GARA Euskal Herriko egunkaria

Aimar Karrika Zubiriko bertso saioan nagusitu, eta Lesakako finalaurrekorako txartela lortu du

Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren final laurdena puntuz paretsu joan zen, baina Karrika gailendu zen azkenean. Hala, martxoaren 8an Lesakan jokatuko den kanporaketara zuzenean sailkatu zen.


Aurreko saioetako itxurari eutsiz, Zubiriko Gautxori jatetxea beteta egon zen atzoko saioan. Kantuan sei bertsolari, eta puntuazioa ikusita parez pare aritu baziren ere, Aimar Karrikak lortu zuen marka onena, 246,5 punturekin.

Atzetik, Oskar Estanga (244), Saioa Alkaiza (238), Amaia Elizagoien (288), Sarai Robles (235,5) eta Joseba Beltza (223,5) geratu ziren. Bost hauek hurrengo saioetan ematen diren puntuazioen zain geratu beharko dute finalaurrekoetara sailkatzen diren jakiteko. Karrikak, ordea, martxoaren 8an Lesakan jokatuko den saiorako zuzeneko txartela lortu zuen atzoko emaitzarekin.

Sarai Robles izan zen saioko sorpresa nagusia, txapelketan parte hartzen duen lehen aldia baita. Hala, ahots gazteak izan ziren nagusi atzokoan, eta guztietan gazteenak, Amaia Elizagoienek, laugarren postua lortu zuen Saioa Alkaizarekin berdinduta.

Kartzela, umoretsu

Ofizioko lanetan zein bakarkakoetan ale politak entzun ziren. Kartzelakoa ere bide onetik joan zen; «jende guztia zuri begira duzu barrez» gaiarekin, umoreari bidea zabaldu baitzion.

Laugarren final laurdena larunbatean jokatuko da Lizarrako Gazteriaren etxean.