Hirugarren bidea


Modaz pasatzen ez den gaia da etxebizitzarena, aterpearen garrantzia afera unibertsala baita. Senak dio teilatu bat izatea –edo hormigoizko solairu bat, ulertzen da kontzeptua– beharrezko baldintza dela garapen pertsonal autonomo bat izateko, baina zer da “sena”, bateau-mouche bete turistaz jositako ibai bat baino, etxerik gabeko pertsonak eta pertsonarik gabeko etxeak ederki konbinatzen jakin duen gizarte honetan.
Alde batetik, higiezinen merkatuaren logikak truke-balioa ematen dio etxebizitzari, etekina eman dezakeen inbertsioa baita. Logika horren baitan alokairuen igoerak, salmenta prezioen aldaroak, abandonua eta gentrifikazioa sistemaren egiturazko ondorioak dira. Bestalde, administrazioa ere ez da gai gurpil horri ihes egiteko: babes ofizialeko etxebizitzak libreen konplementu dira maiz, eta euren tipologia hiperestandarizatuak leku gutxi uzten du berrikuntzarako eta gizartearen behar berrietara egokitzeko.
Publiko edo pribatu, jabetza ala alokairua, ohiko dikotomiatik ihes egiten duen hirugarren bidea osatzen dute erabilera-lagapeneko etxebizitza-kooperatibek. Duela gutxi hasi dira bat eraikitzen Bartzelonan, izenez La Borda, proiektu pilotu izanagatik etorkizuneko alternatiba errepikagarria izatea helburu duena. Erreferentzia nagusitzat Danimarka (non 125.000 etxebizitza inguru dauden Andel modelo kooperatiboaren baitan) eta Uruguai dituzte, baina formula hori oso ohikoa da ere Eskandinavian oro har eta Kanadan. EAEn ere egin da saiakerarik. Esan nahi dut, ez dela bart gaueko mozkorraren berotan izandako ateraldia.
Zer dira, baina, erabilera-lagapeneko etxebizitza-kooperatibak? Ezberdintasun nagusia jabetza da: lurzorua publikoa izanik, azalera-eskubidea lagatzen zaio kooperatibari (La Bordaren kasuan, 99 urtez). Horrek administrazioaren inbertsioa izugarri murrizten du, ez dituelako lanak bere gain hartzen, kooperatibak baizik. Eraikinaren jabetza, aldiz, kooperatibarena da –kolektiboa, alegia–, etxebizitza bakoitzaren erabilera pertsonala den bitartean.
Etxebizitza unitatea higiezin merkatutik at kokatzen da, ezin delako ez saldu ez eta alokairuan jarri ere, galdu egiten duelarik egun berezko duen faktore espekulatiboa. Etxebizitza erabiltzeko eskubide mugagabea da bizilagunek dutena; trukean, ordaintzen dituzte sarrera-fidantza bat –pisua uztean berreskuratzen dena– eta arrazoizko hileroko kuota bat –kooperatibak berak erabakia, eta hortaz, arrisku espekulatiboez libre–.
Horrek ere badu eraginik arkitekturan, bizilagunek eurek esku hartze zuzena baitute proiektuaren fase ezberdinetan. Sustatzaile-diseinatzaile-erosle ohiko hierarkia zurruna alde batera utzita, arkitektoen eta erabiltzaileen arteko elkarrekintzak ondorio tipologiko ezberdinak sor ditzake, sustapen pribatu batean nekez ikusiko diren gune amankomunak kasu. Adibide eder bat da Bruselako “Brutopia” etxebizitza kooperatiboa, Stekke + Frass arkitektura bulegoak gidatua.
Bada kontuan hartzeko alternatiba, beraz, erabilera-lagapeneko etxebizitza-kooperatibena, eta hala ere, badu zalantza sortzen didan zera kontraesankor bat: eraiki egin behar direla. Esan nahi dut, etxerik gabeko pertsonak eta pertsonarik gabeko etxeak ditugun garaiotan, ez dakit gehiago eraikitzearen bidez hegemonia lortzen saiatzeak zentzurik ba ote duen; ez ote den beranduegi hirugarren bide baterako.
Gakoa da ea posible ote den etxebizitza merkatua eraldatzea, “merkatu” hitza ekuaziotik erauziz baina gehiago eraikitzearen mantra alboratuz. Pertinentea iruditzen zait galdetzea, nahiz eta, formazioz arkitekto naizen aldetik, galderok sortzen didaten halako barne ezinegon bat, eta sentitzen naizen, nola esan, teilatu gainera –ala hormigoizko solairu gainera, ulertzen da kontzeptua– harriak botatzen ariko banintz bezala. •


