amagoia.mujika@gaur8.info
infraganti

LABRIT

Hamabost urtez egon da musika estudioetatik eta oholtzetatik aparte, baina musika sortzen jarraitu du, bere baitakoa baitu, erantzi ezina. Oraintsu aurkeztu du «Zortzi» izeneko diskoa, musika elektronikoagoaz jantzia, baina esentzian Labrit berdina dakarrena. Maitasunari kantatzen segitzen du, bizitzaren motorra dela ulertzen baitu.

Urte dezente eman ditu Labritek fokuetatik aparte, musika estudioko fokuetatik eta oholtzakoetatik urrun. Musikatik urrun ez, musika bere baitakoa baitu, ezin du erantzi. Amatasunak eraman zuen erabaki hori hartzera, erabat seme-alaben hezkuntzari eta hazkuntzari begira jarri nahi zuelako. Aldi baterako estudioak eta jendaurrekoak utzi zituen beraz, baina konposatzeari eutsi dio. «Egunero-egunero konposatzen dut zerbait, betidanik. Horietako lan batzuk haizeak eramaten ditu eta beste batzuk nirekin geratzen dira denboran zehar». Urteotan konposatutako abesti horiekin osatu du “Zortzi” diskoa, oraintsu kalera atera dena. Azken hau aurreko lanak –“Paradisua” (2000) eta “Nori Egin So!” (2001)– baino elektronikoagoa dela dio kantautore usurbildarrak. «Lehen, gitarra eta pianoa izaten ziren nire diskoen konposaketaren oinarria. Oraingo diskoa elektronikoagoa da, baina funtsean Labrit berdina izaten segitzen dut. Sekulako gogoa daukat zuzenekoak ematen hasteko. Zuzenekoetan nirekin arituko dira baterian Julen Apezetxea eta baxuan Xabi Barrenetxea. Mahai organiko eta elektronikotik sartuko diren efektuek asko edertuko dute emanaldia, indartu egingo dute. Lasai egoteko eta zure buruarekin konektatzeko musika dela esango nuke». Lehendabiziko emanaldia abenduaren 4an izango da Durangoko Azokaren baitan, Ahotsenean.

Diskoa Baga-Biga diskoetxearekin atera du eta Axular Arizmendiren AME grabaketa estudioan aritu da. «Oso gustura sentitu naiz Axular Arizmendirekin. Sekulako lana egin du eta bere txokoan oso gustura sentitu naiz, etxean bezala», kontatu du. Disko berriaren azalaz ere galdetu diogu. Bertan Labrit bera ageri da kamiseta tiradun motz batekin, gorputzaren parte handia bistan. Ez da oharkabean pasatzen. «Nik ez dut gorputza erakutsi beharra ikusten azal horretan. Hori begiratzeko moduan dago. Argazki sesio luzea egin genuen, arropa desberdinarekin. Azalean jantzita dudan kamiseta beltza etxeko trapu zaharra da, etxean eroso egoteko erabiltzen dudana. Zaharra da eta kolorgetua dago, argazkian nabari ez bada ere. Beroa egiten zuen, deskantsurako tarte batean jantzi nuen kamiseta hori eta argazkilariak argazki batzuk egin zizkidan».

Azala egin duen diseinatzaileak berehala aukeratu omen zuen argazkia. «Bere esanean bere gorputza aldatu egin dela kontziente ez den emakume bat ikusten du. Ni etxean bezala nengoen argazki horretan, hain garden, garbi eta natural. Ez diot ezer txarrik ikusten. Nire bizitzan barna sekulako konplexuak izan ditut nire gorputzarekin. Orain, erabat adiskidetuta nago nire gorputzarekin eta ez dit arazorik sortzen. Azaleko argazkian emakume bat ikusten dut, besterik ez. Beste zerbait ikusten duenak akaso begiradan dauka arazoa, ezta?».

Hamalau urte zituenerako konposatzen zuen Labritek. «Oso umetatik erakarri nau musikak. Orduak eta orduak ematen nituen gitarrarekin eta pianoarekin, nire bakardadean. Goiz hasi nintzen arima elikatzen, nire baitara begiratzen, nire buruarekin konektatzen».

Lehen emanaldia, Lasarte-Orian

Hamazazpi urte zituela eskaini zuen bere lehen emanaldia, Lasarte-Oriako gaztetxean. «Bitxia da. Emanaldia hasi aurretik gitarra afinatzen ari nintzen kanpoan eta hortxe sortu nuen ‘Gu’ abestia, gero lehen diskoan sartu nuena. Gogoan dut emanaldiaren hasieran kontatu niela han bertaratutakoei nola sortu nuen abesti bat, orduantxe, eta haiekin partekatu nuen. Grabatuta dago une hori». Lehen oholtza horretan «zoragarri» sentitu zela gogoratzen du, «nire barruko gauza oso intimoak partekatzen ari nintzela sentitu nuen lehen aldiz».

Azkenekoz oholtzara igo zenetik hamabost bat urte joan dira. Bizipen asko kabitzen da hamabost urtean. «Lehen nituen zalantza batzuk argitu zaizkit eta orain zalantza berriak dauzkat», dio usurbildarrak. Ez du uste, baina, hainbeste aldatu denik. «Esentzian berdina naiz, ez dudalako inozentzia galdu nahi. Ni inozentzia hori elikatzen saiatzen naiz gainera. Askotan bizitzan hainbeste gauza txar eta desatsegin gertatzen zaizkigu, dena begirada okerrez begiratzen bukatzen dugula. Ni saiatzen naiz munduari begirada baikorrez begiratzen, normalean islatzen duzuna jasotzen duzulako bueltan».

Inozentzia elikatzen saiatuta ere, bizitzak egunero ematen dituen lezioek –gaziek zein gozoek– xalotasun hori gastatu egiten dute eta kolorea galtzen du pixka bat. «Lehen inozentzia zena orain agian koherentzia bihurtu zait. Niretzat garrantzitsua da buruak eta bihotzak gauza bera esatea. Hala gertatzen ez denean denbora bat behar dut hausnartzeko, eta erabaki koherenteak hartzeko. Baina saiatzen naiz benetan nahi dudana egiten. Iruditzen zait oso ariketa beharrezkoa dela».

Lehen bezala orain, maitasunari kantatzen segitzen du. «Orain heldutasunetik kantatzen diot. Orain badakit bikote batean bi bide daudela, bi bide propio puntu batzuetan elkartzen direnak. Baina maitasun helduagoak espazio propioak askoz gehiago errespetatzen ditu. Hori ikasi dut eta abestietan igarriko da». Zergatik, baina, maitasunari kantatzeko behar hori? «Niretzat dena da maitasuna; osasuna, mugimendu etengabekoa, argitasuna... Ingurukoekiko maitasunak mugitzen gaitu eta norberaren ardura da maitasun hori modu osasuntsuan kudeatzea, maila guztietan».

Sorkuntzarako espazio propioak

Labrit Zabala Kasasola artisten familiakoa da, sorkuntza giroan hazia. Bere aita Carlos Zabala Arrastalu margolaria da, eta, ama, Amaia Kasasola, abeslaria. «Umetatik ikasi dut norberaren espazio propioak errespetatzen. Aitak berea behar zuen eta baita amak ere. Amak idatzi egiten du eta baita margotu ere, izugarri lan politak egiten ditu. Gure etxean ikasi dugu norberaren espazio propioak eta norberaren isiltasuna errespetatzen. Bagenekien isiltasun uneak eta denok elkartu eta hitz egiteko uneak izaten zirela gure etxean». Espazio propioa entzuleekin partekatzeko unea du orain Labritek. •