AITZOL ATUTXA
Euskal Herriko bigarren txapela jantzi berritan eta datorren otsailerako Joxe Mari Olasagastirekin egin duen apustua jopuntuan duela egin dugu hitzordua Aitzol Atutxa Gurtubai aizkolariarekin, alegia, Atutxa II.arekin. Harekin mintzatu gara bai bere kirol ibilbideaz bai herri kirolek oro har gaur egun gurean bizi duten egoeraz.

Zortzi urte baino ez zituela atera zen aurreneko aldiz plazara eta ordutik Euskal Herriko hamaika bazter ezagutzeko aukera izan du, betiere aizkora bidelagun hartuta. Txikitan miresten zituen haiek lagun eta lehiakide izatera iritsi ondoren, aizkoraren belaunaldi berriaren ikur da Aitzol Atutxa (1988, Dima). Bizi duen une gozoa bertatik bertara bere hitzetan ezagutzeko asmotan egin du zita berekin GAUR8k.
Futbolaren eta pilotaren munduetatik igaroalditxoa eginagatik, eta kirolzale amorratua izaki beste edozein diziplina probatzera animatuko litzatekeen arren, etxean Kepa aitarengandik jasotako lekukoak gogor egin zion tira Aitzol Atutxari, bera ere aizkolaria baitzen. «Zer ikusi, hura ikasi», azpimarratu du Aitzolek berak ere. Ikasi, eta ondo ikasi, gainera. Euskal Herriko txapela jada bi aldiz jantzita, otsailaren 13-14ko asteburuan aizkolari gisa egin duen lehen apustuari egingo dio aurre: Joxe Mari Olasagasti igeldotarra izango du aurkari.
Oraindik ez da prestakuntza fisiko berezirik egiten hasi: gimnasioan aritzen da, sasoiari eusteko, eta urrian bigarren txapela irabazi zuenetik aizkoran gutxitxo egin du, atseden hartzeko. Baina jada egurra eraman du Lemoako Pozueta poligonora, han egiten baititu entrenamenduak. Laster helduko dio lanari modu zehatz eta biziagoan. «Baina burua bai, hasi naiz prestatzen, hori ere garrantzitsua delako. Jende askok uste du kirola ariketa fisiko hutsa dela, baina gurean garrantzitsua da burua lantzea ere, batik bat kontuan hartuta kirol indibiduala dela eta proba luzeak izaten direla, ordubete ingurukoak», azaldu du.
Bideo batzuk ikusten ari da, azken probetakoak, baina berehala aitortu digu saio bakoitza desberdina dela eta bere apartekotasunak dituela. Egingo duen lehen apustua izaki, ez daki esaten prestakuntza prozesua oso desberdina izango ote den txapelketetarako egiten duenarekin alderatuta. «Galde iezadazu hiru hilabete barru, eta agian orduan eman ahalko dizut erantzuna», esan digu, barrez.
Txapelketetan lehiakide gehiago izaten, eta, egoera desberdinak suerta daitezkeenez, ez ditu modu berean ikusten Aitzol Atutxak. Badaki, hori bai, pisuzko faktore bat hartu beharko duela aintzat apustua prestatzen hasi orduko: hamalau kana-erdiko eta sei oinbiko moztu beharko dituzte. «Normalean, probak 40 minutu ingurukoak izaten dira, baina kasu honetan ia ordubetean jarriko gara. Sekula ez dut hain proba luzerik egin eta esperimentu moduko bat izango da niretzat».
Apustua egin zuten unean lekua, eguna eta ordua zehazteko utzi zituzten. Udal desberdinekin ari dira hizketan aukerarik onena hautatzeko, baina zein egun nahiago duen galdetu diogu aizkolari gazteari, larunbata ala igandea. Kirol errendimenduari soilik erreparatuta, adierazi digu berdin diola datak, baina berari larunbatean, otsailak 13, arratsalde partean egitea gustatu litzaiokeela. Halako apustuak igande eguerdietan egin izan diren arren, uste du, bere lagunen adibidea aipatuta, bezperara pasatzeak aukera ematen duela publiko berri batengana iristeko. Eta ez da kontu hutsala.
Atutxaren aburuz, aizkora munduko aurpegi ezagunenek –Donato Larretxea, Joxe Mari Olasagasti edo Floren Nazabal, esate baterako– badute beren publikoa. Bada, kirolari berriek irudikatzen duten ziklo aldaketak ere zentzu horretan berritze bat ekarri beharko lukeela uste du Atutxak, eta «lehengoa mantenduta baldin bada, askoz hobe». Gaineratzen du otsailekoa bezalako hitzorduek balio dezaketela «erakusteko ikuskizun polit bat eman dezakegula, jendeak ikus dezan hemen ere baditugula gure kirolak». Dena dela, desio bat azpimarratzen du egun horretarako aizkolari «erdi bilbotar erdi dimoztarrak»: «Plaza beteta egon dadila eta itxura polita izan dezala».
Publiko gazteago horren beharra aipatzeak beste gai bat ekarri du gure hizketaldira, ezinbestean: zein da Euskal Herrian herri kirolen eta, zehatzago, aizkoraren egoera? «Ez dugu esango, orokorrean, egoera ona denik», erantzun du Atutxak, jarraian irtenbide posible bat azalduta: «Beti esan dut aukera gehiago eman beharko liratekeela erakundeen aldetik eskolak sortu eta bultzatzeko».
Egun, Atutxaren esanetan, badira Euskal Herrian herri kirol desberdinen inguruko talde eta elkarteak, baina ez eskola moduan planteatuta. Badaki ez dela erraza futbola edo pilota bezalako kirolei itzala egitea, eta, gainera, guraso askok aizkora kirol arriskutsu bezala ikusten dute. «Baliteke –dio– eskolen kontu hau utopia moduko bat izatea, baina aukera ona izan daiteke».

Nafarroan eta Gipuzkoan, oro har, herri kirolen eta aizkoraren egoera hobea dela esan digu Atutxak, eta bi lurraldeon atzetik jarri ditu, ordena honetan, Bizkaia bera, Araba eta Ipar Euskal Herria. Afizioaren eta kirola praktikatzen duen jende kopuruaren arteko lotura estua dagoela azaldu digu, baina argituz ez dela erraza jakitea zeinek sortzen duen zein. «Zer da lehenago? Eskaera edo eskaintza?», bota du, afera laburbiltzeko.
Bere kasuan, pentsatzekoa den bezala, sakrifizio handiak egin behar izan ditu maila honetan lehiatzera iristeko, «baina ez bakarrik orain, hitzordu handiak ditudala». «15-16 urterekin, gaztetxoen txapelketetan ibiltzen nintzenean ere, lagunak parrandan ateratzen zirenean etxean gelditu beharra izaten nuen», azaldu du. Baina ez penaz, berarentzako «harrobi lana» izan delako, orain fruituak ematen ari dena: «Gauza asko utzi ditut albo batera gaztaroan, baina beste asko jaso. Balantza hori aizkoraren alde dago, nabarmen gainera».
Sakrifizioak ez dira gaztaroarekin bukatzen, ezta gutxiago ere. Atutxak esplikatzen digunez, beti ez da erraza arlo pertsonala eta lana maila gorenean lehiatzeak exijitzen duen dedikazioarekin uztartzea.
Apustuan aizkoraren bi belaunaldiren arteko nolabaiteko lekuko aldaketa ikusten dutenekin ez dator guztiz bat Atutxa, nahiz eta batek lehen apustua egingo duen unean besteak 50etik gora eginak dituen dagoeneko. Gutxika-gutxika hasi dela txandakatze hori aitortu badu ere, Atutxaren iritziz jendeak ulertu behar du aizkora ibilbide luzeko kirola dela, erresistentziazko kirolen kasuan gertatu ohi den bezala. «Adibidez, 100 metroko lasterkariek potentzia askoz gehiago behar izaten dute eta gazteagoak izaten dira, baina, aldiz, maratoietan ibiltzen direnak edadean sartuago izan ohi dira», azaldu du, gaineratuz aizkorak teknika maila oso altua exijitzen duela eta hori eginaren eginez lortzen dela, urteen poderioz. «Baina lekuko aldaketarena... Ez dakit, zaila izango da Olasagasti moduko bat botatzea», esaten digu, barrez. Eta ez zaio arrazoirik falta, igeldotarrak hirugarren postua lortu duelako azken bi urteotako Euskal Herriko txapelketetan eta titulu hori 50 urte baino gehiagorekin irabazi duen bakarra delako.
Lehia hutsaz eta apustuaren egunean irabazle atera daitekeenaz aparte, espero du zitaren ikusgarritasuna aizkoraren mesedetarako izatea, eta komunikabideei ere deia egin die, otsaileko hitzordu garrantzitsuari bultzada ematen lagun dezaten.
Plazetan bertan, telebistan edo egunkarietan ikus dezakegunaz aparte, Atutxak dio aizkorak eta antzeko beste herri kirolek gainontzekoetatik bereizten dituzten ezaugarriak dituztela. Esate baterako, aizkora munduan dabiltzanen artean, edo pilotarien artean, nolabaiteko giro berezia sortzen dela dio. Bere kasuan, alde batetik, aizkoraren bitartez Euskal Herriko hamaika txoko ezagutzeko aukera izan du, segur aski, kirolean jardun gabe ezagutuko ez lituzkeenak. Bestetik, aizkora munduan kirolari gutxi izanik, azkenerako familia txiki bat osatzen dute eta lagunak ere egiten direla adierazi du Atutxak. Uste du, gainera, giroa bera aizkoraren mundura gerturatzeko pizgarri garrantzitsua izan daitekeela.
Bere adineko pertsonak horrelako kiroletan lehiatzen ikusteak gazte gehiago &discReturn;«engantxatzeko» balio dezakeela azaldu digu Atutxak. «Kirol batek, sarri, bultzada jasotzeko erreferente baten beharra izaten du. Ea nire irudi horrek [txapela jantzi duen aizkolari gazte bizkaitarrarenak] jende gehiago hurbiltzen duen mundu honetara».
Erreferente izate horrek kirol jarduerak berak eta txapelek berez ekartzen duten presioari pisu gehiago gaineratzen dion itaunduta, azkar eta zalantzarik gabe erantzun digu Atutxak: «Agian hala izan daiteke, baina presio hori Bizkaiko aizkoraren onerako baldin bada, gustura eramateko prest nago». •

