10/12/2016

JAVIER HERNANDEZ LANDAZABAL

Pintore hiperrealista esaten diote, baina teknika zehatz eta zorrotzaren jabe baino gehiago da. Ikusten duenaz gainera, pentsatzen duena kontatzen duen pintorea. Errespetu handiz begiratzen zion gaztetan arteari, eta errespetu handia merezi du berak ere hamarkada batzuk geroago.

Xabier Izaga Gonzalez
Pd28_landazabal1

«Oso tristea» begitantzen zaio koadroek funtzio apaingarri hutsa izatea. Eroslearentzat koadroa «etxeko moketarekin ondo ematen duen zerbait baino gehiago izatea» nahi du

Hernandez Landazabalen obraren gaineko informazioaren bila dabilenak haren sailkapena ere topatuko du katalogoetan. Baina sailkapen hori obrek berek egina omen da

Ez omen du inoiz esaten betidanik pintatu, marraztu edo artea egin duenik. «Ez baita egia, uste baitut egiten ari zaren hori artea den kontzientzia hartzen duzunean dela artea. Oso gaztea zarenean jolas egiten duzu, besterik ez. Eta une batean, horrek bi planotara jo dezakeela konturatzen zara: trebetasun hutsera, artisautzarantz joko lukeen planora, edo plano garatuxeago batera, kontzeptutik, arrazoitik zerbait duen eta emozioa eragingo duen beste batera». Trebetasuna ez omen da nahikoa, «plus» bat gehitu behar zaiola dio. Artearen hiru hankak, horrenbestez, ondo eginda egotea, hunkitzeko gai izatea eta objektu estetikoa justifikatzen duen pentsamendu bat izatea direla uste du.

Javier Hernandez Landazabal 14 urterekin hasi zen pintore batekin trebatzen eta Gasteizko Arte Eskolan ere ordu asko eman zituen nerabezaroan, baina “artista” terminoa zerbait «oso sakratua» zela uste zuen. Arte Ederrak egin zituen gero, pintura adarrean, bere kasa. Gasteizen ikasi eta Bilbon azterketak egiten zituen. Bitartean irakasle ikasketak ere egin zituen; «badakizu, etxean gosez hilko zarela esaten dizute…». Sekula ez da irakaskuntzan aritu, baina, dioenez, ondo etorri zitzaion egiten duena azaltzeko orduan ikuspegi didaktikoa izateko. Bestetik, Arte Eskolan eskultura egiten zuen, eta karrera bukatu baino lehen, Agurainen pintura eskolak ematen hasi zen. Ilustrazioan ere jarduten zuen, kartelak, komikiak edo liburu azalak egiten, «bizirauteko». Besteak beste “Habe”, “Habeko Mik” eta “Aizu!” aldizkarietarako lan egin zuen, eta, noizik behin, “Eutsi”, “Resiste”, “Texturas”, “Parentesis” edo “TMEO” bertan ere, hala nola Pamiela argitaletxean. Eta horrela joan zen bere burua definitzen, artearen ikuspegi zabala atzemanda, pinturaren bideari heldu arte. Gainerakoari uko egin gabe, ordea: «Oteizak esan zuen behin eskultura ikasita, eskultorea izanda, ez zuela eskulturarik egin behar. Esan nahi dut zuk zerbait egiten ikasi duzunean, egiten ez baduzu ere, baduzula horren ernamuina, beharbada egunen batean berpiztuko dena».

Gasteizko zenbait gune publikotan ikusgai daude Hernandez Landazabalen eskulturak. Haren margolan batzuk, berriz, zenbait bilduma publikotan. Eta erakusketa gehiegi egin ez baditu ere, badira dozena batzuk 30 urtetik gorako ibilbidean haren lanak jaso dituztenak.

Komikiaren bidez Antonio Altarriba idazle eta EHUko Frantses Literaturako katedraduna ezagutu zuen. Bere obrak erakutsi zizkion eta irudi haiei testua jartzea proposatu zion. Altarribak onartu egin zuen erronka eta lankidetza hartatik “Detective” komikia sortu zen. Bere koadroak bineta handi bat izan zitezkeela pentsatu zuen, bunbuilorik gabe, mezu inplizitua dutela, pasadizo bat edo istorio txiki bat kontatzen duten binetak direla.

Pintore hiperrealista gisa sailkatuta dago eta, berak dioenez, ia alferrik da horrelako katalogazioen aurka egitea. Baina ez dago ados. Pintore figuratibo baten koadroek normalean erosle baten horma batean bukatzen omen dute, funtzio apaingarria dute, eta Javierri «oso tristea» begitantzen zaio hori. Eroslearentzat koadroa «etxeko moketarekin ondo ematen duen zerbait baino gehiago izatea» nahi du berak, koadroaren jabeak edo bisitan doanak noizbehinka hura ikustean irakurketatxoren bat, keinu bat, zerbait ateratzea, irribarre bat besterik ez bada ere. Javierren lanak ikusita, irribarre bat baino gehiago ziurtatuta daukala esan daiteke. Ironia, umorea, kutsu surrealistako kontrasteak eta betiere hausnarketarako bidea baititu haren obrak. «Hiperrealismo historikoak bere momentuan, zuzen eta asmo onarekin, espresionismo abstraktuaren erabateko subjektibismoarekin apurtu nahi izan zuen, mihisera errealitate objektibo bat eramanez», dio, eta bere obrak itxuraz hiperrealismoarekin zerikusia duela eman lezakeela onartuta ere, argi du berak egiten duena ez dela hiperrealismoa. Ukaezina da haren teknika zorrotza, koadro bakoitzean egindako lan eskerga eta kalitatekoa, baina Hernandez Landazabal pintore narratzailea da, «plus» bat eransten duena: «Nik istorio edo kontakizun txiki bat eransten dut, eta, beraz, baita subjektibotasun puska bat ere».

Gasteizko alde zaharreko Extitxu tabernako horma batean badago Hernandez Landazabal eta Luis Eduardo Aute kantautorea elkarrekin agertzen diren argazki bat, Javierrek duela ia 30 urte egin zuen koadro bat tarteko hasitako harremanaren lekuko. Gutun bidezko harreman hura aspaldi eten zen, baina duela zenbait hilabete Aute Gasteizera agertu eta kontzertu txiki bat egin zuen Extitxu tabernan. Han, koadro haren kopia bat ikusi zuenean, Javier bertan zegoela jakin gabe, esan zuen koadro haren argazki handitu bat duela etxean, marko batean jarrita. Orduan, jendaurretik pintore gasteiztarra atera eta aspaldiko partez elkar agurtzeko aukera izan zuten.

Hernandez Landazabalen obraren gaineko informazioaren bila dabilenak haren sailkapena ere topatuko du katalogoetan. Baina sailkapen hori obrek berek egina omen da; «eurak antolatu dira beren kasa», dio Javierrek. Ez ditu koadroak sail baterako edo bestetarako pintatu, «koadro bakoitzak beste batera eramaten zaitu, eta denboraren joanean konturatzen zara badirela haien arteko zenbait lotura». Dioenez, beharbada azkenak lehenarekin lotura handiagoa du bigarrenak baino. Edonola ere, bloke edo sail guztietako elementuen artean ere bada konexiorik. «Kontu nolabait borgianoa da, beti istorio bera kontatuko balitz bezala». Izan ere, denen artean istorio bakarra osatzen dute, puzzle baten atalak balira bezala. Denak lotzen dituen lokarri nagusia artea bera da, artearen gaineko solasa, alegia: haren gaineko ikuspuntu historikoa, mugimenduak, pintoreak, musikariak... edo artearen elementuak, tresnak… «Baita ofizioak agerrarazten dizkizun zalantzak ere. Are gehiago esango nuke, existentziaren beraren gaineko zalantzak».

Horretaz ari dela, ordenagailuan erretratu deskonposatu bat ageri zaio. «Lan honek ere, guztiek bezala, arteari egiten dio erreferentzia, kasu honetan zinemari», “Deconstructing Harry” filmari, hain zuzen, baina Harryren ordez, Sarri da erretratatua. Eta ondoren beste bat, Gasteizko ZAS kultur espazioan ikusgai dagoena. Marcos komandanteordea da, pipa ahoan. Koadroak Rene Magritten obra famatuaren izenburu bera du: “Ceçi n’est pas une pipe”.

“Errealitate lauak” saileko lanak hiri-paisaiak dira, gehienetan narriatuta, denboraren joanaren arrastoa nabari dutenak. Beste sail bat “Pertsonaia anakronikoak” izenekoa da, aurpegi zurbilak eta antigoaleko jantziak elementu modernoekin harremanetan jartzen dituena. “Meta-artistika” artearen gaineko hausnarketa da, bai objektu artistikoaren gainekoa bai hura adierazteko moduaren gainekoa. Egia esan, «meta-artistika» sail guztietara hedatzen da, baina sail horrek biltzen du nabarmenen, eta Oteiza eta haren obra lan askotan agertzen zirela konturatu zenean, azpi-sail oteizarra ere osatu zuen. “Natura hiritarra” delako sailean, berriz, naturaren eta artifizioaren arteko elkarketak ditu aztergai, naturaren eta gizakiaren zibilizazioaren arteko orekaren hauskortasuna erakusteko asmoz. Azkenik, enkargu-lanak beste sail batean bildu zituen, ‘Tratua eta erretratua’ izenekoan, hain zuzen. Erretratua baino lehenagoko tratua prezioaren eta alderdi teknikoen gaineko akordioa da, baina baita tratabidea ere, pertsona ezagutzeko –haren keinuak antzemateko...–, «bestela, haren argazki baten kopia hutsa egingo nuke», dio. Merkatuaz galdetuta, bereizi egiten ditu arte espekulatzaile handien merkatua eta bera mugitu izan dena, oro har koadroa gustuko dutelako erosten dutenen merkatua. «Atseginagoa, gozamenerakoa, giza eskalakoa da».

Hernandez Landazabalek Martxoaren 3ko sarraskia oroitzen duen mural erraldoia zuzendu zuen Zaramagan, bederatzi solairuko eraikin baten adreiluzko horman. Veronica eta Christina Werckmeister IMVG Gasteizko mural-ibilbidearen arduradunek eskatu zioten horma-irudi ikaragarria zuzendu eta koordinatzeko, bai eta berak onartu ere, bere hiriko garai hura eta gertakari lazgarri haiek bizi izan baitzituen, eta mural apaingarritik aldentzen zen proiektua baitzen. Lehenik biktimen elkartekoen, Zaramagako bizilagunen, historialarien, artisten ideiak jaso eta koordinatu zituen, eta gero parte hartu zutenen lana zuzendu zuen. 30 lagun ziren, gehienek ez zuten margotzeko tekniken berri, eta, hortaz, horiei irakastea ere izan zen Javierren lana. Emaitza, inondik ere, ikusgarria.

Bada, badagoenez, zer miretsia Javier Hernandez Landazabalen obren aurrean, baita zer irakurria eta zer pentsatua ere. •