Gure dorreak
Ezagunak dira Pisako dorrearen okerduraren pixkanakako handitzeak bere garaian italiar agintariengan sortu zituen buruhauste eta larridurak. Grabitatearen indarrak lurra joaraziko zion usteak asaldura handia eragin zuen. Hemen, gure artean, PISA txostenak EAEko agintari eta eskola eragileengan sortu duenaren neurri bertsukoa; aurreko hamarkadan sendoa omen zirudien hezkuntza sistemaren dorreari dar-dar eginarazteraino.
Ez da harritzekoa, erantzukizunaren zama leporatzeko orduan, hezkuntza sistema eta horren arduradunak begiz jo izana. Inor gutxik jarri du zalantzan proba bera. Aurreko urteetako kalifikazio hobeak “onak” egin zituen sistema eta arduradunak. Aurrekoetan balioetsitako informea, nola orain zalantzan jarri? Ez lukete legitimitaterik izango.
Denok, erantzukizunak eta sistemaren hobekuntzak eskatzeko eskubidea baztertu gabe, galdera bati erantzun beharko genioke: PISA ote da gure hezkuntza sistema balioesteko ebaluazio irizpideak egokien jasotzen dituen proba? Txosten horrek geurean jasotzen dituen emaitza txar edo onen, poz eta tristuren, gorabeheren karietara erabakiak hartzera mugatu behar ote dugu?
Azkenaldian, ikasleak ebaluatzeko parametro aldaketaren beharra aholkulari eta profesional ugariren ahotan dabil. Kalifikazioa eta ebaluazioa ez dela gauza bera azpimarratu dute. Esan eta esan ari zaizkigu irakaskuntza-ikasketa prozesuaren ebaluazioa dela garrantzitsuena, ez kalifikazioa. Ebaluazioaren helburua hobekuntzak eta zuzenketa neurriak ezartzea beharko litzatekeela, ez ikasle eta eskolen arteko mailakatzea.
Ba, hara nola, PISAko emaitzen helburua mailakatzea dela jakinda ere, haren doinura denok dantzan jarri gaitu. Nota txarrak guztiok asaldatzen gaitu nonbait eta onak jaso dituena loriatu. PISA ote da parametro berrien arabera ontzat ematen dugun neurgailua? Aitortuko al genioke LOMCEri gure hezkuntza sistema ebaluatzeko zilegitasuna? PISAri bai? Nahikoa al da sona handiko informearen izate hutsa ontzat emateko?
Berezko Hezkuntza Sistema aldarrikatu eta PISA informeari ebaluatzeko gaitasuna onartzea ez da koherentea. Ebaluazio sistemak berezko adierazleak jaso behar ditu eta adostasun zabala bildu hezkuntza eragileen artean. Gainerakoan “PISA dorreak” azpian hartuko gaitu eta beldur naiz bakar batzuek gure hezkuntza sistemaren dorre nagusia dena, euskara, ez ote duten bota nahiko. •


