Jose Angel Oria
GIZA ESKUBIDEAK

Estatu frantsesaren egun handian sarituko dute Parisko agintariek Marokoko torturatzaileen burua

A. Lamtalsi, M. Naim eta N. Asfari torturatu egin zituzten Marokon eta gertatu zitzaiena frantses Estatuan salatu zuten. Epaile batek Marokoko zerbitzu sekretuen burua deklaratzera deitu zuen. Orain Parisek saritu egingo du torturatzailea, bi estatuen artean etendako harremanak berreskuratu nahian.

Frantses eta marokoar estatuak berradiskidetze prozesuan urratsak egiten ari dira, urtebeteko harreman etendurari amaiera eman nahian. Prozesuaren puntu gorena uztailaren 14an iritsiko da, Estatu frantseseko festa nazionalaren egunean, Abdellatif Hammouchi Marokoko DGST Direction Generale de la Surveillance du Territoire (“Lurraldea Zaintzeko Zuzendaritza Nagusia” izeneko zerbitzu sekretuak) erakundeko buruari Ohorezko Legioaren Ofizialaren Domina ematen diotenean (dagoeneko jasoa du Zaldunaren Domina, bestea baino apalagoa).

Parisek torturatzaile bat sarituko du Marokorekin dituen harremanei eusteko, bere ustezko printzipio horietako batzuk, teorian inoiz ukitu ezin diren horiek, hankaz gora botata. Baina eskandalu horrek ez du gaia agortzen. Iazko otsailetik hona bi estatuen arteko harremanetan izan diren gorabeherak aztertzea oso baliagarria izan daiteke Parisko zein Rabateko agintarien benetako izaera hobeto ulertzeko. Horretan saiatuko gara orrialdeotan.

«Gerra hotza» hasi zen eguna

Bi estatuen arteko “gerra hotza” Marokon bertan hasi zen, marokoar jatorriko bi frantses DGST erakundeak torturatu zituenean. Gauza bera egin zuen emakume frantses batekin ezkondutako saharar batekin. Zerbitzu sekretuek beti egin izan dutena besterik ez zieten egin aipatu pertsona horiei: nahi adina egurtu eta torturatu, inolako frogarik gabe kartzelatu aurretik. Baina kasu horietan torturatuek salaketa aurkeztu zuten frantses Estatuan, eta, Europako herrialdean, gainera, salaketok epaile zintzo baten mahaira iritsi ziren. Hor hasi ziren ez Parisek ez Rabatek nahi ez zituzten azaroak.

Abdellatif Hammouchi Marokok Parisen duen enbaxadan zegoela, 2014ko otsailaren 20an, epaileak bidalitako zazpi agente bertaratu ziren, zerbitzu sekretuen buruari galdeketa egin behar zitzaiola esanez. Epailearengana eraman nahi zuten, baina marokoarrak ezezkoari eutsi zion eta azkenean ihes egin zuen, espainiar Estatuko mugatik barrena, aireportu frantsesetatik ez pasatzeagatik. Hammouchi bederatzi hilabete geroago itzuliko zen Estatu espainolera, Barne Ministerioak emandako sari bat jasotzera, baina Estatu frantsesera ezertarako azaldu gabe.

Epaileak torturatzaileen «konplize» izatea leporatzen zion DGST erakundeko buruari. Hori gehiegi zen Rabateko agintarientzat. Kontuan hartu behar da Marokoko erregimenak oso ondo tratatu izan dituela beti frantses agintariak; «alfonbra gorria jartzen zitzaien», diote Afrikako herrialdeko diplomazialariek. «Beraientzat zoritxarreko gorabehera bat besterik ez zena, Marokon irain moduan bizi genuen», erantsi dute.

Zoritxarreko gorabehera krisi diplomatiko bihurtu zen sei egun geroago, otsailaren 26an. Justiziaren arloan ordura arte bi herrialdeek indarrean zuten elkarlan akordioa bertan behera uztea erabaki zuen Rabatek. Aipatu akordioa 1981ean jarri zen martxan eta milioika lagunen bizitzan zuen eragina. Kontuan hartu frantses Estatuan milioi eta erdi marokoar inguru bizi direla, eta 100.000 frantses baino gehiago Marokon.

Mohamed VI.aren erregimenak aukera guztiak baliatu zituen Parisi bere haserrea adierazteko. Egoera, gainera, are gehiago gaiztotuko zen handik aste batzuetara, Parisko Roissy-Charles-de-Gaulle aireportuan Salahedine Mezouar Marokoko Atzerri ministroari «miaketa iraingarria» egin ziotenean.

“Gerra hotza” larriagotzen ari zen eta terrorismo jihadistaren aurkako borroka ahultzen, Marokoren esku hartzea oso garrantzitsua baita jihadismoari aurre egiteko garaian. Aldi berean, Europako hegoaldeko mugaren zaintzan ere ezinbestekoa da marokoarren laguntza, Europar Batasuneko egungo agintarien arabera.

Epaileen independentzia

Ez da harritzekoa François Hollande presidenteak “gerra hotzari” amaiera eman nahi izana. Hedabideek eskainitako datuen arabera, behin baino gehiagotan deitu zion Marokoko erregeari berari Hammouchiren inguruko egoeran ezer egiterik ez zeukala konbentzitu nahian, frantses Estatuan botere judiziala independentea dela errepikatuz… Alfer-alferrik, ordea.

Montesquieuren botere bereizketaren teoria klasikoaren arabera, botere legegilea, betearazlea eta judiziala bereizteak hiritarren askatasuna ziurtatzen du. Norbanakoaren askatasuna eta herritarrek agintariak hauteskundeen bidez aukeratu ahal izatea dira demokraziaren ezaugarri nagusiak, eta, Maroko teorian demokrazia bat bada ere, erregeak badaki bera gauza horien gainetik dagoela, herritarrek edonor aukeratuta ere, berak jarraituko duela Marokoko benetako agintean, eta berari aurre egitea baino gauza okerragorik ez dagoela bere erreinuan.

Erregea nahi duena egiten ohituta dago Marokon, eta, ume kapritxosoenek bezala, gustatzen ez zaion zerbait egiten dioten bakoitzean neurririk gabeko erreakzioak izaten ditu. Kasu honetan, bere errege posizioa bera hankaz gora botatzeko gaitasuna duen goi agintari bat zegoen arriskuan, eta, ondorioei gehiegi erreparatu gabe, erabaki zuen justiziaren arloko bi herrien arteko elkarlana bertan behera uztea.

Probokazioak, gaizki ulertzeak... eta herritarrek jasan beharreko kalteak (dibortzioak, ezkontzak, herentziak… ezin bideratu). Testuinguru horretan joan zen Manuel Valls lehen ministro frantsesa Parlamentura, bi estatuen arteko laguntasuna apartekoa dela nabarmentzeko. Baina hori ere ez zen nahikoa izan erregearentzat. Pariseko astekari satiriko baten aurkako atentatuaren ondorengo nazioarteko agintarien manifestaziora (aurtengo urtarrilaren 11n) ez zuen inor bidali Rabatek, kontinente guztietako 50 herrialde baino gehiagoko agintariak bertaratu baziren ere. Gauzak gaizki zeudela adierazten zuen beste seinale kezkagarri bat.

Azkenean gauzak bere onera etorri dira ordea. Begirale batzuek diote jihadistak Afrikako zenbait puntutan indartu izanak eragin duela jarrera aldaketa. Beste batzuek nabarmentzen dute Parisek Rabatek exijitutako berme guztiak emateko konpromisoa hartu duela, nahiz eta sinatu diren dokumentuetan horrelakorik ageri ez den.

Biktimak beldurtu

Badirudi marokoar agintariek ez dutela frantses justizia administrazioren ekimenen beldurrik izan behar, edozein krimen eginda ere. Tankerako zerbait lortzen dute AEBek beren tropak hedatuta dauden herrialdeetan.

Hammouchi salatu zuen ACAT Tortura Ezabatzeko Kristauen Elkartea ere Rabaten jomugan dago. Talde horrek jakinarazi zion epaileari iazko otsailean DGSTko burua Parisen zela, “gerra hotzari” hasiera emateko. Hiru pertsonen tortura salaketak aztertu ondoren, ACATek bat egin zuen torturatuekin. Aurten, urtarrilaren 23an, François Picart elkarteko presidenteari Rabateko epaileengana joateko exijitzen zion zitazio bat iritsi zitzaion. «Gu auzitegira deituta, Marokok torturen biktima guztiak beldurtu nahi ditu», adierazi du Helene Legeay eledunak. «Frantzian lanean aritzen den elkarte bat egurtuta, honako mezua helarazi nahi diete biktimei: gauza bera gertatuko zaizue protesta egitera ausartzen bazarete».

Auzitegi frantses bat, torturak salatu zituen boxeolariaren aurka

MAP Marokoko berri agentzia ofizialak jakinarazi duenez, frantses Estatuko auzitegi batek Zakaria Moumni boxeolariari Rabateko Gobernua difamatu izana leporatu dio eta hilaren 20an joan beharko du deklaratzera. Moumni hainbat telebista katetan agertu izan da azken bolada honetan, bere kasua esplikatzen, hau da, 2010ean Marokon nola torturatu zuten azaltzen. Agintariek gertatzen ari zenaren berri bazutela dio 1999an kickboxingeko munduko txapelduna izan zen kirolariak. «Ahoz edo idatziz, pertsona baten fama eta ospea zalantzatan jartzea» da difamazioa, hiztegiaren arabera.

Kickboxingean nazioartean lortutako sariak direla-eta, Marokon bertan nolabaiteko aitortza jasotzea nahi zuen Moumnik, maila bereko beste kirolariekin gertatzen den moduan (lanpostua edo bestelako abantailaren bat ere eman izan zaie). 2009an egin zuen eskaria lehen aldiz. Baina onura lortu beharrean, kaltea iritsi zitzaion: 2010eko irailean Rabateko aireportura iritsi zenean atxilotu egin zuten, iruzurra egin izana egotzita. Lau egunez torturatu zuten Temarako zentroan. Gero, erabat faltsututako epaiketa batean, kartzela zigorra ezarri zioten. 18 hilabete espetxean egin eta gero, erregeak indultatu egin zuen 2012an. Txapeldunak bi gauza zituen buruan aske geratzean: bere bizitza berreskuratzea, alde batetik, eta torturatzaileak zigortzea, bestetik.

Wikipedia entziklopedian Moumniri buruzko bi artikulu argitaratu dira, ingelesez eta frantsesez. Frantsesezkoak boxeolariak jasandako torturen berri zehatza ematen du. Ingelesezkoak, berriz, gogora ekartzen du nazioarteko makina bat elkartek eta AEBetako Estatu Departamentuak berak ere sinesgarritasuna aitortu izan dietela Marokoren aurkako tortura salaketei. Testu horrek gogorarazten du ere CIAkoen «terrorismoaren aurkako borrokan» atxilotutako pertsonak Marokora eraman izan dituztela, bertan tortura ditzaten.