Xabier Izaga
Entrevista
Koldo Zuazo
EHU-ko katedraduna

«‘Euskalkia’ eta ‘lagunarteko euskalkia’ bi gauza ezberdin direla argitu beharra dago»

Iñigo Martinez futbolari ondarroarrak Realeko zaleei bidali zien agurrak sorrarazitako polemika, besteak beste, izan dugu hizpide Koldo Zuazorekiko solasean.

Urtarrila itzali eta otsailarekin batera zalaparta piztu da euskal futbolaren munduan. Athleticek Realeko jokalari bat fitxatu du aspaldiko partez. 13 urte zituenetik Realean jokatu duen jokalaria, duela zenbait urte ez zuela inoiz Athleticen jokatuko esan zuena. Iñigo Martinez ez omen da Athleticen gehien kobratuko duen jokalaria, baina haren fitxaketa Athleticek egin duen garestiena da. Horrek guztiak hautsak harrotu ditu zaleen artean. Ika-mika bere bidea egiten ari zela, ordea, jokalariak Realeko zaleei bidali zien agurra zela-eta, kirol esparrua gainditu zuen eztabaidak. Agur sentitua da ondarroarrarena, taldeari eta zaleei esker ona agertzen diena, gaztelaniaz eta euskaraz. Ondarroako euskaraz.

Iritzi asko eta askotarikoak agertzen hasi ziren bat-batean sare sozialetan; batzuek Athleticeko jokalariari agur mezua bere herriko hizkeran idatzi izana aurpegiratzen zioten; beste batzuek, aldiz, horixe bera txalotzen zuten. Uste izatekoa da iritzi horietako askotan baduela pisua Realeko jokalari ohia Athleticera joan izanak, baina euskararen esparruan bete-betean sartu eta bertan hartu du polemikak bere goreneko maila.

Iritzi pausatu eta ondo oinarritu baten bila, Koldo Zuazo EHUko katedradun eta nola euskalkien gainean hala euskara batuaren gainean saio ugari idatzi dituenarengana jo dugu. Euskara batua eta euskalkiak noiz, non eta nola erabili argitzen laguntzeko proposamenak plazaratu izan ditu Zuazok, baita bere ustez, horri dagokionez, erakunde publikoek nola jokatu behar duten ere; horregatik, besteak beste, Bizkaiko Batzar Nagusietako prentsa bulegoak bere oharrak bizkaieraz bidaltzeari zer deritzon galdetu diogu.

Izango zenuen Iñigo Martinez futbol jokalariak bere agurra Ondarroako euskaraz idatzi duelako sortu den polemikaren berri.

Oihartzuna besterik ez; ez dut jarraitu.

Beharbada, Realean jokatzen zuen futbolari hori Athleticek fitxatu izanaren aurrekaririk gabe, polemikak ez zuen hartu duen tamaina hartuko?

Hala da. Behin baino gehiagotan entzun izan diot Iñigo Martinezi hedabideetan hitz egiten eta beti Ondarroako euskaraz. Beraz, ez zen harritzekoa agurra ere horrela egitea.

Edonola ere, euskalkien eta batuaren ustezko dikotomia agerrarazi du. Batua sortu zen garaiko eztabaida gaindituta zegoela zirudien...

Esango nuke gauza batzuk badaudela gaindituta. Esate baterako, “euskara batuaren beharra”. Euskaraz lan egiten dugun denok edo gehienok jabetzen gara haren balioaz eta erabat onartzen dugu. Gainditutzat jotzen dut “euskara batua eraikitzeko oinarriaren” auzia ere. Gipuzkoako euskara da batuaren ardatza eta hori ere uste dut denok edo gehienok onartu dugula. Aldiz, bada gainditu gabeko kontu bat: noiz, non eta nola erabili behar den batua. Hori sekula ere ez da argi utzi, eta, hutsune hori daukagun bitartean, beti izango da liskarra eta eztabaida.

Batua batez ere erdialdeko euskalkian oinarritu izanak zenbait bizkaitarren haserrea eragin zuen. Hala ere, herrialde guztietan zeuden batuaren aurkakoak. Gaur egun indartu egin al da jarrera hura?

1964an, euskara batua egiten hasi zenean, euskara ez zen ofiziala; Hego Euskal Herrian diktadura militar batean bizi ginen eta erdarak ziren erabat nagusi. Garai hartan euskara batua zeregin gutxi eta jakin batzuetarako nahi zen: ikastoletako testu liburuak egiteko, idazle batzuen premiak asetzeko, zenbait hedabidetan erabiltzeko… Gaur egun, ordea, euskara batua gu guztion eskura dago, gutariko gehienok daukagu haren beharra, eta horrek batua “egokitu” beharra eskatzen du. Askotan esan izan dut, beste herri batzuetan bezala, hemen ere ezinbestekoak direla “tokiko batuak” eta ezinbestekoa, era berean, “batu kolokiala” edo “lagunarteko batua”. Tresna horiek ez izateak sortzen ditu −eta sortuko ditu− arazoak, eta, gauzak bide onetik joango badira, lehentxoago edo gerotxoago konpondu beharra izango da. Eta, jakina, hobeto lehenbailehen konpondu, gauzak bere onetik atera ez daitezen.

Zuk hamaika liburu idatzi dituzu euskalkien eta euskara batuaren gainean. Behin baino gehiagotan gomendatu duzu noiz erabili bata eta noiz bestea.

Eta beste batzuk ere arduratu dira horretaz, baina hizkuntza gaietan “autoritatea” daukanak eman beharko luke erabakia. Gaur-gaurkoz, euskara batua egin zuenari dagokio auzi hori garbitzea.

Hainbat lekutan ez dago euskalkirik. Hiri handietan, esate baterako, eta bertako euskalkidunek ez dute denek euskalki bera.

Hori gehienbat hiri handietan gertatzen da, baina Iruñeko euskaldunek, esate baterako, Nafarroarekin daukate lotura; Baionakoek, berriz, Lapurdi eta Nafarroa Behererekin; Bilbo aldekoek Bizkaiarekin… Esan nahi dudana da Iruñean eta Baionan ekialdeko euskaratik gertu dagoen hizkera bat zabaldu beharko litzatekeela; Bilbo aldean, berriz, mendebaletik gertu dagoena. Atzerriko euskaldunen auzia ere hor dago: Londresen, Bartzelonan, Poznanen… bizi diren euskaldunena. Kasu horietan Gipuzkoako batua hartzea litzateke zentzuzkoena.

Gazte askok idazten dute euskalkian Iñigo Martinezen antzera, hau da, fonetismoz, ahoskatzen duten bezala. Ez dugu, jakina, Martinez epaituko, baina bai haren testua erabiliko adibideak ematearren: «laun» (lagun), «etxi» (egitea), eta abar.

Hori “lagunarteko euskalkia” da eta euskalkiaren barruan ere badira eredu edo erregistro bi: lagunartekoa eta jasoa. Etxeparek, Axularrek, Mogelek, Txomin Agirrek… euskalkian idatzi zuten, baina erregistro jasoan. Lagunarteko euskalkian idaztea oso ondo dago gaztetxe batean edo lagun batzuen arteko hartu-emanetan, baina ez, adibidez, aldizkari bateko artikulu batean, nahiz eta herri edo eskualde euskaldun batekoa izan. Hain zuzen, horixe da argitu behar den kontu bat: “euskalkia” eta “lagunarteko euskalkia” bi gauza ezberdin direla.

Euskalkia, zehatzago, Deba ibarreko hizkera nola idatzi ere proposatu zenuen.

XXI. mende honen hasieran elkartu ginen Deba ibarreko zenbait lagun euskara batua gure alderdira egokitzeko eta bertako euskara indartzeko asmoz. Urrats batzuk egin genituen: bertako hitzak, bertako esapideak, bertako zenbait ezaugarri fonologiko, morfologiko eta sintaktiko hobetsi genituen. Azken batean, euskara batuak ematen du hori egiteko aukera. Euskara batuak ez ditu ez hango ez hemengo hitzak eta esapideak baztertu eta beste zenbait ezaugarri ere hiztunen esku utzi ditu. Esate baterako, Deba ibar gehienean “lagunarendako” esaten da, “lagunarentzat” esan ordez, eta euskara batuan biek daukate lekua. Horrelako aukera zegoenean, gu geure artean geure betikoa erabiltzearen alde agertu ginen. Beste era batera esateko, euskara batuaren aldeko aldarria egin genuen, baina euskara batu horren barruan geurearendako lekua bilatzen ahalegindu ginen. Uste dut oreka hori Euskal Herriko beste alderdi batzuetan ere bilatu beharko litzatekeela; gehienbat, Hegoaldean.

Behin eta berriz esan izan duzu, eta inork gutxik jartzen du zalantzan, euskara batua beharrezkoa dela. Batzuek, hala ere, sasi-euskara, edo artifiziala dela diote.

Hori esatea ez da inondik inora ere zuzena, eta, gainera, “etxekalte” izatea da. Euskara batuak badu oinarri bat: Beterriko gipuzkera, Tolosa eta Donostia bitartean egiten dena. Horko hizkera “sasi-euskara” eta “artifiziala” baldin bada, isildu egingo naiz, baina niri ez zait iruditzen horrela denik, eta ez naiz alderdi horretako hiztuna.

Kezkagarria al da batuaren aurkako jarrera edo harenganako ezaxola?

Izango ez da, ba! Azken batean, euskara batua da gure hizkuntza “nazionala”. Beraz, euskara batua ez onartzea, Euskal Herria ez onartzea bestekoa da. Gauza da zenbaitendako Euskal Herria Irunen edo Hendaian amaitzen dela, ez dutela ezagutzen Zuberoa eta Araba, eta horrexegatik daukate ikuspegi motz eta itxi hori.

Eta sortu den eztabaida hau onuragarria da?

Nire ustez, ez. Eztabaida onuragarria izango bada, oinarri zuzenen gainean eta helburu zuzenei begira eraiki behar da.

Esan bezala, zerikusi handia izan du Martinezen fitxaketaren aurrekaria eztabaidak hartu duen dimentsioan, baina ondarroarra ez da edozein testuingurutan euskalkian idazten duen bakarra. Bizkaiko Batzar Nagusietako prentsa bulegoak ere mendebaldeko euskaran, bizkaieraz, bidaltzen ditu bere oharrak.

Horrexek kezkatzen nau ni, ez futbol jokalari batek egiten duenak. Bizkaiko Batzar Nagusiek dialektoan idaztea gure barruan daukagun minbiziaren erakuslea da: ezjakintasunaren minbiziarena.

Zuk diozunez, gaur egun euskalkiak elkarrengandik hurbilago daude. Euskaldunen arteko komunikazioa erraztu eta areagotu egin da… Batuak eraginik izan al du hurbiltasun horretan?

Batuak eta, jakina, batua zabaldu duten eragileek: eskolak, hedabideek, administrazio erakundeek –dirudienez, Bizkaiko Batzar Nagusiek ez besteek–… Esango dizut horrek baduela bere alderdi ona: positiboa da gauza batzuetan berdin jokatzea, esate baterako, hitz edo esapide berriak sortzerakoan, denok aukera berberen alde egitea. Baina batuaren izenean euskararen zenbait ezaugarri erabat galtzea oso negatiboa da. Esate baterako, Bizkaian gazte askok eta askok ez dakizkite bertan esan diren asteko egunen izenak: martitzena, eguaztena, eguena… Ez dut uste izen horiek galdu beharra zegoenik.

«Mendebaleko euskara» argitaratu zenuen iaz, euskalki horren azterketa oso eta zehatza. Zer darabilzu orain esku artean?

Bost urte egon naiz Lapurdin, Saran, eta inprentan daukat hango lanaren emaitza. Saran bertan agertzeko asmoa daukat, apirilaren 2an, Idazleen Biltzarrean. Udazkenean Nafarroa Beherera joango naiz, Baigorrira, herrialde hartako euskara ikastera. Orain, berriz, negu garai honetan, Urdiainera itzuli naiz, hango eta Sakanako euskara hobeto lantzera.