IDOIA RODRIGUEZ MONDRAGON
«Etats de Crises» izeneko liburua argitaratu du duela aste gutxi. Krisi egoerak jasotzen dituzten ipuin laburrak dira, frantsesez emanak, egileak dioenez naturalki frantsesez idazten duelako. Donibane Lohizunekoak aitortzen duenez, idazteak on egiten dio eta idazteko beharra sentitzen du. Besteen korapiloez idatzi bereak askatzen laguntzeko.

O rain dela 27 urte sortu zen Idoia Rodriguez Mondragon Donibane Lohizunen, eta orain dela aste gutxi aurkeztu du bere lehen liburua, “Etats de Crises” (krisi egoerak), helduentzat zuzendutako ipuin laburrekin osatua. Euskalduna da, kolegio pribatu batean euskarazko irakaslea zehazki, baina frantsesez idatzi ditu ipuinak osoki. «Ene ama hizkuntza frantsesa da, idazteko eta irakurtzeko; irakurtzen dut euskal literatura ere, baina, egia erran, zailago egiten zait. Gero, ez da berdin hitz egitea eta idaztea, nik lasaiki hitz egin baitezaket euskaraz, baina, idazterakoan, beste zerbait behar dela uste dut. Bestalde familia frantses hiztuna dut, euskara ez dut etxekoa beraz, erran genezake akademikoa dudala, fakultatean hala ikasten nuen, eta naturalki frantsesez idazten dut; beharbada ona litzateke norbaitek testuak hartu eta euskarara eramatea. Ez dut baztertzen nonoiz euskaraz idaztea, baina momentukotz ez nuen hipokrisiaz agertzeko gogorik».
Bere lehen liburua denaren sorkuntza eta eraikuntza prozesua nola izan den galdetuta arnas hartu eta pausaz erantzuten digu, kokapen egoki bat eskaini nahi baligu bezala. «Beti ukan dut ipuinak idazteko beharra, kolegioan idazten nituen jadanik, irakasleei erakusten nizkien eta haiek aholkatu zidaten literatura ikastea ondorenean, baina ez nuen hala egin. Gero, duela bi urte edo, ipuinetan barneratzen hasi nintzen, gauza eraikiagoak egiten, ingurukoei irakurrarazi nizkien, eta, noski, haiek preziatu zuten, baina tira, ingurukoak ezin dira erreferentzia bakar izan. Honela, pertsona profesional batzuei erakutsi nizkien eta haiek interesgarriak atzeman zituzten, sakontzeko aholkatu zidaten, bazela egitekorik. Eta horretan aritu nintzen buru-belarri, ipuinak ontzen, nolabait betidanik baineukan liburu bat argitaratzeko nahia, nire izen eta abizenekin. Baina ausardia falta zitzaidan, urrunago joateko bultzada, besteei nik idatzitakoa erakusteko behar den gauza hori».
Krisiak, ipuinen arteko lotura
Liburuan badira elkarrekin harremana duten ipuin batzuk, hau da, istorio bereko zatiak direnak, eta lotura zehatza ageri dute haiek, baina desberdinak dira oro har, edonork egoera erreal askorekin identifika ditzakeenak; halere, berdintasunik ere bada ipuinen artean, eta horiek, pertsonaiek bizi dituzten egoerak dira, ironia puntu handi batez aurkeztuak daude, sarkastikoki landuta, eta beharbada horrek eraman zuen Idoia “Etats de crises” izenburua hautatzera. «Egia erran ez nuen buruan liburuari ezarri diodan titulua. Nik niretzat idazten nuen, barnean lotuta neukan zerbait askatzeko, pertsona batzuek kirola egin behar duten bezala, edo beste batzuek pintura edo musikaren lantzeko premia duten gisa, nik idazteko beharra daukat, on egiten dit, eta ohartu nintzelarik idatzitako ipuin guztiekin zerbait egin nezakeela, haien artean lotura zuzen bat agertu zitzaidan; nortasunaren aldetik, harremanetan, edo beraien bizi sozialean krisiren bat bizitzen zuten pertsonaia guztiek, eta hor ikusi nuen liburua identifikatzeko ebidentzia».
Eta ebidentzia horiek eraikitzen nondik hasten den galdegitea otu zaigu. «Lehenik ideia bat ukaitea eta hura idaztea izaten da; adibidez, autoan joatean, lokartu aitzin, edo norbaitekin mintzatzean zerbaitek tilt egiten dit, hori harrapatu eta idazten hasten naiz, jarraian idazteko usaia daukat, eta gero bizpahiru egunez horretan berean uzten dut, lozorroan bezala, ondotik idatzia berrartu eta landu egiten dut. Ezin dut ipuin berri bat hasi bestea bukatu aitzin».

Egilea bere pertsonaietan ezagutzen ote den, edo ipuinetako protagonistaren batekin identifikatzen ote den bistara datorren kezka da liburua irakurtzean, eta ezinbesteko galdera bihurtzen da Idoiarekin elkartzean. «Uste dut pertsonaia guztiekin identifikatu ahal garela, denetarik bada, baina bihurriak dira pertsonaia batzuk, eta inuzenteak bestetzuk; bizitzan, gu, ez gara beltzak ala zuriak, badugu iluntasun parte bat argitik bezala, barnean daukagu erokeria bat adibidez, baina ez dugu burura eramaten, pentsamolde bat ukan dezakegu baina beste manera batean jokatu, eta nire ipuinetan jasaten ez ditugun egoera horiek ez dituzte kontrolatzen pertsonaiek eta krisi egoerak dituzte; gure akatsak azaltzen dituzte». Deigarri egin zaigu pertsona bakoitzak daukagun erokeriarena eta sakontzeko eskatu diogu. «Pentsatzen dut denok daukagula barnean uki dezakegun muga bat, agian batzuek ez dute erakusten beren erokeria puntua, eusten dakitelako, eta konstante gisa ageri dira, segurtasunez beteak, baina nik adibidez badakit fite uki dezakedala ene muga, eta gainditua senti naitekeela segidan, gainera gaurko gizartean dena egina da gaindituak senti gaitezen, lanaren alineazioarengatik edo bikote harremanarengatik, buruan sartzen baitigute uros bizitzeko bikote bat ukan behar dugula. Baina denontzat ez da ona eredu hori, ez gara bortxaz formatu bakar batean bizitzeko eginak, eta ezin gara egokitu orokortasunera».
Epoka baten agerpena dago Idoia Rodriguezen liburuaren barnean; problematika garaikideak zedarritzen dituzte ipuinek, bikote harremanak, emakumearen eskubideen gabezia eta zapalkuntza, drogen eragina... Bestetik, bere idazkien irakurketak, ipuin horiekin zerbait luzeago egin daitekeela pentsarazi digu, eta hala iradoki diogu. «Tarantino etortzen bazait film bat egin nahi duela erranaz, baietz erranen diot. A, eta Almodovar etortzen bazait ere bai, noski», umorez erantzun digu, eta seriora itzuli da gero. «Bada azken ipuin bat, ‘Silencio’ izenekoa, alaba bat eta bere amaren arteko harremanari buruz mintzo dena; hor badakit garatzekoa badela, alabaren nerabe ikuspuntu hori biziki maite dut gainera, eta badira bisualak diren beste batzuk, landu nitzakeenak gehiago. Momentukotz kontent naiz honekin, jendeak harrera ona egin dio liburuari, gainera bitxia da, ezen hala adierazi didaten pertsona batzuek ipuin konkretu batzuk maitatu dituzte besteak baino gehiago, eta alderantzizkoa pasa zait beste jende batzuekin. Agian hor dago xarma, ipuinak bere egin dituztela jendeek».
Autoedizioaren aldeko apustua
Durangoko liburu azoka ate-joka daukagun garai honetan, han-hemenka ari dira liburu berriak argitaratzen, halere, ez da ohikoa idazki luze bat argitaletxerik gabe plazaratzea. Bada, autoedizioaren aldeko apustua egin du Idoiak. Bestalde, liburua argitaratzeko modua ere bitxia izan zen, festa ospakizun bat egin zuelako Ziburuko taberna batean; hurbilekoak izan zituen ondoan, familia eta lagunak, eta han jarri zen liburuak sinatu eta saltzen.
«Argitaletxe batek proposamen bat egin zidan, baina ez nuen halakorik nahi. Ez naiz inorengana zuzendu liburua argitaratzeko, hasieratik bukaeraraino nik egin nahi nuelako dena, badakit ez dela perfektua, izango direla akatsak beharbada, eta ukan dut laguntza maketatzeko eta beste, baina nire lana da hau, eta nik egon nahi nuen gainean. Ez da erraza gero liburu dendetara joan eta salgai jar dezaten lortzea, ohitura dutelako argitaletxeek bidalitakoekin lan egitea; nik zuzenean saltzen ditut, e-book gisa salgai dut Amazonen, blogean ere bai, Idobambi.blogspot.com. Biziki pozik naiz aurkezpena jendetsua izan zelako, anitz saldu dut, dendetatik berriro aleak eraman ditzadan deika ari zaizkit... Horrek betetzen nau». •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
