GARA Euskal Herriko egunkaria
Kronika | Cider Conference Chicagon

Hondar ale bat, sagardoaren duna erraldoien artean

AEBetan sagardogintzari buruzko ekitaldirik garrantzitsuenetakoa da Chicagon egin dena, Cider Conference. Bertako sagardogileak elkartzen dira urtero, sektoreari buruzko jakintzak trukatzeko. Aurten Zapiain sagardotegia gonbidatu dute bere lezioa ematera.


Asteartean hasi eta ostiralera arte iraun zuen Chicagoko Cider Conference topaketak, CiderCon izenez ezagunagoa. Bertan sagardogintzako sekretuak ezagutu ahal izan zituzten Ameriketako Estatu Batuetako ekoizleek. Aurten Estatu espainoleko bi sagardotegi gonbidatu dituzte; Asturiasko bat eta Astigarragako Zapiain. Ostiralean, Euskal Herrian 15.30 zirela, hitz egin genuen Egoitz Zapiain kalitate arduradunarekin; Chicagon 8.30ak ziren. «Ez gaude denbora galtzeko», esan zuen aurretik mezu elektroniko batean, bi ordu lehenago jada esna baitzegoen.

Asteazkenean hartu behar zuten hegazkina Egoitzek eta Mikel bere lehengusuak, baina denboralea zela-eta arazo bat izan zen eta zazpi orduko atzerapenarekin abiatu ziren Loiutik. Hala, Frankfurten hartu beharreko hegazkina galdu eta bertan eman behar izan zuten gaua. Egun bat beranduago iritsi ziren Chicagora, baina Zapiainentzat ez zen eragozpen handia ere izan, ostiralean topaketako itxierako hitzaldia eman behar baitzuen. Pozez zoratzen zegoen, baina urduri samar ere bai, 525 pertsonak izena emanda zutelako bere hitzaldia entzuteko.

«Gure produktua eta gure kultura erakustera etorri gara, baina asko ikasten ari gara. Konturatu gara hondar ale bat garela duna baten erdian; herri txiki bat, sagardogile txiki bat, sagardo mundu handi batean. Hemen mapa erraldoi bat dute; Estatu espainola Estatu Batuetako edozein estatu baino txikiagoa da», aipatu zuen hitzaldia eskaini aurretik.

Orduan, zertarako jo behar dute AEBek Euskal Herriko ekoizle batengana? «Ikasteko gogo izugarria dute, makineria ere oso ona dute eta lurrak zer esanik ez, baina sagarra falta zaie. Jateko sagarrekin ezin dute sagardorik egin», azaldu zuen sagardogileak. «Gure hitzaldirako izen ematea bigarren egunerako betea zen. Antolakuntzakoak pozez zoratzen daude, bakoitzak 30 dolar ordaindu baititu... atera kontuak! Gu ere pozik gaude, gonbidatu gaituztelako». Astigarragakoek hitzaldietara sarbidea dohainik dute eta, beraz, ahal duten guztietara joaten dira ahal bezainbat ikasteko. Baina beraiek ere badute zer irakatsi: «Pare bat pertsonari erakutsi diet zeri buruz hitz egingo dudan eta asko gustatu zaie. Ez naiz teknizismo askotan sartuko, sagardogile berriak baitira. 3-4 urte daramatzate sagardoa egin nahian», ziurtatu zuen Zapiaingo kalitate arduradunak.

Sagardoaren «frikiak»

AEBetako sagardoak ez du euskal sagardoarekin zerikusirik. Zapiainek azaldu bezala, «beraien sagardoa sagar bat likuadoran sartuta lor dezakegun zukuaren antzekoa da». Zuku horri bizitasun pixka bat emateko asmoz, beste fruitu batzuekin nahasten dute, adibidez, mizpira eta masustekin. Ostegunean sagardo dastatze-saio bat egin zuten; andere-mahatsarekin nahastutako bat probatzeko aukera izan zuten eta gustatu zitzaien. «Burua ireki behar da; hau beste mundu bat da. Ezinezkoa da hemen zurea bezalako sagardoa aurkituko duzula pentsatzea», aitortu zuen.

Baina estatubatuarrei ere euskal sagardoa desberdina eta berezia iruditzen zaie. Orain arte Zapiainek palet batzuk bidaltzen zizkien, baina bidaian ozpindu egiten zen eta beraiek zuten euskal sagardoa ez zitzaien gustatzen. Orain ikusi dute ez dela hala eta asko baloratzen dute. Zapiain sagardoa berezia dela esaten dute.

Hemengoaren eta hangoaren arteko beste desberdintasunik badago; batzuk botiletan edo upeletan gordetzen badute ere, gehienek latetan gordetzen dute sagardoa. «Guk ez dugu ohitura hori, baina pentsatuz gero, hori baino higienikoagorik ez dago. Guk mikrobiologikoki ez dugu hainbeste kontrolatzen, beraiek filtratu eta pasteurizatu egiten dute. Guk ez», azaldu zuen.

Topaketan atentzioa eman dion gauza bat sagardozaleak izan dira: «Friki asko daude. Euskal Herrian badago orain etxean garagardoa egiteko joera; bada, hemen sagardoarekin gertatzen da. Eta bereziki gustuko duten sagardoren bat izanez gero, horren kamiseta janzten dute. Atzo sagardotegi batek dastaketa egin zuen taberna batean eta han zeuden bere jarraitzaile guztiak. Bazirudien futbol partida bat zegoela. Oraindik ez dira 9.00ak eta kamisetak jantzita dituzten eta sagardoa edaten ari diren pertsona talde bat pasatzen ari da nire albotik», kontatu zuen.

CiderCon ostiralean amaitu zen, baina atzo arte gelditu ziren Astigarragakoak, Chicagon sagardogileek prestatutako bestelako ekintzetan parte hartzen.