Maider Eizmendi
infraganti

EGOITZ MURGOITIO

Gaur eguerdian egingo da Abadiñoko ziklo-kros probaren bigarren edizioa. Egoitz Murgoitio herritarraren itzulera izango da, zalantzarik gabe, ikusmin nagusietako bat. Motibazio faltagatik utzi zuen orain ia bi urte goi mailako kirol jarduna eta «presiorik gabe eta gozatzeko» helburuarekin dator berriz ere lokatzetara.

Etxe inguruko errepideek hartu zuten 8 urte baino ez zituenean txirrindularitza lasterketetan egindako estreinaldia; herriko landak izango ditu gaur bere itzuleraren testigu. Orain ia bi urte utzi zuen goi mailako lehiaketa Egoitz Murgoitio txirrindulari abadiñarrak; atsedena eta motibazioa behar zituen eta biak batuta datorrela aitortzen du.

Ohi baino lasaiago eta sakonago hitz egiten du txirrindularitzaz ari denean, eman dionaz eta kendu dionaz jardutean. Atzera begira, barrez dio jaiotzeko unean bertan bizikleten bueltan zebilela: «Osabaren –Jabi Rekalde txirrindulari profesional ohia– lasterketa ikusten ari zela hasi zen nire ama erditze aurreko uzkurdurak sentitzen eta bertatik joan zen ospitalera». Bizitzako lehen urte haietan goi mailako txirrindularitzatik edan zuen sarri: «Gogoan daukat osaba goizetan entrenatzera joaten zela eta amamak prestatutako bazkariarekin nola egoten ginen noiz itzuliko zain». Bizikletan igota itxarongo zion oso umetatik, izan ere, bi urte zituenerako utzi zituen alboan oreka mantentzen laguntzen zioten atzeko gurpil txikiak.

Osabaren arrastoari segika-edo, oso laster sartu zitzaion lasterketetarako grina, behar baino lehenago ere bai agian, gutxieneko adinik ez eta zain egon behar izan zuelako Andra Mari auzoan –bertan bizi da– egiten zen lasterketa batean parte hartzeko. Han, jaioterrian bertan, abiatu zuen, lasterketatik lasterketarako lasterketa.

Errepidean egin zituen lehen urteak eta ziklo-krosa negu partean sasoiari eusteko baliatzen zuen. «Afizionatuetara pasatakoan bi urtez biak egin nituen, baina errepidean buru-belarri aritzeko gomendatu zidaten behar bezala atseden hartzeko», gogoratu du. 2006an profesionaletarako jauzia egin zuen Nicolas Mateos taldearen eskutik, baina lehen lerroan egotearen gozoak dastatu baino ez zituen egin, babesleak izandako arazoak medio taldea berehala desagertu baitzen. «Berriz ere afizionatuetan birkalifikatu nintzen eta bi urte gehiago eman nituen; nekatu egin nintzen, oso maila ona emanagatik ez baitzen berriz ere profesionaletara igotzeko aukerarik iristen. Hala, 26 urterekin, bizikleta alboratzea pentsatu nuen».

Berriz ere pare-parean jarri zitzaion ziklo-krosean aritzeko aukera. «Txirrindularitza uztea zen lehen asmoa, baina David Secok eta etxeko jendeak animatu ninduten ziklo-kros denboraldia egitera; errepidean arituta dagoeneko hanketan ondo prestatzeko adina kilometro pilatuak nituelako», azaldu du. Gomendio haiek eman zizkiotenak ez ziren okertu, negu hartan Espainiako Kopako lasterketa bat irabazi eta Munduko Txapelketara joateko txartela lortu baitzuen.

Euskal Herrian eta Estatu espainolean ziklo-krosean erreferentzia bilakatu zen laster eta urrunago ere izena egiten hasi zen Hirumet taldearen babesarekin. Ziklo-krosetik bizi nahi izatekotan, etxetik kanpo lehiatzea behar-beharrezkoa dute modalitate honetan, Estatu frantsesean, Herbeheretan edota Belgikan, esaterako. «Afizio eta tradizio handia dago atzerrian, Herbeheretan eta Belgikan batez ere. Futbolarekin hemen gertatzen dena gertatzen da; talde onak daude eta horrek berak afizioa sortzen du. Belgikar eta herbeheretarrak ziklo-krosean beti izan dira onenak eta horrek berak jarraitzaileak sortu ditu». Joan-etorrian Murgoitiok apenas bere abizena esaten zekiten jarraitzaileen artean izena egitea lortu zuen.

Motibazio falta

Eta inoizko emaitzarik hoberenak lortzen ari zenean, 2014ko urtarrilean hain zuzen, goi mailako lehia alboan uzteko erabakia hartu zuela iragarri zuen. «Erabakia, ‘kito!’ esatea, egun zehatz batean hartu nuen, baina ‘run-runa’ aspaldian neukan buruan. Aurreko denboraldia amaitu eta hurrengoa hasi bitartean nabaritu nuen. Aurreko urteetan hilabete atseden hartu eta gogotsu egoten nintzen berriz ere entrenamenduak hasi eta denboraldia prestatzeko... Ez nuen halakorik sumatzen», aitortu du.

Behin gogo hori galduta, ostegunetik astelehenera arte etxetik kanpo ematen zituen egunak ere gogorrago egiten zitzaizkion egunetik egunera: «Gero eta gehiago botatzen nuen faltan bariku batean lagunekin afaltzera joatea, edota, besterik gabe, Abadiñon egotea». Ideia hori burrunbaka zuela, lasterketa batean izan zuen erorikoak eta hura osatzeko hartu behar izan zuen atsedenaldiak balio izan zion behin betiko erabakia hartzeko. «Osatzen ari nintzela Berrizko zirkuitura joan nintzen, eta, buelta eskas bat egin nuenean, konturatu nintzen jada ez nintzela jarraitzeko gai. Erabat hondoratu nintzen eta neska-lagunari eskatu behar izan nion bila etortzeko, etxera bizikletan itzultzeko kemenik ere ez nuen».

Hala utzi zuen askorentzat ametsetakoa zen bizimodua: «Egia da, bizikletaz bizi nahi eta ezin duen pertsona batek pentsatuko du huts egin nuela, baina nik une horretan bizitza normala egin nahi nuen, lagunekin egon, neska-lagunarekin afaltzera lasai irten... Jende askok pertsona pribilegiatu baten bizitza utzi nuela pentsatuko zuen, baina niretzat orduan eurak ziren pribilegiatuak». Barrez dio orain askoz ere bizimodu gogorragoa daramala, egunean hamar bat ordu kamioiarekin lanean pasa ostean igo behar baitu bizikleta gainera entrenatzeko.

Nekeak neke gustura dago ez duelako sentitzen lehen zuen presioa; «egunero aritu beharrarena, lasterketara joan eta emaitza jakin batzuk lortzekoa, hobetu eta beti gehiago hobetzeko larria». Izan ere, hori ere bada lehia: «Presioa eramaten jakin egin behar da; atzerrian emaitza onak egitetik etorri eta etxean lasterketa bat irabazten ez banuen frakaso gisa ikusten zuen jendeak, eta, aldi berean, kanpoan lortu nituen emaitza onak –azkenengo urtean hamabigarren eta hamalaugarren postuak lortu zituen Munduko Kopako bi lasterketetan– ez zirela behar adina errekonozituak izan uste dut», onartu du, zentzu horretan goi mailako kirola uzteak ekarri dion lasaitasuna nabarmenduta.

Lagun batek botatako hordagoak jarri du berriz lokatzetan. «Erdi brometan hasi zitzaidan amua botatzen eta maillota jarriz gero aterako nintzela esan nion; bada begira...», aipatu du.

Horrenbeste estimatzen duen «bizitza normala» gozatu du eta gozatzen jarraitzeko asmoa du berriz ere bizikletaren gainean lehian arituko bada ere; izan ere, «beste modu batera» lehiatzeko asmoa du. «Lehen neukan egoerara ez nintzateke itzuliko inondik inora. Itzuli nahi dut errepideko bizikleta utzi eta ziklo-krosa egiten hasi nintzenean izan nituen sentsazioetara: presiorik gabe joaten nintzen lasterketetara, korritu eta disfrutatu egiten nuen», dio. Bere ingurukoek ere sentsazio bertsuak izan ditzaten nahi du. «Gurasoak lasai ikusi nahi ditut ibilbidearen bueltan, gozatzen», aipatu du, haiek ere egin dituzten sakrifizio guztiak onartuta. «Aitak eta Jon Zengotitabengoa managerrak milaka eta milaka kilometro egin dituzte nire lasterketetara joateko; ziklo-krosa uzteko aukera buruan izaten nuenean haiekin akordatzen nintzen...», oroitu du.

Guztiak, senitarteko eta lagunak, gogotsu daude gaur Abadiñon gozatzeko eta bidean jarraitzeko. Ondoren, patxadaz, Egoitzek berak erabaki beharko du berriz ere marraztu nahi duen bidea. •