GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Whatsappak liburuetan bildu nahi?


Whatsapp-en bidez izandako elkarrizketak liburu bilakatzen dituen programa berri bat dago. Tiny Books du izena eta gazte katalan baten ideia da. Egileak azaldu du taberna batean zegoela ondoko mahaian gizon batek telefono mezuak koaderno batean idazten zituela ikustean bururatu zitzaiola aplikazioa sortzea.

Antza denez, Gabonetatik dago kalean, eta dagoeneko 700 ale inguru saldu dituzte. Diotenez, 30 urtetik beherako bikoteak dira erabiltzaile nagusiak, baina Whatsappeko taldeen eskaera ugari ere jaso dute eta, San Balentin gertu izanik, lana handitzea espero dute.

Jasotako eskaeren artean, bitxi askoak ere badituzte. Izan ere, bere semea jaiotzen ikusterik izan ez zuen gizon baten eskaera izan zuten. Ez zioten utzi erditzeko gelan egoten eta amarekin hain une berezian Whatsappean izandako elkarrizketa liburu bihurtu nahi izan zuen. Zaila da ulertzea erditzeko unean norbait whatsappak bidaltzeko tenorean egon daitekeenik. Ez dute argitu jaiotzaren berri emotikono eskaintza zabala erabiliz eman zuen, edo emotikono bera errepikatzen zuen, ezta liburuetan bidalitako guztia jasotzen duten.

Ziur naiz aplikazioak etorkizun handia izango duela, eta seguru asko irakurtzeko moduko liburu asko emango du onerako zein txarrerako. Pentsatzen dut hain modu errazean liburu bihur daitekeen elkarrizketa bat (posta elektroniko batera bidaltzea nahikoa da) arrisku bat izango ez ote den, askotan hain arin bidaltzen ditugun hitz horiek jasoko baditu.

Whatsappi ikusten diodan beste arazo bat datorkit burura; hitzak bidaltzen ditugu, baina irakurleak ipintzen die aurpegia eta ez beti errealitatearekin bat. Txaloak, musuak eta keinu goxoak ugaltzen diren komunikazio leiho horretan, hausnarketa serioak haserre egotearekin nahasten dira, maiz. Gauzak dauden moduan, mezua bidali aurretik jakin beharko liburua idazten ari garen, eta badaezpada musuaren ikonoa jarri beharko beti.