GARA Euskal Herriko egunkaria

Garunaren zahartzeari buruzko hitzaldi sorta prestatu du Jakiundek aurten


2016. urtean zehar hainbat hitzaldi bilduko dituen mintegia jarri du martxan Jakiundek. “Garunaren zahartzea: erlojuaren kontrako lasterketa” zikloaren hastapeneko saioa izan zen atzo, Donostiako San Telmo museoan. Jose Marti Masso doktoreak zahartzaroan gertatzen diren aldaketa fisiko, psikiko, sozial eta kognitiboak aztertu zituen. Masso doktorea da abendura arte izango den hitzaldi sorta honen koordinatzailea, eta horregatik egokitu zitzaion honi hasiera ematea.

Hurrengo hitzaldia apirilaren 5ean izango da. Pablo Martinez-Lage neurologoa alzheimer gaitzaren prebentzioari buruz arituko da. Ekainaren 8an ere gai berbera landuko dute, baina horretan gaixotasunaren etapak aipatuko ditu Rafael Blesak.

Irailaren 6an izango da hurrengo zita. Parkinsona sendatzerik ba ote dagoen eztabaidatuko dute bertaratutakoek, Jose Obeso neurologoaren laguntzarekin. Bestalde, azaroaren 8an dementzia izango du hizpide A. Lopez de Muniain doktoreak.

Abenduaren 13koa izango da azken saioa eta bertan Ana de Arce eta Maria Teresa Martinez Zabaleta arituko dira, garuneko hodietako gaixotasunak prebenitzeko eta tratatzeko dauden aukeren berri emanez.

«Erronkei» erantzuteko

Hitzaldi sorta hau “Erronkak” programaren parte da eta XXI. mendeko gizarteak dituen erronka handien inguruan mintzatzeko balio dute. Jakiundek berak ohar baten bidez azaldutakoaren arabera, “Erronkak”-en xedea da aurrera begiratzea eta auzi hau mahai gainean jartzea: «Nola aurre egin belaunaldi berriei egokitu zaizkien erronkei, etorkizuneko gizarteen ongizatea eta bilakaera baldintzatuko baitituzte».

«Kalitatean oinarrituz eta bikaintasuna bilatuz, Jakiunde hausnarketa, analisi eta diagnostikorako aholkularitza-erakunde gisa osatu zen», esan zuen akademiak. Hala, arlo desberdinei buruz dauden kezkei erantzuna emateko bidean hainbat programa antolatzen dituzte urtero: aipatutako “Erronkak”, “Jakin-Mina”, “Topaketak” eta “Krisiak”, publiko orori zuzendutakoak.