Xabier Izaga Gonzalez
infraganti

EIDER BERNAOLA

Ikasketek eraman zuten argazkigintzara eta gaur egun horixe du 23 urteko gasteiztarrak lana eta grina. Irudien munduan estereotipo patriarkalak nagusi direla dio, eta horren aurka egiten du berak, zerbait desberdina egiten saiatuz, ikusmolde feminista txertatuz eta mundu horretako profesionalei jarrera etiko eta arduratsua eskatuz.

B ere leku profesional eta bitala bilatu eta aurkitu egin zuen. Diseinu Grafikoa ikasten hasi zen Euskal Herriko Unibertsitatean, baina alde batera utzi eta Publizitatera salto egin zuen. Ikasketak bukatzerako, argi zuen argazkigintza zela bere leku hori. Eta 23 urteko gasteiztar honek jada bere ibilbidetxoa egin du lana eta grina dituen horretan.

Hasieran autorretratuak eta lagunen argazkiak egiten zituen. Noizbehinka, tabernaren batean, erakusketak antolatzen zituen. Gasteizko zenbait argazkilari profesionalen laguntzaile ere ibili zen, harik eta, iaz, bere enpresa sortu zuen arte. Jon Ander Iribarrenekin batera, Iriber argazki estudioa zabaldu zuen Gasteizko Prudencio Maria Berastegi kalean.

Oso lanpetuta dabiltza, «zorionez», aspaldi honetan, besteak beste antolatzen dituzten workshop edo tailerrak direla-eta, baina tartetxo bat hartu dute Jon Ander bazkide den Orbain kultur elkartean patxadaz hitz egiteko. Jon Ander inguruan dabil, baina ez du solasean parte hartu, hasieran izan ezik, Eiderren familiaren jatorria aipatu duenean, hain zuzen. Dimatik dator Eiderren familia, eta berehala Dimatik gertuko musikagile handi baten aipua ere azaldu da solasaldian: Carmelo Bernaola otxandiarrarena. Eiderrek ez du ezezagun, aitonaren anaia zuen eta.

Publizitate munduan dihardu, beraz, eta haren espezialitatea eta benetan gogoko duena arte-argazkigintza da, erretratuak eta biluziak, batez ere emakumezkoenak.

«Biluzi-argazkigintza aipatzean, berehala datorkigu burura ideia elkarketa bat: emakumea eta sexua», dio. Eiderren irizpidea, ordea, arte eta genero ikusmoldeek gidatzen dute. Haren ustez, feminismoaren ikusmoldea ezinbestekoa da, edozein arlotan, «areago publizitate munduan».

Artearen historiaren errepaso arin bat eginda, ondorio bat agertzen du: emakumea gizonaren galbide gisa irudikatu izan da, edo jarrera otzanean, mendean, ziurtasunik gabe. Irudiak emakumearen estereotipo horri eusteko erabili izan dira, haren sexualitatea ere kontrolatzeko. Izan ere, Eiderrek dioenez, estereotipoa nagusi da irudien munduan: gizona jarrera aktiboan eta emakumea pasiboan, “garbia” eta “behar bezalakoa” izateko; hau da, asmatutako hainbat kontzepturen araberakoa izateko. «Argazkiaren objektibotasuna errotiko gezurra da», jarraitzen du Eiderrek, «kameraren objektiboaren atzean dagoenak erabakitzen du, bere pentsamoldearen arabera, ustezko objektibotasun hori».

Eta historian zehar bezala, gaur egun ere irudiak gizonaren atsegina bilatzen duela dio. Munduko argazkien %80ren motiboa emakumeak eta umeak omen dira. Gehienak gizonek eginak eta gizonen desioak asetzeko. Eta emakumearen gorputz biluzia ehiztariaren trofeo gorena da. Eiderren ustez, berriz, argazki kamera ez da, ez luke izan behar, nahi den guztia «harrapatzeko» kutxa. Izan dira, jakina, emakume argazkilariak eta artistak oro har, baina ahanzturan daude edo, onenean, gizonak baino ikusezinagoak dira.

Irudiak sortzeko modu ezberdin baten beharra ikusarazteko, gogorarazten du publizitatean, eta filmetan, ohikoa dela emakumeen aurkako bortizkeria irudikatzea eta nolabait «normaltzat» ikusten dela. Mundu hori gizartearen isla dela onartzen du, baina, halaber, jarrera hori sustatu egiten duela dio. «Sorgin gurpila da».

Horregatik uste du publizitatearen eta oro har irudien munduko profesionalek arduratsu jokatu behar dutela sortzeko garaian, gizarteari ekarpen bat egiteko ardura dutela. Eta irudi horien kontsumitzaileek ere ba omen dute erantzukizun hori; «irudiak irakurtzen ikasi beharra dago».

Argi utzi nahi du Eiderrek bere ikuspegi feminista, inoiz publizitatearen munduan negoziorako «kaltegarria» izan litekeela ohartarazi badiote ere. Berak ez du zalantzarik egin, ordea, «emakumea naizelako» eta bizi izan dituen zenbait esperientzia pertsonal latzek hartaratuta. Lan egiten duen munduak muga batzuk ezartzen dituela onartuta ere, ez du bere konpromisoa ezkutatzen eta zerbait desberdina egiten saiatzen da, betikotik, batez ere estereotipo patriarkaletatik aldenduz, aniztasuna bilatuz. Zerbait freskoa. Kalitatekoa, artistikoa, pertsonalizatua, bezeroaren helburuen eta balioen araberakoa, baina betiere edozein irudi sexista edo iraingarri arbuiatuta. Hori da Eiderren eta Iriber enpresaren konpromiso etikoa.

Esan bezala, biluziak ditu gogokoen, baina alde artistikoa interesatzen zaio, erotismoa baztertzen ez badu ere. Erotismoa ez, baina bai publizitate munduan dagoen «hipersexualizazioa». Horretaz jardun zuen joan den astean “Biluzi-argazkigintza... begi feministetatik” hitzaldian. Datorren azaroan, berriz, Medina del Campoko (Valladolid) Medina Photo Experience nazioarteko argazki jaialdian parte hartuko dute Eiderrek eta Jon Anderrek “Emakume ikusmoldeko biluzia” workshop edo tailerra emanez, eta jaialdian ikusgai egongo den “Mujeres y punto” erakusketan Eiderren argazkiak ikusgai egongo dira. Gasteizko argazkilaria, gainera, jaialdiko protagonistetako bat izango da, argazkigintzari buruzko bere ikusmolde feministaz hitz egiteko ere gonbidatu dute eta.

Eiderrek modelo lanak egin izan ditu, tartean zenbait biluzi, eta bere esperientzia gehienak ez direla onegiak izan dio. Behin baino gehiagotan, emaitza ikustean, ez omen zuen bere burua ezagutzen. Seguruenik eragina du Eiderren eskarmentuak bere modeloekin duen tratuan. Saioetan, batez ere tailerretan, beti egiten du tarte bat modeloak nahi duenaz hitz egin dezan. «Modeloak pertsonak dira, ez objektuak, beren intimitatea oparitzen ari zaizkizun pertsonak». Hortaz, beharrezkotzat jotzen du haiekiko akordioa, are konplizitatea ere. «Konexioa». Eta hala moduzko esperientziak izan baditu ere, bidean du proiektu bat beste argazkilari gasteiztar batekin, Maialen Bermudezekin («oso ona!»), Eider modelo izango dena.

Argazkilariaren begirada. Eider Bernaolaren begirada konprometitua. Argazkilari feminista. Feminista argazkilaria. •