Amaia Ereñaga
Gaur X urte

Gaur 42 urte hil zuen Triple A-k Paulo Garaialde Alegiako taxista

Isildutako eta ahaztutako hilketa bat badago, hura da Paulo Garaialderena (Orendain, 1922ko urtarrilaren 1a - Berastegi, 1982ko urtarrilaren 2a). Alegiako taxilari hau orain dela 42 urte hil zuen Triple A talde ultraeskuindarrak eta ordutik, hamarkada luze hauetan, hainbat ekimen bultzatu ditu bere familiak aitormena bilatzeko ahaleginetan. Ez zaie erraza suertatu tabuaren hesia apurtzea.

Paulo Garaialde, 1980eko Alderdi Egunean.
Paulo Garaialde, 1980eko Alderdi Egunean. (PAULO GARAIALDEREN FAMILIA)

1982. urteko urtarrilaren 2an, Alegiako taxien geralekuan telefonoak jo zuenean, Paulo Garaialde Jauregizabal taxilariak hartu zuen. Taxia martxan jarri eta orduan galdu zen bere arrastoa. Hurrengo goizean, Berastegin, Plazaolako trenbide zaharraren ertzean, Pauloren gorpua aurkitu zuten taxiaren barnean.

Ehizarako bi eskopeta tiro zituen aurpegian, distantzia laburrean eginak, eta kartutxoak alboan. Guardia Zibilaren txostenaren arabera, inoiz deklaraziorik hartu ez zieten bi gizonek topatu zuten. Desagertu zen egunean 60 urte bete berri zituen Garaialdek.

Erasoa Triple A talde ultraeskuindarrak hartu zuen bere gain eta bere ‘akatsa’ aitortu zuen biktima identifikatzerakoan, bere helburua Alegiako beste taxilari bat hiltzea baitzen.

Hamar urte lehenago, 1972ko irailaren 30ean, beste eraso bat pairatu zuen taxista honek, autoa bonba batez lehertu baitzioten. ETAk bere gain hartu zuen atentatu hura eta, gerora, urteak pasatuta, familiari modu pribatuan jakinarazi zioten eraso hura «hanka-sartze bat» izan zela. EAJ zalea zen Paulo Garaialde.

Esamesak, ugari; egia, baztertuta. Lehenengo atentatuak ezarritako estigma berpiztu egin zen; hau da, ETAk salataria zelako lehertu ziola autoa Paulo Garaialderi orduan. Eta hamar urte geroago, Garaialderen hilketaren inguruan muntatutako erreibindikazio nahasmenak lagunduta (ETAk ekainean ukatu zuen erasoaren egilea izatea), taxilaria ETAk hil zuelako ustea gailendu zen memoria kolektiboan.

Ikerketa polizial eta judizialak ere ez zuen hori aldatzen lagundu. Azkar itxi zuten ikerketa behin betiko.

Biktimen tratamendua aztertzerakoan, berea ez da kasu bereizgarri bat. Baina bai esanguratsua: Triple A, Batallon Vasco Español eta Grupos Armados Españoles taldeek egindako 74 ekintzetan, 66 hildako izan ziren. Haietatik 33 kasutan bakarrik ireki ziren diligentzia judizialak eta epai irmora 17 besterik ez ziren iritsi.

Familiak lan handia egin du denbora guzti honetan aitaren memoriaren alde. Iñaki Garaialde semeak horrela deskribitu zuen aita elkarrizketa batean: «Pertsona bat oso irekia, kontuetan eta berriketan aritzeko pertsona bat, abertzalea, jeltzalea, independentista. Oso elizkoia zen, fede handia zuen».

2012an Alegiako plazan plaka bat jarri zuten haren omenez, «urte luzetan itzalean izan dugun Pauloren oroitzapena azpimarratu» nahian, eta Lakua eta Egiari Zor fundazioaren eta Euskal Memoriaren txostenetan ere sartu zen Garaialde, biktima gisa. Estatuarengandik ere, aipatu bezala, jaso zuten biktima bezala dagokien dirua.