Mikel Ibargoien
infraganti

AINARA ELBUSTO

Ainara Elbusto da fixed modalitateko mundu mailako egungo espezialistarik onena. Txirrindulari nafarrak iragan urtean hartu zuen parte estreinakoz Reed Hook Crit txapelketan –ezustean–, eta dagoeneko bigarren aldiz jarraian irabazi du bertako sailkapen orokorra. Munduko hamaika txokotako aurkariak gainditu ditu.

Facebook bidez jaso nuen Bartzelonako Reed Hook Crit txapelketan parte hartzeko gonbidapena. Orduan ez nuen txapelketa ezagutzen, ez nekien nola funtzionatzen zuen, erabat berria eta ezezaguna zen niretzat. Dena den, nire entrenatzaileari komentatu nion eta hark nire ezaugarrietarako egokia izan zitekeela iritzita probatzea erabaki genuen», kontatzen du Ainara Elbustok. Argi dago erabaki harekin bete-betean asmatu zutela, izan ere, lehen egunetik maila ikaragarria eman du Elbustok. Debutean bertan garaipena lortu zuen Bartzelonan, denak zur eta lur utzita: «Hasierako ideia egun hartan bakarrik korritzea zen, baina irabazi egin nuen, gustatu egin zitzaidan, eta, ondorioz, jarraitzea erabaki nuen». Milanen izan zuen bigarren hitzordua eta Italian ere berak jaso zituen besoak. Hala, sailkapen orokorrean nagusitu zen Ameriketako Estatu Batuetan jokaturiko lehen lasterketan izan ez zen arren.

Aurtengo denboraldia aurrekoa amaitu bezalaxe hasi zuen, garaipen batekin, alegia. New Yorkeko Brooklyn barruti ezagunean izan zen lehen hitzordua, fixed modalitateak indar gehien duen lekuetako batean, hain zuzen. Bigarren zita Londresen izan zuen, eta han ere Elbusto izan zen azkarrena. Hirugarrengoan, ordea, Bartzelonan, helmuga marra bigarren lekuan zeharkatzearekin konformatu behar izan zuen. Hiru lasterketa horiek eginda sailkapen orokorraren buruan zen ziklista nafarra 115 punturekin, bigarren sailkatuari, Kacey Lloyd estatubatuarrari, 23 puntu ateratzen zizkiolarik. Testuinguru horretan, iragan asteburuan Milanen jokatu zen azken proban nahikoa zuen lehen hamabi postuetan sailkatzearekin txapelketa bereganatzeko. Haatik, bere irabazle senari jarraiki, dena ematera irten zen eta denboraldia beste garaipen batekin itxi zuen: «Sekulako ilusioa egin dit bigarren urtez txapelketa irabazi izanak. Fixed modalitatean hasi nintzenean ez nuen imajinatu ere egiten hau guztia lortzea, baina, zorionez, kontua aurrera doa eta nik ere aurrean jarraitzen dut».

Gero eta oihartzun handiagoa

Errepideko txirrindularitzak du sonarik handiena, pistakoa ere errotua dago eta fixed modalitatea, berriz, oraintxe ari da pixkanaka hazten, nahiz eta oraindik jende askoren begietara ezezaguna izan. Baina, zer da fixeda? Berezitasun nagusia lehiatzeko erabiltzen diren bizikletetan dago, izan ere, pinoi bakarrekoak izaten dira, eta frenorik gabeak. Hortaz, abiadura murrizteko modu bakarra pedalei atzeraka eragitea da. Bestalde, zirkuituak 1,2 kilometro ingurukoak dira eta munduko hiririk kosmopolitenetan izan ohi dira kokatuta estetika zaindu eta landu baten pean. Zirkuituari 18 buelta inguru eman behar izaten dizkiote lehiakideek.

Lasterketak bi zatitan banatzen dira. Hasteko sailkatze probak jokatzen dira, eguerdi partean. «20 minutu izaten ditugu zirkuituari bueltak emateko. Denbora tarte horretan egiten dugun itzulirik azkarrenaren arabera erabakitzen dira lasterketako irteera postuak», azaldu du Elbustok. Behin postuak erabakita, gauez jokatzen da benetako lasterketa, hori da beste nobedade nagusia: «Berezia da, berez ilun dagoen arren, argi asko jartzen dituztelako. Polita da egoera horretan korritzea».

Ez da iraupen luzeko proba, baina abiadura handian joan ohi dira, hainbat bihurgune daude, eta, beraz, erortzeko arriskua lasterketetako osagai garrantzitsu bat izanik, ezinbestekoa da une oro kontzentrazioa mantentzea: «Erorikoak maiz egoten dira. Horiek saihesteko zure aurrekoari erreparatzea garrantzitsua da, izan ere, normalean, aurrekoa eroriz gero zu ere lurrera joaten zara».

Baldintza horiek aintzat hartuta, fixed modalitatean ondo moldatzeko zein ezaugarri behar diren galdetuta ondorengoa da Elbustoren erantzuna: «Esplosibitatea, erritmo aldaketa ona eta teknika behar dira. Neurri batean, horiek dira nire ezaugarriak, eta, halaber, urtean zehar errepidean egiten dudan lanari esker iraupen aldetik ere nahiko ondo ibiltzen naiz».

Sari erakargarriak

Fixeda artean ez dago UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren barruan, beraz, ez dago munduko txapelketa ofizialik. Baina Ainara Elbustok irabazitakoa horren baliokidea litzateke, hori baita gaur egun modalitateak duen antolaketa, eta lehian mundu osoko ziklistek hartzen baitute parte. Gainera, gorantz doan modalitatea da fixeda eta berau antolatu eta sustatzen dihardutenek epe motzean UCIn sartzeko esperantza dute. Horretarako akuilu izan daiteke lehiak zuzenean jarraitzera gero eta zale gehiago gerturatzen direla: «Jendea egoten da gu ikusten zirkuitu osoan zehar eta helmugaren inguruan jendetza bildu ohi da. Errepideko probekin alderatuta, askoz jende gehiago gerturatzen da».

Halaber, babesleak ere apustu indartsua egiten ari dira eta horren adierazle da lasterketen jiran egiten den muntaia, baita banatzen diren sariak ere. «Sariak ez daude batere gaizki. Fixed bizikleta bat –2.000 euro inguru balio dute– eta 400-500 euro ematen dizkiote irabazleari. Sailkapenean itzulirik azkarrena egiten duenak 200 euro jasotzen ditu, eta, azkenik, sailkapen orokorraren irabazleak, 1.200 euro», azaldu du. Bestalde, azpimarratzekoa da emakume eta gizonek sariak berberak jasotzen dituztela. «Errepidean eta pistan ditugun sariak ezin dira konparatu, gu baino askoz gehiago irabazten dute gizonek. Fixed modalitatean horrela jokatzea asko eskertu eta baloratzen dugu», azpimarratu du.

Sari horiek jokoan izanda, eta ziklistek euren barruan izaten duten irabazteko gosea kontuan hartuta, lehiakortasun handia izaten da lasterketek irauten dituzten itzuli guztietan. Baina horrek ez du kirolarien arteko kiroltasun eta errespetua bazterrean uzten: «Giroa oso sanoa da, lagun artekoa, arazoren bat duzunean edonork laguntzen dizu. Ez du zerikusirik errepidekoarekin, kiroltasun handiagoa dago eta arlo horrek ere asko erakarri ninduen».

Zurukuain, txirrindularien sorleku

Ainara Elbustok 23 urte ditu egun, eta 11 urte eskasekin ziklismoaren munduan barneratu zenetik bere ibilbideak gorantz egin du etengabe. Egiari zor ez da harritzekoa bi gurpilen gainean hain ondo moldatzea, izan ere, Zurukuainen sortua da eta Nafarroako herri txiki hori betidanik izan da leku emankorra txirrindularitzari dagokionean. Bertakoak dira Roberto Lezaun –Baneston eta Festinan ibilia– eta Alan Perez –Euskalteleko txirrindulari ohia–, besteak beste. Ainararen familian ere bada zaletasuna: aita ziklo-krosean ibili zen, eta, anaia, errepidean. «Lizarrako talde batean ibili nintzen hasieran. Ondoren, Iruñeko beste talde batera aldatu nintzen eta azken bost urteak Reyno Navarran egin ditut».

Momentuz, lorpenik esanguratsuenak fixed modalitatean eskuratu izanagatik errepidean eta pistan ere maila onean dabil Elbusto: «Pistan Munduko Kopan eta Europako Txapelketan ibili naiz eta Espainiako txapelketaren bat ere irabazi dut. Errepidean, bestalde, aurten Espainiako Kopako sailkapen orokorrean hirugarren sailkatu naiz».

Emaitza horiek guztiak tarteko zenbait talderen interesa piztu du, baina jasotako eskaintzek ez dute asebete, gustura dago Reyno Navarra taldean eta bertan jarraitzea erabaki du: «Txirrindulari moduan garatzeko talde egokia dela uste dut eta ez dut taldez aldatzeko asmorik». Hala ere, badaki gaur-gaurkoz Euskal Herrian txirrindularitzatik bizitzea ezinezkoa dela eta ez du baztertzen etorkizunean maletak egin eta atzerrira joaterik: «Beste herrialde batzuetan egoera hobea da, Italian esaterako. Aukera izanez gero ez dut baztertzen urte batzuen buruan horrelako esperientziaren bat probatzea, baina ikusi egin behar zer gertatzen den».

Merezitako atsedena

Denboraldi oparoa izanda Elbustorentzat, baina, era berean, baita gogorra eta luzea ere. Gainera, kontuan eduki behar da ziklismoa dedikazio ikaragarria eskatzen duen kirola dela. «Denboraldian bete-betean gaudenean hiruzpalau ordu inguru entrenatzen ditut egunero, eta, batzuetan, saio bikoitzak ere egiten ditut, goizean eta arratsaldean», azaldu du.

Aurtengo lanak eginda, merezitako atsedena hartzeko unea iritsi zaio Elbustori, bere ustez beharrezko duena hurrengo sasoiari gogotsu eta indarberriturik heltzeko: «Atseden pixka bat hartuko dut, eta gero, pixkanaka, martxa hartzen hasiko naiz. Askotan, fisikoki baino, psikologikoki deskantsatzea da garrantzitsuagoa. Horrez gain, denboraldi guztia bizikletarekin hara eta hona igarotzen dut, eta, hortaz, bestelako gauzak egiteko aprobetxatzen ditut egunok. Esaterako, asko gustatzen zait mendira joatea».

Hurrengo urteari begira helburu antzekoak izango ditu Elbustok. Fixed modalitatean orain arte emandako mailari eustea eta errepidean pixkanaka onenen inguruan ibiltzea gustatuko litzaioke: «Nire prestakuntza errepidera bideratuta egongo da, egiten ditudan lasterketa gehienak errepidekoak direlako. Ondoren, logikoa den moduan, fixedeko probak gerturatzen diren heinean, horretara bideraturiko entrenamendu bereziak egingo ditut».

Elbusto kontentu da momentuz egin duen ibilbidearekin eta izaten ari den garapenarekin. Badaki erdietsitako lorpenekin esperantza handiak jarrita daudela berarengan, baina gauzak lasaitasunez hartzen ditu; ez du bere burua estutu nahi, pausoz pauso jarraitu nahi du, eta bere muga non dagoen denborak argituko duela dio. •