08 MAR. 2015 Euskal Herriaren memoria berpiztu dute Amaiurko gune historikoan Behin gaztelua eta ingurunea egokitzeko obrak bukaturik, Amaiurko gune historiko eta turistiko berritua inauguratu zen atzo. Ekitaldian, Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariak zorionak eman zizkien Amaiurko herritarrei eta Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoei egin duten lan izugarriarengatik. «Elkarlanaren eredu izan da geure herriaren historia berreskuratzeko egitasmo hau», nabarmendu zuen Amaiur «sinbolismoz betetako lekua» dela adierazi ondoren. GARA Udalbiltzak, Amaiurko herriak eta Baztango Udalak elkarrekin inauguratu zuten atzo Amaiurko gune historiko berritua. «Harritik herrira» goiburupean egindako ekitaldiak aurrerantzean gaztelua jende guztiarentzat irekita izango dela ospatzeko balio izan zuen. Prentsa ohar batean, azken bederatzi urteotan Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek eta Amaiurko bizilagunek egindako indusketa arkeologikoak azaldu zituen Udalbiltzak. Indusketa horiei esker, lur azpian gordeta zeuden aztarnak azaleratu dituzte: Erdi Aroko dorre eta harresiak, XVI. mendearen hasierako baluarteak eta ur biltegia, XVII. mendeko gotorlekuak... Halaber, Amaiurko gazteluaren sarbide eta plataforma berriak eraiki dituzte lanotan. Amaiurren egindako inaugurazio ekitaldian, Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariak zorionak eman zizkien Amaiurko herritarrei eta Aranzadiko boluntarioei egindako lan izugarriarengatik. «Elkarlanaren eredu izan da geure herriaren historia berreskuratzeko egitasmo hau», nabarmendu zuen. «Gazteluaren dimentsioak eta ezaugarriak ezezagunak zirela hasi zenituzten indusketa lanak. Eta urteek aurrera egin ahala, auzolanean egindako lanari esker, izugarria da hemen egindakoa eta lortutakoa», azpimarratu zuen Aizpuruak, «gaur egun zer garen ulertzeko» memoria historikoa berreskuratzea «ezinbestekoa» dela gaineratuz. Zentzu horretan, Euskal Herrian badirela «iraganaren eta orainaren lekuko diren mugarriak» ohartarazi zuen Aizpuruak, bereiziki bi aipatuz: Gernika eta Amaiur. «Sinbolismoz betetako lekuak dira. Historiaren gordailu. Eta nabarmendu beharrekoak. Eta lan hori bikain bete duzue», esan zuen. Gogorarazi zuenez, lehenbiziko urteetan Udalbidek lagundu zuen egitasmoa. Eta Udalbiltzako Garapen eta Kohesio Fondoak hartu zuen ostean txanda ekimenari laguntzen jarraitzeko. «Pirinioetan lan eta bizi» Udalbiltzako lehendakariak Fondoaren beste ekimen bat aipatu zuen, «Pirinioetan lan eta bizi» programa, emaitza positiboak ematen ari dena. «Egun indarrean dauden politika eta jarduera instituzionalek kolokan jartzen dute Euskal Herriko zona batzuen etorkizuna. Horri aurre egitea da gure eginkizuna. Euskal Herria herri bizi eta kohesionatua izatea nahi dugulako», aldarrikatu zuen tokiko eta mugaz gaindiko politikek berebiziko pisua dutela adierazi ondoren. Isaac Rekale eta Garbiñe Elizegi ere, hurrenez hurren Amaiur eta Baztango alkateak, izan ziren ekitaldian. Biek esker oneko hitzak izan zituzten bai herritarrentzat bai egitasmoa lagundu duten erakundeentzat. Atzokoa egun garrantzitsua zela nabarmendu zuten, egindako lanari esker gaztelua zabalik baita edonorentzat. «Euskal Herriko interesguneen ibilbidean kokatuko du Amaiurrek Baztan», adierazi zuten.