Mirari Martiarena

Bukatu

Hautsak hartuta zegoen liburu bat hartu nuen berriro eskuetan, irakurtzen ari nintzenarekin aspertu nintzelako baztertutakoa. Kapitulu batean trabaturik geratu nintzen. Protagonista nagusien ez atzera ez aurrerak ez zuen irakurtzen jarraitzea merezi eta hortxe geratu zen liburua, doblatutako orri punta batekin apal batean baztertuta.

Berriz hartu nuen, bigarren aukera bat merezi zuela pentsatuta. Bi urte pasata, agian berriz irakurtzeko gai izango nintzelakoan. Gutxi gorabehera gogoratzen nituen liburuaren nondik norakoak. Eta berriz hasieratik irakurtzen hasi beharrean, hasierako kapituluak gainetik errepasatu nituen. Uste baino hobeto gogoratzen nituen istorioaren detaileak. Iritsi nintzen doblatutako orrira eta gogotsu ekin nion. Damutu nintzen irakurketa utzi izanaz; hasierako ilusioz eta pasioz ekin niolako edo izango zen. Istorioak bere baitan bildu ninduen, pertsonaiek liluratu eta baita abenturek ere. Eurekin poztu, maitemindu, amorratu eta gaixotu nintzen. Baina berriz ere istorioaren haria zurrunbilo batean sartu zen. Aurreko aldian utzi nuen oso momentu antzekora iritsiz. Amore emateko puntuan egon nintzen; berriz ere liburua bukatu gabe uztekotan. Hitz bakoitza pisutsu egiten zitzaidan, esaldiak astun eta orriak amaiezin. Batzuetan kosta egiten baita gauzei bukaera ematea.

Hilabetez mesanotxean egon da liburua. Gauero begiratzen nuen eta nire buruari bukatu behar nuela esaten nion. Ezin nuela beste bi urtez doblatutako orrialde batekin utzi apal batean hautsa hartzen. Tarteka, azken orrialdeari begiratua ematen nion. Bai, badakit tranpa dela, baina, ez nuenez ulertzen, falta zitzaizkidan orriak irakurri behar nituen.

Bukatu dut, bukatu da. Agian ez da espero edo nahi nuen bezalakoa izan. Baina asebete nau istorioak, eta bertako momentu onetatik eta txarretatik ikasi dut. Orain apalera itzuliko da, hautsa hartuko du eta tarteka izenburua irakurriko dut eman dizkidan momentu goxoak gogoratzeko. Baina ez dut berriz zabalduko. Bukatu delako, irakurtzeko asko dudalako eta neronek ere istorio berriak idatzi ditzakedalako. •