GAUR8

Ostiralean jokatuko da Donostian ‘Egunean Behin’-en finala

‘Egunean Behin’ euskarazko galdera jokoaren finala ostiralean egingo dute Miramonen, Kike Amonarrizek aurkeztuta. Lau urte beteta, milaka jarraitzaile dauka bertsio berriak dituen aplikazioak.

Irudian, 2019. urteko Azpeitiko finala.
Irudian, 2019. urteko Azpeitiko finala. (CodeSyntax)

Donostian izango da ‘Egunean Behin’ euskarazko galdera jokoaren zuzeneko finala, Euskadiko Parke Teknologikoen Donostia Campus, Miramongo eraikin nagusian.

Lau urte bete ditu euskarazko jokoak, eta 11. denboraldia osatzera doa, 65.000 parte hartzaile ingururekin. Ohar batean zehaztu dutenez, Eguneroko jokoa igandean amaitu zen, «baina denboraldiko sariak, Guuk telekomunikazio enpresak jarriak, zuzeneko aretoko final batean erabakiko dira, martxoaren 31n, ostiralarekin, 18.00etatik aurrera».

Kike Amonarrizek aurkeztuko du finala. Denboraldiko jokoan sailkatutako lehen 100 jokalariek tokia izango dute, baina hutsuneak betetzeko izen-emate orokorra irekia dago, labur.eus/finala31 helbidean.

Guuk denboraldiko babesleak eta CodeSyntax jokoaren enpresa egileak antolatu dute finala, SPRI erakundearen eta Euskadiko Parke Teknologikoen laguntzarekin, zehaztu dutenez.

2019. urteko abenduan final bat egin zen San Agustin aretoan, Azpeitian. Pandemiagatik ezarritako murrizketen ondorioz, ezin ziren hurrengo topaketak egin, «baina jokoak jarraitu zuen, denboraldiz denboraldi oporraldien artean, eguneroko 50.000 lagun ingururen leialtasunarekin».

Jokoaren beste bi bertsio

Bitartean, gogoratu dutenez, telebista bidezko zuzeneko lehiaketak ere izan dira (‘Biba Egunean Behin’ programa berezia, hiru aldiz).

Nabarmendu dutenez, «CodeSyntax-ek jokoaren beste bi bertsio ere garatu ditu: Galesezkoa, Cwis Bob Dydd, zeinak iazko urriaren eta aurtengo otsailaren artean 7.000 jokalari elkartu dituen, S4C bertako telebistaren enkarguz», eta «katalanezkoa, Un Cop Al Dia, irten berri da eta bere hirugarren astean dago, 2.500 eguneroko jokalarirekin».