GAUR8

Tokiko zuhaitz eta zuhaixka floraren ondare genetikoa babesteko akordioa Araban

Arabako Diputazioak eta Euskadiko Hazien Sareak lankidetza hitzarmena sinatu dute, tokiko zuhaitz eta zuhaixka espezien ondare genetikoa babesteko. Fruta barietateen prospekzio etnobotanikoa hasierako urratsetako bat izango da.

Hazi ekologikoak, artxiboko irudian.
Hazi ekologikoak, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Arabako Foru Aldundiak lankidetza hitzarmen bat sinatu du Euskadiko Hazien Sarearekin, herrialdeko zuhaitz eta zuhaixka floraren ondare genetikoa babesteko.

Frutagintzarako interesa duten barietateak eta desagertzeko arriskuan dauden Arabako laborantza tradizionaleko beste espezie batzuk berreskuratzea da helburua.

Horretarako, tokiko fruta barietateen prospekzio etnobotanikoa egingo da Izki eta Valderejoko parke naturaletan, aurreratu du Foru Aldundiko Ingurumen Sailak ohar batean.

Akordioari esker, Apilaizen (Izki) eta Gorbeiako parke naturalean, Zaraten, gaztainondo mintegien jarraipena egingo dela zehaztu dute, landaketen aholkularitza emanez eta horren jarraipena eginez.

«Espezie ezberdinak aztertu, ezaugarriak jaso eta kontserbatzeaz gain, mintegiak edo baratzeak sortzea proposatzen da, zikloari buruzko kontrolak egiteko eta landaketa eta landare esperimentalen bidez zehaztu ahal izateko zein barietate diren gai ekoizpen komertzialerako», azaldu dute Diputaziotik.

Dibulgazioa eta laguntzak

Dibulgazio eta laguntza ekintzak ere aurreikusita daude, eremu ezberdinetan barietate egokienen landaketa bultzatzeko, «bai habitat lehengoratzeko eta kontserbatzeko landaketetan, bai ohiko nekazaritza ustiategietan, bai nekazaritza ekologikoko ustiategietan».

«Landatzeko egokiak diren espezieak berreskuratzeak fruta eta nekazaritza sektorearen produktibitatea areagotu dezake etorkizunean, baita labore berrien esperimentazioa edo beste batzuen berreskurapena ere», nabarmendu dute.