Amagoia Mujika Telleria
Entrevista
JOSEBA TAPIA
musikaria

«Nerabezaroaren aurretik beste era batera joka dezakegu musika eskoletan, haurrak musikara lotzeko»

Bere bizipen pertsonaletatik abiatuta idatzi du «Larreko eskolatik. Trikitixarekin gozatzeko apunteak» liburua. Eta horixe da lanaren erronka, musikaz gozatzeko bideak zabaltzea, musika eskoletan inor gogaitu ez dadin.

Trikitia osasuntsu dago dituen ikasle kopuruari begiratzen badiogu. Musika eskoletan instrumentu izarra bihurtuta dabil azken urteotan. Ikasleen grinari begiratuta, ordea, panorama bestelakoa da. Halaxe jaso du Trikitixa Elkarteak irakasleei galdetuta. Ikasle multzo handi horretan gutxi batzuek baino ez dute ilusioa eta gogoa.

Musika eskoletan urteak eman ondoren, eliteko ikasketei begira bidea egin ondoren, musikarekin ezin adiskidetu dabiltzanen historia ez da berria. Horrekin kezkatuta osatu du Joseba Tapiak “Larreko eskolatik. Trikitixarekin gozatzeko apunteak” izeneko liburua.

Larreko eskolaren aldarrikapena egiten du Tapiak liburuan; herriko musika, garajekoa, belarritik lantzen dena... solfeotik eta partituretatik kanpo, musika ibili badabilelako.

Liburuaren atzean kezka bat sumatzen da, hausnarketa bat. Diozunez, ez zenuke nahi «trikitixak tristura sortzea».

Askotan entzun izan dugu, eta ez Euskal Herrian bakarrik, urteetan musika ikasten aritu eta gero kasik era traumatikoan musika utzi dutenen kasua. Askok diote, gainera, 15 urterekin musika utzi eta 30 urte edo gehiagorekin berreskuratu zutela, ez dakit zein talde deskubritu zutelako. Hau oso ohikoa da eta kezka hor zegoen. 

Eta horri erantsi behar diogu duela lauzpabost urte Trikitixa Elkarteak galdeketa txiki bat egin zuela trikitixa irakasleen artean, egoera zertan zen ikusteko. Irakasleek kexu handia agertu zuten; gehienek ez dute ikasten, eskolaz kanpoko jarduera gehiegi dituzte, gurasoek ez dute behar bezalako ardurarik jartzen, haurrak musika eskoletan uzten dituzte kalean ibil ez daitezen, haurtzaindegiak dirudite...

Igartzen zen irakasleak amore emanda bezala zeudela; ikasteko grina zuten ikasle gutxi horiekin lanean eta besteekin amore emanda. Liburua hor hasi zen mamitzen: Zergatik ez dugu zer edo zer egiten irakasleei laguntzeko? Eta kezka horretatik irakasleekin bilerak antolatzen hasi ginen. Musika eskoletako trikitixa irakasleak etortzen zaizkit eta liburuan jasotzen ditudan gogoetak praktikara eramaten saiatzen gara. Eztabaidak izan ditugu, hausnarketak, ideia berriak frogatu ditugu... horren guztiaren ondorio da liburu hau, elkarlan baten ondorio. 

Ikasle kopurua ez da arazoa. Liburuan diozunez trikitia «euskaltasun modernoaren zati» bihurtu da, eta «ikasi beharraren sukarraldia» bizi du.

Bai, trikitixa modan dago, gure garaian ez bezala. Nik trikitixa ezagutu nuenean nekazari guneetan bakarrik izaten zen. Gogoratzen naiz hamazazpi bat urte nituela nola joan ginen Lasarteko dantza taldearekin Donostiara kalejiran trikitixa joaz eta jendeak arraro begiratzen zigun. Aldiz, gure festa guztiak herri txikietan antolatzen ziren eta horietan estimazio handia zuen trikitilariak, maite gintuzten eta jarraitzen zituzten gure jardunak. Gero, bide interesgarria hartu zuen; kalera bidean jarri zen, errekonozimendua gazteen artean, musika talde modernoetan. Gaztetxeetan sartzen hasi zen, rock taldeetan... Uste dut Oskorri, Hertzainak... aitzindariak izan zirela, beren musiketan trikitixa sartzen hasi zirelako. Baina pixkanaka folklorizazio bidea hartu zuen eta baztertua izatetik beharrezko izatera pasatu zen, eta horretan segitzen duela esango nuke. 

Gu nekazaritza guneetan bakarrik jotzetik diskoak grabatzera pasatu ginen. Gure diskoek arrakasta handia izan zuten, asko saldu ziren eta halako boom bat izan zen. Eta gure ondorengo belaunaldiek boom horretan jarraitu zuten, beharbada gu baino gehiago gainera. Baina hori ere aldatzen joan da, nahiz eta oraindik musika eskoletan trikitixa ikasle asko dagoen, gainbehera hasia dagoela esango nuke. Trikitixa eskolek halere gainbehera hori mantsoago sentitzen dutela iruditzen zait.

Liburuan kontatzen duzu Negu Gorriak taldearekin Suitzara eta Alemaniara egindako bidaia bat. Bertakoek harrituta begiratzen omen zintuzteten, «folklore atzerakoiaren ordezkariak» izango bazinete bezala.

Bai, halaxe izan zen. Haien begietara akordeoia mundu kontserbadorearen ikurra zen, eta Negu Gorriak baino lehen oholtzara agertzen ginenean akordeoia eta pandereta batekin harrituta geratzen ziren, ez zituzten bi estilo hain kontrajarriak elkarrekin lotzen. Euskal Herrian, aldiz, dagoeneko, rock taldeetan txertatua ageri zen. Baina urte batzuk geroago onarpen zabalagoa izan zuen, identitate ikur bihurtzeraino. Eta pixkanaka folklore faltsu bateko jantzi bihurtu zen. Euskal jai, eta sagardo ferietako ezinbesteko osagai. Hor hasi zuen malda beherako karrera.

Euskaltasunaren ikur bihurtu izana karga bat al da trikitiarentzat?

Nire ustez bai. Horren bilakaera, gainera, gainbehera etorri da, beharbada gure egoeraren ispilu. Gu beste estatu batzuen barruan bizi gara eta askotan zaila izaten da gure identitatea azaleratzea. Horregatik, gero eta gehiago, estereotipoak sortzen ditugu; baserritarrez janzten gara –nahiz eta baserritarrak ez horrela jantzi– eta trikitixarekin joaten gara diferentzia markatzeko. Hori gezurrezko irudi bat izanik, niri kalte egiten dit; etnografia gezurti horrek mina ematen dit, ez datorrelako bat bizi dugun errealitatearekin. 

Nik trikitixa beste era batera ezagutu nuen; ia-ia fama txarrekoa zen, kanpotik etorria, garaiko gizartean ez zen ondo ikusia, erdi ezkutuko dantzaldietan jotzen zen.... sekulako saltoa dago hortik gaur egunekora. Gaur egun ja ez daukagu dantzaldi ezkuturik, beste muturrera joan gara eta balizko euskaldunen erakustaldi horretan parte hartzen du trikitixak. 

Ikusi izan ditut bertako produktuen publizitatea egiteko trikitilariak baserritarrez jantzita kalejiran, eta horrek min handia ematen dit, gure saiakera guztiak beste norabide batekoak izan dira. 

Zuretzat trikitia zer izan da eta zer da?

Nik ez dut trikitixa lotura horiekin ezagutu. Alderantziz, gure bi osabek aholku egin zieten nire gurasoei ez nezala trikitixa ikasi, soinu handia ikas nezala, beste prestigio bat zuelako. Garai hartan bazen Donostian akademia oso sonatu eta moderno bat, Bikondoarena, eta han sartu ninduten. Niretzat trikitixa askapenerako tresna bat zen, nire belarri eta intuizioen agerpen bat. Eta nire mira guztia ere hor zegoen, segur aski nire osabak askotan ikusi nituelako soinua jotzen. Bikondoaren eskola horretan, baina, ez zuten musika herrikoia maite, eliterako prestatzen gintuzten eta oso lan konplikatuak jotzen genituen. Baita oso interesgarriak ere, gerora nik estilo hori maitatzen ikasi dut eta asko gustatzen zaizkit lan horiek. Baina akademia hartan baztertu egiten zituzten influentzia herrikoiak eta nik besterik ez neukan buruan. Horregatik, txoke batean bizi nintzen. 

Jende asko dago trikitia jotzen aske sentitzen dena eta eguneko orduak horretan emango lituzkeena. Eta ez naiz ari plazan aritzen diren trikitilari famatuez.

Egia da, eta liburu hau horri buruz ari da. Ni bakean sentitu nintzen ondorengo azalpenarekin: Gauza desberdina dira larreko musika eta akademiako musika. Ez dituzte gauza berdinak lantzen. Azalpen horrekin asko lasaitu nintzen, guri beti esan baitigute musika guztiak solfeotik pasatzen direla. Eta solfeoa sakralizatu egin da, solfeoaren alde onak ere zapuzteraino. Liburu honetarako musika estilo desberdinen konparaketa bat egin dut eta besteek nola egiten duten begiratu. Esaterako, rocka, gazteek garajeetan nola lantzen dute? Lehen nola ikasten zuten trikitixa eta orain nola. Euskal Herritik kanpo nolako eskolak daude? Konparaketa horretan sekulako desberdintasunak aurkitu nituen.

Iruditu zitzaidan aurkitua genuela linea bat, argibide zenbait eta apunte hauek lagungarri gerta zitezkeela pentsatu nuen; bai irakasleentzat eta baita gurasoentzat ere. Akaso ez metodo bat, baina bai lantzeko moduko ideia batzuk. Horrela hasi nintzen liburua eskribitzen.

Zuk 15 urte zenituela hartu zenuen trikitia, segur aski lehenago ez zizutelako utzi. Baina liburuan aipatzen duzu nerabezaroan pizten dela musikarako grina nabarmenen.

Bai, nerabezaroarena argi agertzen zen ibilbideen konparaketan. Gaur egun ezagun diren musikari askoren istorioak arakatzen hasi eta konturatu nintzen gehienon bidea berdintsua dela: haur ginela hasi ginen musikan eta nerabezaroan aldaketa bat izan dugu, hortik aurrera guk aukeratu baitugu zein instrumentu edo musika klase egin nahi genuen. 

Nerabezaroa aldaketa handiko garaia da. Ordura arte, gurasoen eraginpean aritzen gara –eta eragin horrek ez du zertan txarra izan–, baina hortik aurrera hasten gara beste eragin batzuetan arreta jartzen, gure gustu eta nahiak garatzen, eta hau ere ez da txarra. Gure buruak lehen aldiz itsusi ikusten hasten gara; nire aurpegia ez zait gustatzen edo nire ahotsa ez zait gustatzen. Lotsak hasten dira eta gure erabakiak hartzen hasten gara. Gure festak egiten hasten gara, gure bidea ibiltzen. Eta ez zen harritzekoa izango musikan ere antzeko gauza gertatzea. Nerabezaroan hartzen ditugun erronketan ez dago atzetik bultzaka ibili beharrik, ez dago estudiatzeko esan beharrik; ez behintzat ikasleek beraiek hautatu dituztenetan.

Kontua da zer egin nerabezaro aurreko tarte horretan. Nire kasuan musikaren eta kantuaren presentzia handia izan nuen inguruan, familian. Hori garrantzitsua eta ezinbestekoa izango zen gero nire musikarekiko zaletasunean eta trebetasunean ere. Baina musika eskoletara goiz bidaltzen ditugunez gero, bertan egin genezake lan eder bat zaletasuna eta gogoa pizteko.

Zure etxean musika giro handia zegoela diozu, baina egungo haur gehienen etxean «zero musika», diozu liburuan.

Ikusten da ikasle askok musikarekiko lotura bakarra musika eskolan duela, eta hori karga handiegia iruditzen zait irakasleentzat. Teknika erakusteaz gain, irakasleak musika zaletasuna kutsatu behar die ikasleei, eta nerabezarora erabat motibatuta ekarri behar ditu. Ados. Baina irakasleak egin al dezake, berak bakarrik, hori dena? Gehiegi eskatzea iruditzen zait. 

Hala ere nerabezaroaren aurretik beste era batera jokatu genezake musika eskoletan, eta norabide horretan saiatu naiz argibide batzuk biltzen. 

Eta gurasoentzat ere badaude pista batzuk. Zuk seme-alabak musikara zaletu nahi badituzu, etxean giro bat egin behar duzu. Eta adibide garbi bat jartzen dut, futbolarena. Etxean futbolzaleak baldin badira, giro hori bizi badute, haurrak ere futbolzaleak izango dira. Eta gainera futbol partidetara eramaten badituzte, are gehiago.

Musika eskoletan dena ezin dute egin, etxean ere landu behar da musikarako giro hori. 

Liburuan jasotzen dituzun gogoetek ondo balio dute musikatik kanpoko beste eremu askotarako ere. Seme-alabak zeozertan «onak izatea» baino «ondo izatea» aldarrikatzen duzu, adibidez.

Badirudi titulu bat behar dugula denerako. Hain mundu lehiakorrera ekarri ditugu haurrak, tituludunak izatera behartzen ditugu, titulu horrek izugarri kostatu eta sufrimendua eragiten badu ere. Iruditzen zait askoz hobea dela haurrak musikara beste era batera lotzea, gu lotu ginen eran; plazeretik, gozamenetik, ondo pasatzetik... 

Titulua atera behar horretan, gainera, frogatuta dago jende askok, titulua lortuta, musika utzi egiten duela. Eta hori porrota da. 

Punta-puntako musikaria izan nahi duenarentzat badago bidea. Beste guztientzat, ordea, ez da hain bide argia.

Irakasleek esaten digute oso portzentaje txikiak ikasten duela. Ados, ehuneko txiki horrek ikasiko du, baina zer egingo dugu beste guztiekin? Beste jende hori guztia musikara ekarri behar dugu. Ez dira igual munduko onenak izango, baina musikarekin gozatuko dute. Ez da ezinezkoa. Kanpoko esperientziek argi erakusten dute posible dela. Ikusi Euskal Herrian bertan bertsolariekin eman den jauzia, garai batean “jaio” egin behar zen bertsolari izateko. Gaur egun gehienek gozatzeko adina kantatzen dute. Horixe nahi nuke musikan ere.  

Gogoratzen naiz Seattlen –han dena biolina da– oso eskola alternatibo batean egon ginela. Ikasturte amaiera zen eta bukaeran, gurasoek tabernan zerbait hartzen zuten bitartean, haurrak kanpoan elkarrekin jotzen ari ziren. Horietako zaharrenak dagoeneko unibertsitatera zihoazen beste estatu batera eta denak bere instrumentua besapean hartuta zihoazen. Irudi hori sekulakoa iruditu zitzaidan, gazte horien bizitzaren parte delako jada musika. Eta hori guztiok lor dezakegula uste dut.