Herriko kirolariek telebistako izarrak ordezkatu dituzte kromo albumetan
Telebistan ikusi ohi ditugun kirol izarrak alde batera utzi eta norbere taldeko jokalariekin osatutako kromo albumak argitaratu dituzte hainbat kirol taldek azken urteetan. Herriko jokalariak bilakatu dituzte izar, norbera da izar. Umeen ilusioa da ekimenaren sustatzaileen aitzakia, baina onartu dute gurasoena handiagoa dela.

Urte luzeetako ohitura da gurean telebistako izarrak protagonista diren kromo albumak osatzearena. Futbolariak izan ohi dira hauen protagonistak gehienetan, baina paradigma aldaketa bat eman da azken urteetan gure inguruan Galiziako Cromogal enpresaren ideia bat medio. Jokalari profesionalak beharrean, herriko kirol taldeko kideak dira orain kromoetan agertzen direnak, heldu zein ume, emakume zein gizon.
Aipatu bezala, Galiziatik dator ekimena. Cromogal enpresako zuzendarien burutazioa izan zen orain lauzpabost urte inguru, eta bertoko mugak gainditu eta Euskal Herriraino iritsi da ekimena. Manuel Portela da enpresako komertziala eta bikain azaltzen ditu ideiaren jatorria eta hedapenaren arrazoi nagusiak.
Galiziako kirol klubei hasi ziren kromoen albuma ateratzeko eskaintza egiten, baina, izan zuten harrera medio, «zabaltzen joan ginen uretan erortzen den harri bat bezala». «Asturias aldera zabaldu ginen lehendabizi, Kantabriara gero, Hego Euskal Herrira iritsi arte. Egun, Estatu espainiar osora zabaldu dugu eskaintza», azaldu du.
Baina, lortu duten hedapena ez da goizetik gauera erdiesten den zerbait. Onartu du Portelak lan asko egin behar izan dutela egun duten oihartzuna izateko. Hasieran, herriz herri ibiltzen ziren, euren eskaintzaren berri ematen. Modu horretan konbentzitzen zituzten kirol talde ezberdinak euren jokalariak protagonista izango ziren kromo albumak ateratzeko. «Kirolaren mundua oso txikia da, ordea, denok ezagutzen dugu elkar. Kirol talde ezberdinen arteko harremanak medio, erraza suertatu zaigu bidea egitea», nabarmendu du.
Eskaintza, berez, umeei zuzenduta dagoela argitu du Cromogaleko komertzialak, nahiz eta onartu, «askotan», gurasoak izaten direla bilduma osatzen amaitzen dutenak. «Umeak, eurak agertzen diren kromoa lortzen dutenean, geratu egiten dira. Gurasoak dira albuma gehiago baloratu eta etorkizunari begira oroigarri gisa ikusten dutenak», azaldu du. Hala, gaineratu du sarri ikusten direla gurasoak taldeen entrenamendu edo partiduetan kromoak aldatzen.
Ume eta gurasoen artean sortzen duen ilusioaz gain, badu beste erakargarritasunik ere ekimenak Cromogal enpresako komertzialaren arabera. «Klubari bizitza ematen dio, kluba herriratzeko modu bat da. Gainera, kromoak aldatzeko aitzakiarekin, kafe edo garagardo baten bueltan gelditu ohi dira gurasoak. Bizitza soziala gero eta mugatuagoa dagoen garaiotan, modu polita izan daiteke elkartu eta denbora elkarrekin pasatzeko», nabarmendu du.
Bada, kirol talde bat baino gehiago batu da ekimenera azken lauzpabost urteotan. Gehienak futbol taldeak izan arren, bestelako kirol talderik ere animatu da ekimenera, Ordizia Rugby Elkartea kasu. Futbol munduari begira jartzen bagara, besteak beste, Azpeitiko Lagun Onak Futbol Taldea edo Abadiño Kirol Elkartea aurki genitzake.
Ez da negozio kontua
Pentsa liteke, bizi dugun krisi ekonomikoak kirol afizionatuan duen eragina jakinda, urteroko aurrekontuan txertatzeko diru kopuru gehigarri bat lortzeko helburuarekin egindako ekimena dela nor bere klubeko jokalariekin osatutako kromo albuma osatzearena, baina ez. Argi adierazi dute hori ekimenera gehitzea erabaki duten klubetako ordezkariek.
Ordizia Rugby Elkarteak, Azpeitiko Lagun Onak taldeak eta Abadiño Kirol Elkarteak gauza bat dute komunean: Cromogal enpresako ordezkari bat heldu zela herrira ekimenaren berri aurrez aurre emateko. Hala, proposamen «bitxi, landu eta serio» baten aurrean zeudela ohartu ziren Ordizia Rugby Elkarteko kideak, eta, «jende artean harrera ona» izan zezakeela pentsatuta, aurrera egitea erabaki zuten.

Guztira banakako 228 kromo atera dituzte ordiziarrek, eta bertan daude klubeko jokalariak, entrenatzaileak, delegatuak eta baita zuzendaritzako kideak ere. Urtarriletik ari dira kromoak saltzen, eta kalean mugimendu dezente nabaritzen dela adierazi du Ane Irastorza klubeko kideak. «Errepikatutako kromoak trukatzen ari da jendea lantoki eta ikastetxetan!», esan du. Kromoak zenbakitu gabe daudela azaldu du, «pertsonak euren izenekin lotzeko eta ezagutzeko. Kluba txikia da, eta, ingurukoei zuzenduta dagoenez, positiboa iruditzen zaigu».
Klubaren aldetik balorazio «oso ona» egiten duten arren, ez du uste urtero egiteko gauza bat denik. «Baina urte batzuk barru zergatik ez. Jende berri asko egongo da klubean eta bildumarako album bat gehiago izango litzateke», azpimarratu du.
Etorkizunerako oroigarri
Antzeko iritzia azaldu du Rikardo Amubieta Lagun Onak taldeko zuzendaritzako kideak ere. Hauek ere Cromogal enpresako kide baten bisita izan zuten Azpeitian. «Dena beraiek egiten dutela azaldu zigun: jokalariei argazkiak atera, albumak bidali, kromoak egin...», gogoratu du. Klub bezala gasturik izango ez zutela-eta, aurrera egitea erabaki zuten.
«Hasiera-hasieratik gustatu zitzaigun proposamena», dio Amubietak. Azaldu du negozioa egiteko proposamen gisa saldu zietela kontua, baina, gaineratu du, hasieratik ikusi zutela ez zutela diru asko irabaziko ekimenarekin. «Bizitza osorako geratzen den oroigarri bat bezala hartu genuen guk», nabarmendu du. «Orduan, erabakia hartu eta argazkiak ateratzen hasi ginen. Eromena izan zen hura; guretzat lana, eta, umeentzat, aldiz, ilusio izugarria. Igande goiz batean 1.500 argazki atera genituen!», azaldu du.
Pasa den abenduan egin zuten aurkezpena Sanagustin kulturgunean. «Jende askok erosi zituen kromoak egun hartan», dio Lagun Onak taldeko zuzendaritzako kideak. «Saltsa ederra sortu zen. ‘Beituiok, hi haiz hau’ bezalako esaldiak entzuten ziren», gaineratu du. Abenduan eta urtarrilean ekimenak indar handia hartu zuela dioen arren, azkenaldian behera egiten ari dela onartu du. «Guk pentsatzen genuena egia bihurtu da: umeak euren burua bilatzen hasten dira, baino, gero, gurasoak dira benetan albuma amaitzen ari direnak», onartu du.
Zentzu horretan, hamabost egunean behin jartzen dituzte hitzorduak Lagun Onak taldeko umeen gurasoek futbol zelaiaren inguruetan. Amubietak dio ume «gutxi» ikusten dela kromoak aldatzen. «Falta zaizkien kromoak Internetetik eskatzera ohituta daude gaur egungo umeak, eta guk ez dugu Internet bidez kromoak erosteko aukerarik eman», adierazi du.
Amubieta, zuzendaritzako kide izateaz gain, guraso ere bada. Hala, gurasoek albuma amaitzeko duten irrika ere azaldu digu. «Gure helburua da albuma amaitu eta oroigarri bat izatea, hemendik urte batzuetara bata noraino iritsi den edo besteak futbola utzi eta parrandara nola dedikatzen den ikusteko!», nabarmendu du.
Guztira 525 kromo atera ditu Lagun Onak taldeak, eta, orain, kromoez gain, posterrak ere eskaintzen hasiko dira azpeitiarrak. «Ume askok nahi dute izan euren posterra, eta badakigu Gabonetan asko izan direla euren seme-alabei posterra oparitu dieten gurasoak», azaldu du.
Ekimena arrakastatsua izanagatik, Amubietak ere onartu du euren jokalariekin osatutako kromo albuma ateratzearena ez dela urtero errepikatuko duten kontu bat. «Gure jokalarien ehuneko handi batek gurekin jarraituko du datozen urteetan, beraz, albuma ez litzateke asko aldatuko urte batetik bestera», onartu du. Ekonomikoki ere «berebizikoa» ez denez klubarentzat, urte batzuk igaro beharko dira Lagun Onak taldeak ekimena errepikatu bitarte. Hala ere, «oso positiboa» da egiten duten balorazioa. «Ilusio handia eragin du jokalarien artean. Hori bai, lan asko egin behar izan dugu», azpimarratu du Amubietak.
Abadiñoko futbol taldeko kideek ere argi dute: ez da urtero egiteko kontua. Hala dio, behintzat, Adrian Irazola klubeko kirol zuzendariak. Urtero eginez gero, umeek ilusioa galduko luketela uste du, eta, ondorioz, datorren denboraldiari begira esperientzia errepikatzeko asmorik ez dutela aurreratu du.
Oporraldia amaitu eta iraila hasieran ekin zioten iniziatiba martxan jartzeari Abadiñon. «Kromoen kontuarekin aurrera egin ala ez erabakitzeko orduan, ikusi genuen ez zigula lan karga handiegirik suposatzen. Beraiek dira dena egiten dutenak, guk kromoak salmenta puntuetara eraman besterik ez dugu egin behar izan», adierazi du.
Abadiñoko futbol klubak 11 talde ditu, eta 350 argazki atera dituzte guztira. Pakete bakoitzak sei kromo ditu barruan, eta euro baten truke ari dira saltzen. Lan karga astunegirik ez, baina diru etekin handiegirik ere ez dute ekimenera gehitzen diren taldeek. Abadiñoko kirol zuzendariak azaldu duenez, kromoen salmentarekin lortutako diruaren %10arekin soilik geratzen dira. Horregatik, diruagatik baino, umeen ilusioagatik egiten dutela azpimarratu du. «Ume bakoitzak bere kromoa izatea nahi du, profesionalekin egiten denaren antzeko zerbait delako», esan du.
Ekimenak izan duen harrera medio, dagoeneko jendea bilduma amaitzen hasia dela azaldu du Irazolak. Hori bai, printzipioz, denboraldia amaitu arte kromoak saltzen jarraitzeko asmoa dutela aurreratu du.

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»
