Mari Paz
Frankistek 1936ko udazkenean Hernaniko hilerrian fusilatutakoei omenaldia egin zieten joan den larunbatean. Albistea irakurri aurretik amonak esan zizkidan omenaldiaren nondik norakoak. Inaxik, bere ahizpak, eguerdiko eguneroko telefono deiarekin egin zion kronika. Hernaniko hilerrian, gure familiaren panteoitik aurrerago joanda omen dago fusilatu zituzten horma. Bertan fusilatu eta lurperatu zituzten 200 pertsona. «Pertsonaren miseria, horrela hil beharra…», eta isilik geratu zen.
Ezin tentazioari eutsi eta galdezka hasi nintzen: ea umetako ze oroitzapen dituen, ea berak inguruan ba ote zuen fusilatutakorik, ea mendira ardiekin joandakoan beldurrik sentitzen zuen… 79 urte egiteko dagoela, bera gerra ondorengo umea dela eta ez, ez duela gauza askorik gogoratzen. Onddi mendian, edozein zuhaitz bazterretan egurrezko gurutzeak izaten omen ziren, hildakoen seinale. Batzuetan bertan lurperatutakoak, bestetan auskalo nora eramanak. Bere gurasoek zalantza izan omen zuten berari zein izen jarri: Mari Paz ala Pilar. «Mari Paz? Zuri?». «Bai, gerra bukatu berria zen, eta, bakea zegoenez, hori pentsatu omen zuten. Baina nire amandreak Pilar izenarekin bataiatzea erabaki zuen, eta, azkenean, Pilar».
Bizi ditugun garaiek markatzen dituzte askotan gure umeen izenak. Hor ere modak eta boladak izaten dira. Nik dakidala, 30 urtez azpiko hiru gara Oiartzunen Mirari izena dugunak. Ez da ohiko izena edo ez behintzat moda-modakoa. Gero eta mirari gutxiago gertatzen dira nonbait. Oraingo umeen artean sumatzen ditudanak dira: Lur, Maddi, Aimar, Malen, Jare… Baina “Bakea” izenekorik ez.
Gure amonari Pilar izena jartzeko erabakia hartu zuen emakumearen tokian jarri naiz: balantzaren alde batean “Mari Paz”, eta, bestean, “Pilar”. Gerra bukatu berria izan arren, frankismoaren urte gogorrenak eta gordinenak ziren. Gosea eta sufrimendua sukaldeetan. Emakume hark igarri zuen gerra bukatu arren benetako bakerik ez zela eta ume bati Mari Paz izena jartzea karga gehiegi jartzea zela. •


