GARA Euskal Herriko egunkaria
HEMEROTEKA

Feminismo diskretu horiek


Abdullah II.a Saudi Arabiako erregea hil zenean, Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko buruak omenalditxo bat egin nahi izan zion. Haren irudia zuritzeko zerbait esan behar, eta «emakumeen eskubideen aldeko jarrera sendoa» zeukala nabarmendu zuen Lagardek. (...)

NDFko lehenbiziko emakumezko zuzendariaren hitzetatik bi ondorio atera litezke, zein baino zein kezkagarriagoak: edo Lagardek ohiz kanpoko sentsibilitatea dauka feminismo diskretuei antzemateko, edo emakumeen eskubideen kontzeptua maila zinikoenetaraino husten ari da esanahiz.

(...) 2014ko pertsona boteretsuenen Forbes zerrendan, %10 pasatxo dira emakumezkoak. Bederatzi estatutako buruak daude tartean, eta, denen artean, 10,2 bilioi euroren barne produktu gordina kudeatzen dute; guztien buru, Angela Merkel Alemaniako kantzilerra.

Baina boterea, emakume horiek erabiltzen duten moduan, izan liteke feminista? (...) Gaur egun, neoliberalismoaren eta krisi interesatuen garaiotan, instituzio erlijiosoek gizarte jokaerak eta politikak baldintzatzen dituztenetan, zein da irudika litekeen botere eredu feministena?

(...) Armada bat parekidea da emakumeak dauzkalako soldaduen artean? Armada bera izan al liteke feminista? Gertuago, Madrilen ere presentzia handia dute emakumezko politikariek, baina, legeei sinadura kenduz gero, nekez esan liteke feministak direnik. (...)

Zalantzan jartzekoa da, halaber, agintera heldutako emakume horiek lagungarri ote diren gainerakoak kolektiboki jabetzeko, edo ez ote diren, funtsean, euren ezaugarri indibidualei esker agintera heldutako salbuespenak, feminismo diskretu baten txapa jaka amerikarrean ipinita -hain diskretua da, ia sumatu ere ez baita egiten-; berez patriarkala den eliteak graziaz bere altzoan onartuak; eta, beraz, egitura horiek aldatu nahi dituen edozein ekintza kolektiboren aurkakoak.

Egia da geroz eta emakume gehiago daudela geroz eta gorago -baita geroz eta beherago ere-. Ondoriozta liteke parekidetasunerako joera handituz doala maila horietan, kopuruetan bederen. Baina aldaketa hori feministatzat jotzea aste honetako euri jasei begiratu eta Euskal Herrian daukagun klima tropikalaz poztea bezala da.