Kote Loidi eta Lourdes Yarza
Nerabe bat besterik ez zela hasi zuen Kote Loidik bere musika tresnen bilduma. Txirula bat eskuratu zuen eta mota horretako tresnak lortuko zituela erabaki zuen. Lourdes Yarza ezagutu zuenean afizio hori are handiagoa bilakatu zen eta biek batera munduko musika trenak bilatzeari ekin zioten. Jada 4.200 dituzte.

Ceutan egotea Afrikan egotea baldin bada, bada, bai, Afrikan egon gara», esan zigun Jose Luis Kote Loidik txantxetan danbor afrikarrez jositako Irungo biltegian. Afrikan barneratu ez badira ere, zalantzarik ez Jose Luisek eta Lourdes Yarza bere bikotekideak asko bidaiatu behar izan dutela mundu osoko 4.200 musika tresnen bilduma osatzeko. «Txikitan paga ematen zidatenean musika exotikoetako diskoetan gastatzen nuen dirua. Musika horretaz maitemindu nintzen», kontatu zigun Loidik. Dantza talde batean aritzen zen eta taldearekin Pirinioetara egindako bidaia batean txirula errumaniar bat lortu zuen tabako pakete baten truke. Bere lehen txirula, bizitza osoko afizio bati ateak zabaldu zizkion lehen musika tresna.
Txirula bilduma osatu zuen lehenengo, baina, Lourdes Yarza ezagutu zuenean, bien artean afizioa pasio bilakatu zuten eta aurkitzen zituzten musika tresna tradizionalak pilatzen hasi ziren. «Azken hamar urteotan Internet oso baliagarria izan zaigu. Hala ere, jarraitzen dugu azoketara joaten. Askotan ehunka kilometro egiten ditugu ezertarako, eta, beste batzuetan, aldiz, gauza asko aurkitzen ditugu eta ez gara autoan kabitzen», kontatu zigun emakumeak umoretsu.
Kolekzionista hauentzat gero eta zailagoa da piezak eskuratzea. «Beti esaten dugu zortea dugula aspaldian hasi ginelako. Orain prezioak altuagoak dira, eta, gainera, tresna hauetako asko jada ez dira egiten», azaldu zuen Yarzak. Bilduman, adibidez, badute bolizko tronpa bat elefante haginekin egindakoa; gaur egun, debekatuta dago horrelako piezak egitea.
Tresnaz betetako biltegian badituzte danborrak, biolinak, panderoak, txirulak, argimutilak... Argimutilak? «Batzuetan saltzaileek ere ez dakite zer ari diren saltzen –aipatu zuen Lourdesek barrezka–. Bi piezok kandelabroak izango balira bezala erosi genituen eta XVIII. mendeko tronpa txinatarrak dira!».
Bilduma osatzen eman dituzten urteetan musika tresna bezainbeste pasadizo pilatu dituzte. Barrez gogoratu zuen Lourdesek behin Bordeletik bueltan gertatu zitzaiena. 1,83 metro neurtzen dituen danbor luze bat erosi zuten eta plastikoan bilduta zeramaten. Hilotz bat zirudien. Bada, egun horretan Luis Roldan atxilotu zuten eta mugan guardia zibilak zeuden. Gelditu egin zituzten, eta, danbor bat zela azaltzean, muturra okertu eta pasatzen utzi zituzten. Roldan izena jarri zioten danborrari. Beste batean, jak larruz egindako danbor handi bat erosi nahi izan zuten, baina saltzaileak oso prezio altua jarri zuen; azkenean, perkusionista batek erosi zuen. Hortik urte batzuetara jatorrizko saltzaileak deitu zien esanez jabeak salgai zuela, oso prezio onean gainera. «Ez omen zuen erabiltzen eta gainetik kendu nahi zuen», azaldu zuen Kotek.
Baina beti ez dute hain zorte ona izan. «Madrilen musika denda batetik pasatu ginen eta musika tresna bat ikusi genuen, baina denda itxita zegoen. Hurrengo egunean zabaldu eta gutxira joan ginen, eta sartzerakoan gizon bat atera zen. Tresna erosi nahi genuela esatean, dendaria harritu egin zen; esan zigun hogei urtean inork ez zuela horri buruz galdetu, baina hain justu gure aurretik etorri zen gizonak erosi zuela!», kontatu zuen Loidik.
Musika tresnen atzetik ibiltzen dira ahal duten moduan. Biak lanean ari dira, eta, beraz, denbora librea dutenean aritzen dira biltegian eta tresna berriak bilatzen. Behin Portugaletera Errumaniako talde bat etorri zen eta beraiekin marinba batzuk erosiko zizkietela adostu zuten. «Ia 03.00ak arte egon ginen han, eta hurrengo egunean 06.00etan altxatu beharra genuen lanera joateko!», gogoratu zuen Lourdesek. Kotek azaldu zigunez, musikariek instrumentuei agur esan nahi zieten, eta, hala, kontzertu pribatu bat eskaini zieten. «Denak elkartu eta jotzen hasi ziren. Beraiek negarrez, gu negarrez...».
Harritzekoa da bikote honek inoiz bisitatu ez dituzten kulturen inguruan zenbat gauza dakizkien. Musika tresna bat lortzen dutenean saiatzen dira horren inguruko informazioa lortzen; nongoa den, zein garaitakoa, zertarako erabiltzen den, zerekin egindako dagoen...
Ikasi dute musika tresnarik landu eta politenak Afrikakoak direla, Asiakoak adimentsuenak, Ozeaniakoak eta Amerikakoak sinpleenak, eta Europakoak perfektuenak. «Aipatu dugu Asiakoak adimentsuenak direla. Bada, begira, hau pika-biolina da –zioen Loidik oinarria zuen biolina eskuetan–. Europan biolina instrumentua finkatuz eta arkua mugituz jotzen da. Asian, berriz, hankan jartzen dute eta arkua finko mantenduz instrumentua mugitzen dute».
Livika da, agian, bilduma osoko piezarik esklusiboena. «Horrelako bi daude Estatu espainolean», esan zuen Loidik. Livika Papua Ginea Berriko Irlanda Berria uhartean soilik jotzen den egurrezko pieza bat da. Hiru zulo ditu eta eskuetan erretxina emanez hiru nota ateratzen dira. «Musikologo frantses talde bat etorri zen ikustera eta beste batean ebanista batekin etorri ziren kopia bat egin zezan. Baina esan ziguten ez zutela soinua ateratzerik lortu», adierazi zuen Kotek.
Beste tresna bitxi ugari ere badituzte. Egurrezko txilibitu ugari dituzte kaxa batean gordeta. Horietako bat Malaysiako artxipelagoko Timor uhartekoa da. Bertan nekazariek zaldi asko dituzte eta zaldi bakoitzeko txilibitu bat erabiltzen dute, animaliek soinua ezagutzen dutelako eta deitzean etorri egiten direlako. Markodun danborren atalean –panderoak– erraketa formako bat dute. Japoniakoa da eta manifestariek erabiltzen dute zalaparta sortzeko. Egia esan, sekulako burrunba egiten du kolpatzerakoan... Vietnamgo Sheng txirula ere erakutsi zigun Kotek; organo baten soinua egiten du.
Indiako XIX. mendeko txintxirrin batzuk ere badituzte. Animalia formak dituzte eta oinarrian erliebe bat. «Garai hartan oinutsik ibiltzen ziren eta zikinkeria garbitzera joatean erabiltzen zuten emakumeek», esan zuten. Gizonezkoei bainatzen ari zirela iragartzeko omen zen txintxirrina, haiek kuxkuxeatzera ez gerturatzeko...
Piezok txikiak badira, arrail-danborrak biltegian dituzten tresnarik handienetarikoak dira. «Afrikan eta Asian komunikatzeko erabiltzen dituzte. Elizetako kanpaiak bezala, herritarrei hileta, jaiotza eta gauza garrantzitsuen berri emateko erabiltzen dituzte», azaldu zuen Yarzak. Mota horretako danbor txiki eta landuagoak ere badituzte. Horiek xamanek erabiltzen dituzte. Herritarrek zergatik dauden gaixo galdetzen dute eta xamanak danborra jotzen du honek duen figurak duen sudur luzearekin sentsazioak Jainkoari bidaltzeko. Ondoren, Jainkoak arazoari konponbidea ematen dio eta figurak belarri zabalekin entzun du Jainkoaren hitza xamanari jakinarazteko.
Materialei dagokionez, egurra da kultura guztietan gehien erabiltzen dena, baina arretaz begiratuz aniztasun handia dago, kultura bakoitza naturak emandakoaz baliatzen delako. Polinesian, esaterako, karakolak, maskorrak edota kokoak erabiltzen dituzte. Azal mota desberdinak ere erabiltzen dira danborrak egiterako garaian: katuarena, txakurrarena, elefantearena, antilopearena, bufaloarena, narrastiena, gizakiena... bai, gizakiena ere bai.
Himalaia mendien inguruan egindako hareazko erloju formako danborrak dituzte. Bi garezurrek osatzen dute egitura, bata emakumearena eta bestea gizonarena, biak ala biak heriotza bortitza izandakoak. Gizaki azala jartzen zieten ondoren garezurrei. «Lagun bati erakutsi nion, eta, gizakiaren azalez eginda zegoela esan nioenean, askatu egin zuen; lurrera iristear zegoela harrapatu nuen!», esan zuen Kotek kezka aurpegia jarriz. Femurrez egindako txirulak ere badituzte, baita haurren gorpuzkiekin egindakoak ere, baina azken horiek ez dituzte gustuko pena ematen dielako.
Zaila da biltegian dituzten milaka musika tresnak aipatzea, hainbeste denboraren ostean museo askok baina bilduma politagoa osatzea lortu dutelako. Jabeak beraiek diren eta afizio honekin jarraitzeko sasoia galtzean seme-alabei utziko dizkieten arren, pozik elkarbanatzen dituzte euren jakintzak guztiekin. Beti daude prest erakusketak antolatzeko. Azkena Zumarragako Zelai Aristi aretoan izan da. «Hemen dena pilatuta dago, baina, han, areto zuri horretan, argi horrekin, guk ere ez genuen sinesten musika tresna hauek gureak zirenik!», onartu zuten. Erakusketak muntatzen dituztenean zertxobait kobratzen dute, beraientzat tresna berriak erostea eta gordetzea kostu handia delako. Hala ere, uste dute ez dela bildumak duen balioa nahikoa baloratzen eta pena ematen die Euskal Herritik kanpo arrakasta gehiago izatea hemen bertan baino.
Orain artean 115 erakusketa prestatu dituzte 1992tik geroztik, eta ez dute bakar bat ere errepikatu. Donostiako Musika Hamabostaldian izan ziren 2002an, Kursaal jauregian, eta Gipuzkoako hiriburua musikari hain loturik izanik pentsatu zuten 2016ko Europako Kultura Hiriburutzako egitarauan parte har zezaketela. 2012ko maiatzean bidali zuten parte hartzeko eskaera, baina hiru urtez ez zuten inolako erantzunik jaso. 2015ean, azkenik, esan zieten berandu zela proposamenak egiteko. Pena eman zion bikoteari. «Europako 700 musika tresna tradizional baino gehiago ditugu. Beste hiriburua Wroclaw izanik Poloniako hainbat instrumentu ere baditugu. Gauza txukun bat egin genezakeen», esan zigun Lourdesek penatuta.
Kulturan murrizketa ugari egin direnez uste dute zaila dela euren piezak gordetzeko, eta, bide batez, erakusteko, areto bat lortzea, baina itxaropena badute. «Eskerrak ilusioa dugun, bestela ez luke pena mereziko honekin guztiarekin jarraitzea!». Bitartean euren webgunea (www.musicaparaver.org) txukuntzen emango dute denbora, euskarazko bertsioa hobetzen.•

