren. Azkenean, dena hemen egitea erabaki nuen, bizitza berri honi hasiera emateko. Eta egia da lehenengo hilabeteak gogorrak izan zirela, talde berrian, inguru berrian, familiagandik urruti... Baina bestetik ere, beste motibazio bat neukan, Bartzelonak emandako laguntza eta konfiantzari behar bezala erantzuteko ahalik eta azkarren eta hobetoen osatzea. Ez dakit haurtzaroan bizi izandakoak horrelako une latzei aurre egiten laguntzen duen. Ez dakit zer esan ba. Nahiko ahula sentitzen naiz horrelakoetan, mundua gainera etortzen zait, `zergatik niri berriz' pentsatzen dut... Argi dago txikitako esperientziak markatu nauela, baina egia esan behar badizut, neuk pasatakoa baino, alboko jendea sufritzen ikustea izan zen gehien markatu ninduena. Neurea era positiboan ikusi behar dut orain, amaiera zoriontsua izan duelako, baina ez dakit horrelako egoeretan laguntzen didan. Beharbada bai, azkenean indarra atera behar duzu errehabilitazioan egunero lan egiteko animoa galdu barik. Hasieratik argi izan zenuen bueltatzeko kapaz izango zinela. Oso mezu berezia zabaldu zenuen Twitterren bidez, bi hamarkada lehenago sufritutakoa gogoraraziz, baina batez ere etorkizunari baikortasunez begiratzeko. Bai, bi argazki agertzen ziren. Lehenengoan hamar urte dauzkat. Kimioterapia amaitu genuenean, familiakook bidaiatxo bat egin genuen eta Bartzelonan geundenez eta ni Bartzelonaren jarraitzailea nintzenez, Camp Nou bisitatzera joan ginen. Pasa den uztailean, ebakuntza egin zidatenean, gurasoak, koinata, ahizpa... bisitatzera etorri ziren eta argazki horretaz akordatu ginen. Eta errepikatzea erabaki genuen, hainbeste maite dudan txapel berberarekin. Oso une desberdinak ziren, baina nolabaiteko lotura ikusi nien. Minbiziarenak bezala, prozesu honek ere amaiera zoriontsua izan du. Eta are zoriontsuagoa izan daiteke. Jokatzeaz gain, tituluekin gozatzeko aukera izan dezakezu hemendik gutxira. Egia da taldeak lehenengo buelta oso ona egin duela; hor daude zenbakiak. Baina atzetik datozen taldeak... Bost puntu ez dira asko. Partida txar bat eginez gero, berriro dauzkazu aurkariak gainean, eta oraindik Madrilen jokatu behar dugu, Lezaman... Zelai kanpotik guk barrutik baino errazago ikusten duzue. Itxaropena badut, nola ez, baina oraindik ere goiz da ezer ospatzen hasteko. Eta Munduko Txapelketarekin amets egiteko? Hori bai, gozatzeko aukera paregabea. Dudarik ez, sekulako ametsa litzateke. Baina urratsez urrats ibili behar dira bideak. Nire lehen helburua guztiz osatzea da. Fisiologikoki osatuta nagoela esan daiteke, baina oraindik minutuak behar ditut, lehiaketa, konfiantza, erritmoa... Horrekin batera, nire taldearekin, horrenbesteko konfiantza eskaini didan taldearekin, lan egin nahi dut, helburuak lortzen lagundu. Eta aldi berean gozatu. Sekulako ilusioa egiten dit horrelako jokalariekin batera jokatzeak. Eta noski, oraindik urrun dagoen arren, ez dizut gezurrik esango, Kanadan izatea... amets bat izango litzateke.