ORTZI HEGOAS
Xutik taldeko bateria jotzaile Ortzi Hegoasek musika du pasio. Hori dela eta, hainbat proiektutan hartzen du parte. Horietako azkena Muda taldearen sorrera izan da, Maitena Beheranekin batera. Lehen diskoa atera berri, urriaren 22an aurkeztuko dute. Bitartean, Xutik talde aski ezagunarekin Euskal Herrian eta atzerrian jotzen jarraitzen du.

A steotan ospatzen ari den Xilabak eraman gaitu Ortzi Hegoasengana. Izan ere, Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketak bere doinua Xutik taldearen notetan aurkitu zuen 2010ean, eta geroztik bere egina du. Bertsularien Lagunak taldearen eskakizuna ez da bakarra izan, beste euskal eragile batzuen eskaerak jaso izan dituztelako, Herri Urrats edo Herrira mugimendua esaterako. «Guk musika egiten dugu kulturarentzat eta maite ditugun gauzentzat», azaldu du Ortzi Hegoasek.
Xilabako kantuaren grabaketa gogoan du: «Berezia izan zen, galdea egin ziguten eta bazekiten zuzen zer nahi zuten; aski fite joan zen dena. Berezia da, kantu bat baita, baina hitzik gabe. Guretzat proposamen polita izan zen».
Euskara eta Euskal Herria dira Hegoasen eta taldearen pasioa. «Kantua berriz entzutea maite dugu, zeren Xilaba bertsolaritza da, eta hori guretzat garrantzitsua da. Momentu eta animazio berezia da, bereziki Ipar Euskal Herriko bertsolaritzarentzat. Musika anekdota bat da, grabatu genueneko oroitzapenak dira eder, gainera, horrelako ekitaldi batentzat. Bai erraten dugularik, guretzat garrantzitsuak diren gauzentzat izatea entseatzen gara».
Sortzen duten musikak aditzera ematen duen bezala ongi pasatzea da taldekideen beste helburuetako bat, bai elkarren artean baita ikuslegoari helarazi nahi diotenaren bitartez: «Maite dugu euskara, maite dugu besta, maite dugu partekatzea, maite dugu musika eta horrela sortzen da Xutik». Sorrerak berak ere azaltzen du musika estiloa: «Hasi ginen Zpeiz Mukaki musika eta dantza taldean. Txaranga moduan ari ginen, eta pentsatu genuen agertokira pasatzea. Geroztik aldaketatxo batzuk izan dira, baina oinarrian zen izpiritua gelditu da. Hasieran agertoki gainean bertsioak egiten genituen, eta denborarekin gure kantuekin hasi ginen».
Sei dira taldekideak, bateria jotzailearekin batera: Peio Iciaga ari da ahotsean, Amaiur Koxkarat baxuan, Mizel Zamora tronpetan eta eskusoinuan, Patxi Bidart saxoan eta gaitarekin, eta, azkenik, Pier Balacey gitarrarekin. Osaketan gure lurra eta hizkuntzaren garrantzia atzematea erraza da, gehienak ikastolara joandakoak baitira, eta denak euskaldunak –Pier euskaldun berria da–. «Hori da gure taldeko puntu nagusietako bat».
Taldearen osaketak musikarengan eragin zuzena duela azaldu du Hegoasek, hau da, bakoitzak bere gustukoa dena jartzen du. Musikari bakoitzak dinamika eta sorkuntzari zer ekartzen dion galdetuta, horrela erantzun du: «Pier kitarra jotzaileak bere alde rock, metal eta elektroak jartzen ditu, horiek ditu inspirazio. Patxik anitzetan egiten ditu letrak, ideiak baditu. Mizelek bere pitokeria, bere umorea ekartzen ditu, baita entzuten dituen musiken estiloa ere, saxofoia eta tronpeta jotzen baititu. Peiok energia du ematen, agertoki gainean kristoren energia baitu. Amaiurrek, azkenik, musika landuagoa ekartzen du baxuarekin».
Taldean duen tokiari buruz galdetuta, honakoa esan du irribarretsu: «Nik aspergarritasuna ekartzen dut! Justuki galderak pausatzea ez garelarik ados! Musikalitatean ere hor naiz, nik musikan ikasketak baititut».
Horrela taldearen estiloa zehaztea saila egiten da, eta denetarik sortzen badute ere, gehienbat rock, reggae, ska, puntua dutela esan daiteke. Taldeko kideak berak ere hori nabarmentzen du: «Gurean ontsa dena da denek talde ezberdinak maite ditugula, rock pixka bat, energetikoa, da elkartzen gaituena».
Taldearen hastapenak gogoratu ditu: «Kantak egiten hasi ginen, eta ikusleen artean lekua egin zuten. Konturatu ginen kontzertu batzuk bagenituela, eta, azkenean, CD bat egitera animatu ginen; bi urte eman genituen». Orain arte hiru disko atera dituzte, lehena eta azkena autoprodukzioan. Aldiro 2.000 bat disko saltzen dituzte: «CD batek gaur egun ez du balio handirik. Diskoa jendeak baliatzeko egiten dugu, entzuteko edo atxikitzeko, baina Interneten ere jartzen dugu eskuragarri. Guretzat garrantzitsuena kontzertuak dira, jendeak momentu goxo bat pasatzea».
Hitzen garrantzia ere nabarmendu du perkusionista eta abeslariak: «Gure taldean musikak badu toki handi bat, kale talde bat garelako, baina hitzek ere badute toki garrantzitsua. Maiz hitz egiten dugu Euskal Herriaz, beti bada gure bizia euskararekin, euskararekiko eta euskararentzat».

Hitzak osatzeko laguntza handia izan dute hastapenetik, Jon Maia, Joseba Sarrionaindia, Uxue Alberdi, Asisko Urmeneta, Amets Arzallus... «Beti izan ditugu kolaborazio politak, eta kontet gara. Gehien-gehienetan iritsi dira lotura edo ezagutza baten bitartez. Beti harreman bat izan da oinarrian».
“Harremana” hitzak zentzu eta toki handia dauka taldean. Beraien artean esaterako: «Lagun talde bat gara eta den-dena elkarrekin sortzen dugu». Baita taldetik kanpo ere: «Guk maite duguna da harremana izatea jendearekin, ez norabaitera joan, jo eta gero berehala joatea. Beti maite dugu jendearekin partekatzea, izan kontzertua baino lehenago edo gero».
Trukaketa horiek Euskal Herritik harago ere egin dituzte, eta sarritan Ameriketako euskal etxeetan jo izan dute. Horrek ere euskal kulturaren oinarriak deskubritzen lagundu diela azaldu du perkusionistak.
Musikari dagokionez, Xutik anitza baldin bada, Ortzi Hegoas urrunago doa: «Zinez denetarik maite dut, izan indie musika, rocka, klasikoa, munduko musikak... Hori bai, nire formakuntza musika klasikoan eta tradizionalean egin nuen». Izan ere, Baionako Kontserbatorioan ikasi zuen, eta gero Hernaniko Musika Eskola Publikora joan zen Juan Mari Beltranekin txalaparta ikastera. Beste ikasketa mota bat ere aipatu du perkusionistak: «Jotzea, jotzea eta jotzea, hori ere formakuntza da!».
Jotzeko bidea aniztasunaren atetik ere pasatzen da. Hori dela eta, Hegoas ez da Xutik taldearekin jotzera mugatzen: dantza taldeekin esperientzia handia du, ikastoletan musika iniziazio ikastaroak eman ditu eta orain Muda proiektu berrian sartu da Maitena Beheranekin batera, Xutikeko lehengo kantariarekin hain zuzen. Beraiekin bestela ere taldekide duen Amaiur Koxkarat ari da, baita Patxi Amulet ere. Banda ezberdina izanagatik, helburuak ez dira hain ezberdinak Hegoasentzat: «Euskaraz kantatu eta ongi pasatzea, presarik gabe». Eta azaldu du: «Maitenaren ahots politaren gibelean gu gara, sostengatzeko gure musikarekin eta ahotsekin».
Folk-blues euskalduna eskaintzen du Mudak lehen diskoan, nahiz eta talde berria izatean oraindik «elkar deskubritzen» ari diren. Urriaren 22an aurkeztuko dute Donibane-Ziburuko gaztetxean, Gure Irriatiak 35 urte bete dituela ospatzeko antolatu duten gaualdiaren baitan.
CDko hitzak kolaborazioak dira, lagunek idatzitakoak, ezagun zein ezezagunak, eta idazleak bezala gaiak ere anitzak dira. Hitzak jaso ondoren musika taldekideen artean sortzen dute. «Maitenak ekartzen ditu ideiak, eta gu hor gara sostengatu eta bideratzeko. Kolaborazioez ere bera da arduratzen». Xutikeko kantari ohiaren gidaritzapean sortu da, beraz, Muda, aldaketa, animalia zein landareek egiten duten azal berritzea, aurkezpen hitz bezala hartuz.
Amaitzeko, Ortzi Hegoas musikari eta melomanoak horrela deskribitu du bere pasioa: «Musika hitz egiteko manera bat da, batzuetan hitzen beharrik gabe sentimendu bat pasatzen da. Nik hori maite dut, sorkuntzan zarelarik badira horrelako une sentimental batzuk; izan musika bortitza edo ez, beti da tartean zerbait pertsonala. Barnean gertatzen den gauza bat da, eta, ber denboran musikan ari bazara, jendeak entzuten du; bada komunikatzeko modu bat». •