Aitor AGIRREZABAL
IRUÑEA
MEMORIA

Desitxuratutako memoria: 40 urte Triple A-k Paulo Garaialde hil zuenetik

Gaur betetzen dira 40 urte Triple A talde ultraeskuindarrak Paulo Garaialde Alegiako taxilaria hil zuenetik. Hamarkada luze hauetan senideek ez dute memoriarako eskubiderik izan eta kontakizuna bera desitxuratuta agertu nahi izan dute hainbat sektoretatik. Argia ematera dator familiak azken urteetan landu duen «Garaialde txostena».

Memoria, justizia eta erreparazioa dira edozein biktimak aldarrikatzen dituen oinarriak. Garaialde familia ez da salbuespena. Justizia aspaldi ukatu zieten eta erreparazioa, modu ekonomikoan bada ere, onartu zieten. Memoria, aldiz, ezabatu baino gehiago, kutsatu egin nahi izan da haien kasuan. Errelatoaren gudaren adibide nabarmena.

1982. urteko bigarren gaua zen. Alegiako taxien geralekuan telefonoak jo eta Paulo Garaialde Jauregizabal taxilariak hartu zuen. Anaia Pedrorekin eta koinata Joakinarekin zeukan elkarrizketa eten eta zerbitzua onartu zuen. Taxia martxan jarri eta orduan galdu zen bere arrastoa.

Goizean gizonezko baten gorpua aurkitu zuten Plazaolako trenbide zaharraren ertzean, Berastegin. Nafarroako mugatik gertu. Basozain batek taxiaren barruan aurkitu zuen haren gorpua eta ehizarako bi eskopeta tiro zituen aurpegian, distantzia laburrean eginak, eta kartutxoak alboan. Guardia Zibilaren txostenaren arabera, inoiz deklaraziorik hartu ez zieten bi gizonek topatu zuten. Lehen unetik beraz, hasten dira norabide ezberdineko kontaketak.

Gaur 40 urte betetzen dira taxilari gipuzkoarra erail zutenetik eta lau hamarkada luze hauetan ahalegin ugari egin dituzte senideek aitormen bila. Azkena, “Garaialde txostena”, Elixabete Garmendiak koordinatuta, 104 orrialdetan kasuaren xehetasunak plazaratzeko ahalegin berri bat.

Desagertu zen egunean 60 urte bete zituen Garaialdek. Hamar urte lehenago ere eraso bat pairatu zuen. Taxia bonba batez lehertu zioten. ETAk hartu zuen bere gain leherketa hura eta taxilaria «salataria» zela zabaldu zen. Gerora, urteak pasatuta, familiari modu pribatuan jakinarazi zioten eraso hura «hanka-sartze bat» izan zela.

1982ko erasoa, baina, Triple A talde ultraeskuindarrak hartu zuen bere gain eta bere «akatsa» aitortu zuen biktima identifikatzerakoan, bere helburua Alegiako beste taxilari bat hiltzea baitzen. Hala ere, hamarkada bat lehenagoko erasoa aitzakia hartuta, askok ETAri leporatu diote urte luzez hilketa. «Kartutxoak gorputzaren ondoan egotea… Hori esaten ari zitzaigun gauza pilo bat! Hil zuela ikaragarrizko inpunitatea zeukan norbaitek. Eta gainera, ondo zekiela inpunitate hori zeukala. Guk garbi geneukan ETAk ez zuela hil», dio Iñaki Garaialdek, Pauloren semeetako batek, arestian aipatutako txostenean.

Halere, esamesak ugari izan ziren atentatu haren inguruan. 1982an, 1972ko atentatuak ezarritako estigma berpiztu egin zen herrian eta inguruetan; hau da, ETAk salataria zelako lehertu ziola autoa Paulo Garaialderi orduan. Hamar urte geroago, Garaialderen hilketaren inguruan muntatutako erreibindikazio nahasmenak lagunduta (ETAk 1982ko ekainean ukatu zuen erasoaren egilea izatea), taxilaria ETAk hil zuelako ustea gailendu zen memoria kolektiboan. Eta hori nahita bilatutako zerbait izan zela iritzio dio familak.

Hilabeteko ikerketa poliziala eta 40 urteko etxeko lana

Ikerketa polizial eta judizialak ere ez zuen hori aldatzen lagundu. Tolosako epaitegiak hartu zuen kasua bere gain eta 1982ko otsailaren 2an, hau da, hilabete eskasera, kasua artxibatzeko agindua eman zuen Luis Blanquez Perez epaileak. Helegiteak izan baziren ere, ez zen asko luzatu eta azkar itxi zuten ikerketa behin betiko.

Lau hamarkada hauetan Estatu espainolak ez duela kasua behar bezala ikertu salatzen dute senideek. Baita «herritarren sektore zabal» baten aldetik estigma faltsu bat pairatu behar izan dutela ere. Orain, «aitormenaren bila emandako pausoak sendotu eta memoria kolektiboan haren figura izan zen bezala azaldu eta gordetzea» dute jomuga. Eta bide horretan osatu dute “Garaialde txostena”, kasuari argia emanez aipatutako 104 orrialdeetan. Pentsa, Guardia Zibilaren txostena 15 orrialderekin itxi zuten.

Ikerketa bera ez zen oso zorrotza izan. Hasieratik, gainera. Senideek harategian jakin zuten Paulo Garaialderen taxia agertu zela. Bizilagun baten bidez, zeinek irratian izan zuen horren berri. Urtarrilaren 4an izan zen hori. Tolosako Guardia Zibilaren kuartelera deitu eta baietz, Urkizuko bidean zegoela autoa. Bertan utzita. Joateko eta hartzeko agindu zieten. Ez dirudi ohiko prozedura.

Diligentzietan bildu zutenez, hori dela-eta ezin izan zen gerora ibilgailuan hartutako aztarnetatik ondoriorik atera. «Nire konklusioa da aitaren hilketa ez ikertzea dagoeneko erabakita zeukatela. Eta kotxean azaldu zitezkeen hatz marka eta aztarna horiek inondik inora ez zituztela ikertu nahi. Orduan, familiari agindu zioten kotxea Urkizutik erretiratzeko, horrela hatz marka gehiagorekin kutsatu zedin ibilgailua. Kotxea osaba Marianok eta nik bakarrik ukitu genuen. Gauza da, hori nahikoa ez, eta guardia zibilek ikaragarrizko gezur bat asmatu zutela». Polizia txostenak dioenaren arabera, Marianok, Pauloren anaiak, kotxea hartu eta taxi zerbitzu bat egin zuen. Garaialde familiak ukatu egiten du hori.

Biktimen tratamendua aztertzerakoan, Garaialderena ez da kasu bereizgarri bat. Baina bai esanguratsua: Triple A, Batallón Vasco Español eta Grupos Armados Españoles taldeek egindako 74 ekintzetan, 66 hildako izan ziren. Haietatik 33 kasutan bakarrik ireki ziren diligentzia judizialak eta epai irmora 17 besterik ez ziren iritsi.

Memoria ariketa

Hamarkada luze hauetan hainbat ekimen bultzatu ditu familiak. Aitormena bilatzeko idatziak, prentsa artikuluak… Baina bide laburra zuten guztiek. 2012an Alegiako plazan plaka bat ere jarri zuten haren omenez, «urte luzetan itzalean izan dugun Pauloren oroitzapena azpimarratu» nahian, eta Lakua eta Egiari Zor fundazioaren eta Euskal Memoriaren txostenetan ere sartu zen Garaialde, biktima gisa. Estatuarengandik ere, aipatu bezala, jaso zuten biktima bezala dagokien dirua.

Memoria ariketa hau, baina, 2018ko eguberrietan berpiztu zen. Iñaki Garaialdek tabuaren hesia bota eta idatzi bat egin zuen lagunarteko whatsapp talde batean. Erantzunetan jaso zuen errelatoa eta memoria lantzeko beharra, herritarrekin konpartitzeko, eta bai ausartu ere. Txostena da mezu haren emaitza, 40 urte igaro eta gero memoria osatu nahian egindako lana.