03 FEB. 2016 Paperezko Kontzertuak eta Garoa Plazan zutabe dituela, komunitatearekin estuago lotzera dator Garoa Kultur Lab Amalur ARTOLA DONOSTIA Kulturari dagokionez, aurtengoa urte berezia dela esanez abiatu zuten Garoa Kultur Lab-en 2016ko programaren aurrerapenaren aurkezpena. «Batez ere Donostian baldin bazaude», gaineratu zuen Oier Arantzabalek. Aurten hiriak kultur arloan duen apustuaren barruan kokatu du bere burua Garoako lantaldeak ere eta, abiatu berri duten hirugarren ikasturtean, orain arteko programari eustea eta euren inguruan sortu den komunitatea sendotzea dute helburu. «Lehen urtea berezia izan zen lehena zelako, bigarrenean kontsolidazioa etorri zen eta hirugarrenean Garoaren inguruan sortu den komunitate kulturala gonbidatuko dugu bere ekarpena egitera», ziurtatu zuen Aranzabalek. Zentzu horretan, Imanol Agirre taldekideak nabarmendu zuen orain artean burutu dituzten ekimenetan beti izan dutela aintzat Garoara inguratzen den jendea eta haien proposamenez ere sortu direla hainbat ekimen. Bide hori elikatuz, urte osoan zehar gutun kutxa bat ezarriko dute liburu-dendan, «nahi duenak bere iradokizun, ekarpen, zorion, kritika eta mezuak bidal ditzan» eta, behin urtea amaituta, jaso diren oharren arabera osatuko dira Garoako 2017ko programa eta lan ildoa. Bi ildoko programa Oraindik aurtengo programaren zenbait alor zehazteke dauden arren, Donostia zein Zarauzko Garoa liburu-dendak proposamenez gainezka datoz. Iaz bezala, bi lan ildo nagusi ditu aurtengo programak: Paperezko Kontzertuak eta Garoa Plazan. Lehenean, McEnroe talde getxoztarrak kontzertu bana eskainiko du Donostian (otsailak 27, 20.00) eta Zarautzen (otsailak 28, 11.30), eta Izaki Gardenak Zarautzen izango da martxoaren 13an, 11.30ean. Literaturari estuago lotua dator Garoa Plazan. Gaur bertan, Danele Sarriugartek eta Harkaitz Canok David Foster Wallace hizpide hartuta solasaldia egingo dute (Garoa Donostia, 19.30), eta datozen hilabeteetan zehar, besteak beste, Gotzon Barandiaran, Gari Berasaluze, Lawrence Schimel, Amorante, Jose A. Perez Ledo, Manuel Astur, Alejandro Cao de Benos eta Cesar Rendueles pasatuko dira Donostiako kultur laborategitik. Aipatzekoak dira ere eremu honen barruan Martxelo Otamendik eta Gorka Landaburuk eskainiko duten “Gure herria: Gaur, atzo eta bihar?” eztabaida-saioa eta Goizalde Landabasoren “Babeserako koplak” poesia liburua abiapuntu hartuta Galder Perez eta Ane Zabalak eskainiko duten performancea. Informazio gehiago eta egitarau osoa: www.egaroa.com.