GARA Euskal Herriko egunkaria

ERRENTERIAN JENDEAK SINATU DU ITUNA, KALEAN, TXALOKA

ERRENTERIAN GAUZA BERRIA EGIN ZUTEN: KOLDO MITXELENA IKASTETXEKO PATIOA ADIN ETA EZAUGARRI GUZTIETAKO HERRITARREZ BETETA, AULKIETATIK ZUTITUTA TXALO GOGOZ JOTZEN ZUTELA, SINATU ZUTEN GOBERNU AKORDIOA ERRENTERIA IRABAZIZ TALDEAK ETA EH BILDUK, BAITA JENDEAK ERE, ITUNAREN BERMEA BERA DELAKO.


Kontent zeuden Koldo Mitxelenako patioan, parkean jostatzen ziren umeen eta paseatzen ari ziren lagunen ondoan elkartutako 300 bat errenteriarrak. Jakitun ziren, hurrengo lau urteetan alkate segituko duen Julen Mendozak erran bezala, aurrekaririk ez duen ekitaldi baten protagonista izaten ari zirela. «Ez da gure herriaren historia hurbilean, behintzat nik oroitzen dudala, bi indar politiko aurrerakoi ba-tzen dituen halako ekitaldirik izan», agertu zuen Mendozak.

Pozarren ez ezik, harro ere bazeuden, beren herrian historia egiteagatik. Sinatu zuten udal legegintzaldirako oinarrien akordioak garrantzi berezia duela azaldu zuen alkateak, «testuinguruagatik eta duen balio intangibleagatik». Kontestua, Errenteria Irabaziz taldeko Nagore Basurtok esplikatu zuen gisan, bizitzen ari garen krisi sistemikoa eta inflexio puntua dira, azken 37 urte hauetan ezagutu gabeko egoera.

«Halako egoerak tamainako erabakiak behar ditu –aldarrikatu zuen Mendozak–. Zalantzarik gabe, badira ezberdintzen gaituzten arrazoiak, baina gehiago eta indartsuagoak dira batzen gaituztenak. Bereziki herritarron eta herrien eskubideen defentsak batzen gaitu». Agertu zuenez, ardura politikoak eska-tzen zien adostasunetara iristea, «eraldaketa sozial eta politikoak ezin baitira bakarrik egin; bidelagunak behar dira».

Balio intangibleari dagokionez, jendeak ekitaldia bizitzeko moduak erakusten zuen bezala, akordioa ez dela Udala kudea-tzeko soilik azpimarratu zuen alkateak. Espazio sozial bat sor-tzeko bokazioarekin jaio da, epe luzeko ikuspegiarekin, eta bi proiektuen indarrean sinetsita.

Orain arte batu gabeak

Apustua izan zen patioa orain arte batu gabeko jendez bete-tzea. Jon Collar Errenteria Irabaziz-eko zerrendaburuak adierazi bezala, herritarrekin eta herritarrentzat izan zen ekitaldia... baita geroko ardoa eta pintxoak ere! Hunkigarria izan zen Collarrek eta Mendozak ituna sina-tzeko momentua, kalean, jendeak zutik eta txaloka inguratzen zituela. Harrotasunez altxatu zituzten biek dokumentuak. Gero besarkadak etorri ziren. Lan aunitz egin da honetara iristeko. «Bada garaia ezkerrak ukabil bat egiteko», adierazi zuen 89 urteko Antoniok, orain arte halakorik ikusi gabeko gerrako umeak.