Maider Iantzi Goienetxe
infraganti

IRENE CAMINOS

Bizikleta txiki batean saltoka... Kirol ikusgarria da bike triala. Hondarribian, lagunei ikusiz hasi zen Irene Caminos gazte bizi eta alaia. Orain bera da eredu Tolosan entrenatzen dituen txikientzat. 18 urterekin, hagitz postu onak lortu ditu Europako eta Munduko Kopetan, baita Munduko Txapelketan ere. Podiuma du xede heldu den urtean.

A tsedenaldiaren ondotik entrenamenduei ekin die berriro Irene Caminos bike trialeko txapeldunak. Irailaren bukaeran izan zuen azkeneko Munduko Kopa, eta hilabete egon da gauza gutxi egiten. Sari ugari eskuratu ditu 18 urte bete berri dituen tolosarrak: bosgarren egin du Europako zein Munduko Kopetan; seigarren, Munduko Txapelketan. Euskadiko txapelduna da, baita Gipuzkoakoa ere.

Gurean oraindik ezezagun samarra den kirol honetan hasi zenean gurasoek erraten zioten ez zuela luzaroan segituko, aspertuko zela. «Baina bost urte bete ditut jada eta pixkanaka gauzak irabazten noa. Gustura», dio irribarrez. Neska bizi eta alaia da Caminos. Bere herriko, Tolosako, ostatu batean egin dugu hitzordua, elurrak ezustean harrapatuta Euskal Herriko hainbat bazter txuri-txuri ageri diren arratsalde batean. Entrenatzera joaten den Usabal kiroldegiko trialeko parkean gelditzekoak ginen, bere bizikleta txikiaren gainean saltoka ikusteko. Baina euria ari du goian-behean eta toki goxo bat aukeratu dugu. Halere, elkarrizketa bukatu orduko korrika egitera atera da gaztea.

12 urterekin hartu zuen bizikleta txikia lehenbizikoz. «Hondarribira joan nintzen, Bartzelonako lagun batzuk etorri zirelako txapelketa batera. Aitarekin urtero joaten nintzen ikustera, eta urte hartan esan nion gustatzen zitzaidala kirol hura eta egin nahi nuela».

Laguna Hondarribian ikusi eta urtebetera, lehen txapelketa egin zuen herri berean. «Sekulako euri-jasa ari zuen, horretaz oroitzen naiz. Asko gozatu nuen, eta gero gelditzen ziren Euskadiko txapelketa denetara joan ginen. Jendea ezagutzen hasi ginen, entrenatzeko geratzen… Azkenean puntua harrapatzen diozu. Giro aparta dago».

Zortea izan du, Tolosan Unai Iraola trialean ibiltzen zelako eta berarekin hasi zelako. «Aurten, ume asko apuntatu dira. Pabiloia daukagunez han entrenatzen ditugu astero Unaik eta biok». Eskolak Bartzelonan daude gehienbat; kirolak han eman zituelako lehenengo pausoak.

Pozarren dabil haurrekin. «Txikiena bost urteko neska bat da. Hortik aurrera adin guztietako umeak daude». Neskatxo hau iritsi arte, mutil artean ibili da Irene. Pabiloian palet eta bobinen gainean ibiltzen dira. «Hiru talde ditugu, maila ezberdinetakoak. Pixkanaka goaz. Hasieran bizikleta arraroa da; oso txikia da, ez dauka eserlekurik… Maneiatzeko zail samarra da. Baina hasi dira eta oso ondo doaz», dio ilusioz gainezka. «Ikasleren bat badago urrutitik etortzen dena. Ostiralero dago hemen eta gustura etortzen da».

Mutilekin lehiatzen

Bertze neskarik ez dagoenez, mutilekin lehiatzen da Caminos Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan; kanpoan, aldiz, neskekin. «Hasi nintzenean urte bat edo bi pasatu nituen nesken kategorian, baina bakarra nintzenez aspertu egiten nintzen eta esan nien ea mutilen kategorian sartzen ahal ninduten. Beraiekin sartu ninduten eta han jarraitzen dugu». Ongi hartu al duten galdetuta, «bueno» erantzun digu, «hasieran pikeren bat izan zen. Zer edo zer komentatzen dute. Neska batek irabaztea ez da oso zera».

«Munduko Kopan hasi nintzenean ez ginen gutxi, baina asko ere ez. Orain, pixkanaka, jendea ari da etortzen. Jende askok ezagutzen ez duen kirola da, gehiago da mutilena, edo hala dela esaten dute. Baina neskak ere animatzen hasi dira».

Motor triala bezalakoa da, baina bizikletarekin. Lehiaketetan bost gune izaten dira. Kategoria bakoitzak gezi kolore bat du eta gezi horietatik igaro behar dute. «Harri bat baldin badaukazu bi gezirekin, zuk gainetik pasatu behar duzu, igo eta jaitsi. Horrela bost guneetan, bi aldiz». Munduko Kopak hiriguneetan izaten dira. Adibidez, Belgikan, Anberesen, plaza erdian jokatzen da. «Gune bakoitzean gehienez bost aldiz jartzen ahal dituzu hankak lurrean. Lurra gutxien ukitzen duenak irabazten du. Arraro samarra da».

Ez daki zergatik aukeratu zuen. «Futbolarekin hasi nintzen, justu Hondarribira joan ginen garaian, eta urte bat egon zen futbola eta bizikleta uztartu nituena. Azkenean aitak esan zidan ‘gauza bat ala bestea’, eta bizikletak gehiago deitzen zidan». Gauza pila bat lantzen dira: «Abilezia eduki behar duzu, oreka ere asko, eta fisikoa… Asko gustatu behar zaizun kirola da, gauzak ez baitira oso azkar ateratzen. Asko entrenatu behar duzu. Ikusi eta ‘hori oso erraza da, nik ere egiten dut’ esaten ahal du batek, baina gero bizikleta hartzen du eta gauza gutxi egiten daki».

Irene Caminos egunero entrenatzen da. Orain hasi da eta lehenengo Munduko Kopa maiatzean izanen da. Batxilergoko bigarren maila egiten ari da (gero kirolarekin harremana duen zer edo zer ikasi nahiko luke, suhiltzaile izateko beharbada). Hiruretan eskolatik atera eta entrenamendura joaten da. Laster egiten du, igeri, mountain bike… «Azken honekin disfrutatzen dut, batez ere euria eta lokatza dagoenean».

«Entrenatzaile fisiko bat daukat Granadakoa dena, eta berak bidaltzen dizkit astero ariketak. Batzuetan asteburu bat edo hiru egun hartzen ditut eta bere etxera joaten naiz». Iaz Munduko Txapelketan parte hartu zuen lehenbizikoz, Espainiako Selekzioarekin. Granadako entrenatzailea selekzioko fisioterapeuta da. Dieta ere jartzen dio. «Hori jada gogorragoa da… Gehienbat amonarengana noanean». Lehenengo urtea izan da entrenatzailea izan duena. «Hilabete asko dira entrenatzen eta hasi nintzenean galdetzen nuen: ‘zerbaitetarako balioko du?’. Baina azkenean ikusi dut baietz. Aurreko urtean zortzigarren bukatu nuen Munduko Kopa eta, aurten, bosgarren».

«Entrenatzea kostatzen da hasieran, baina nahi dudana da eta emaitzak hala lortzea espero dut». Izan ere, helburu handiak ditu tolosarrak: podiumera igotzea Europako eta Munduko Kopetan eta Txapelketan. «Aurten, neska gehiago garenez, Munduko Kopa guztietan finalaurrekoa eta finala jarri dituzte. Sei lagun sailkatzen dira finalera». Xedea lehendabiziko sei horietan egotea zuen, eta lortu du. Ez hori bakarrik, bigarren Munduko Kopan, «ezustean», bigarren bukatu zuen.

Euskadiko txapelketa ere poltsikoratu du, kasu honetan mutilekin lehiatuz. Irunen jokatu zen eta justu-justu, puntu bateko aldearekin, irabazi zuen.

Aita eta lagunekin bidaiatzen

Aurten bost Munduko Kopa izan dira: Polonian, Austrian, Belgikan eta bi Estatu frantsesean. Europako eta Munduko Txapelketak Estatu frantsesean eta Italian jokatu dira. Datorren urterako sei Munduko Kopa jarri dituzte, aurtengo berak baina bi Belgikan. Kontent dabil, «mundua ezagutzen». Urtero izaten dira hiru lehiaketak, leku desberdinetan.

Denboraldia udan izaten da, beraz, ongi uztartzen ditu ikasketekin. Ongi pasatzen du. Aitak laguntzen dio. Euskal Herritik hiru kide joaten dira. Horietako bat eta bere aita Irene eta bere aitarekin joaten dira beti. «Nazkatzen dela esaten dit aitak, baina azkenean gustatzen zaio».

Munduko Kopa Euskadiko Selekzioarekin egiten du. Munduko eta Europako txapelketetara, berriz, Espainiakoarekin bakarrik joan daiteke.

Munduko Txapelketa taldeka ere jokatzen da. Bigarren egin du Caminosen taldeak aurten. «Gune handi bat da. Lau gezi kolore daude eta bakoitzak puntu batzuk ditu. Puntu gehien lortzen dituenak irabazten du. Frantziakoengandik 30 puntutara geratu gara. Oso pozik». Bost itzuli dira eta hautatzaileak aukeratzen du zein doan lehenengo. «Aurrenekoa ni izan nintzen. Urduriena ere ni izaten naiz. Baina ondo egin nuen».

Mutilen artean Estatu espainiarreko parte-hartzaile ugari dago, eta Estatu frantsesean ere indartsu dabiltza. Nesketan, duela bi urte esloveniar batek irabazi zuen, iaz australiar batek (bera da australiar bakarra) eta aurten alemaniar batek. Aunitz Bartzelonan entrenatzen dira, bertan trialeko parke ugari dagoelako. «Gu, munduko txapelketara joaten garen hiru lagunok, elkartu eta Frantziako lehiaketetara joaten gara, Segoviara ere bai, gehienbat entrenatzera, lehiatzen ere asko ikasten delako. Gijonera maiz joaten gara, lagunak ditugulako, eta Madril aldera ere bai. Asteburu pasa goaz eta disfrutatzen dugu. Kirol indibiduala da, baina lagun onak egiten ditugu». Zorterik onena hemendik txapelketetan, eta, batez ere, segi gozatzen! •