Iñaki Sanz-Azkue

ARRABIO ARRUNTA, BASOAREN ETA ISTORIO ZAHARREN BABESEAN

Orbel artean doa, basopean. Mantso baina ziurtasunez mugitu ditu oinak; eta aurrera doa, pixkanaka. Lurreko landare eta hostoen artean, ez da asko aldenduko erreka inguruak ematen dion hezetasunetik. Ez du presa handirik arrabioak. Ez dirudi, behintzat. Bere bizkarraldeko marra hori-beltzek ziurtasuna ematen diote. Arrabioak ez du lasterka egin beharrik; ez du hortz zorrotzen ezta atzapar beldurgarrien falta sumatzen. Nahikoa du daukan itxurarekin bere burua babesteko. Etsaiek pozoitsu tankera hartzen diote; gizakia ere ez da berarekin fio. Errespetua diote arrabioari. Koloreek, eta belaunaldiz belaunaldi transmititu diren istorioek sortzen duten errespetua.

Arrobiyua izeneko komikia
Arrobiyua izeneko komikia (Alai Zubimendi | )

Ez ukatu ederra ez denik. Telebistan ikusten diren dokumentaletako animalien itxura du, eta ezagutzen ez duenak ez du bertakotzat joko. Arrabio arrunta (Salamandra salamandra), ordea, izenak dioen bezala espezie arrunta da Euskal Herri hezean. Baso inguruan bizi denak edota perretxikozaleak segituan esango du: «Horia eta beltza. Mantso-mantso ibiltzen da, orbel artean, basopean. Hori da arrabioa». Izan ere, behin ikusita, zaila izaten da animalia hau ahaztea. Kolore bereziak ditu, biziak eta deigarriak. Ezberdina da.

Arrabio arrunta anfibioa da, isatsduna, eta, beraz, urodeloen taldekoa. Gainontzeko anfibio espezie guztiek bezala, azala bustia ez bada, hezea edukitzea komeni zaio. Euskal Herriko anfibioen artean, alabaina, bera izango da lehortarrena; bera da urarekiko behar gutxien duena. Hori dela eta, animalia berezi hau batez ere baso hezeetan aurkitzen da. Ugaltzeko errekastoak erabiltzen ditu maiz, baina mendi-pistetako putzu-zuloetan ere aurki daitezke bere larbak edo kumeak, ur azpian bizi ahal izateko zakatz eta guzti. Ur-guneen faltan, baina, ez du amore emango, eta bere gorputza moldatuko du arrabio kumeak sabelean denbora gehiagoz izan eta zuzenean uretik kanpo askatzeko. Garatuagoak jaioko dira. Zakatzik gabe, birikekin uretatik kanpo arnastu ahal izateko. Arrabioak ingurunearen arabera kume-aldia aldatzeko duen gaitasuna ikaragarria da.

Gure inguruan topa dezakegun arrabio azpiespeziea, Salamandra salamandra fastuosa izenekoa, udaberriko eta udazkeneko gau heze eta epeletan aurkituko dugu maiz. Basoaren babesean, koloreak ematen duen ziurtasunarekin, lasai, mantso ibiliko da orbel artean.

Baso heldutasunaren adierazlea

Egur azpietan gordeta, edota sustrai handien arteko zirrikituetan babestua topatuko dugu sarri. Basoaren heldutasunak, konplexutasunak eta egituraren aniztasunak ere izango du zeresana arrabioaren presentzian. Baso naturalak ditu gustuko landaketen aldean: arbola zaharrak zein jaioberriak, ustelak, hilik daudenak, eroriak edota zutik jarraitzen duten zuhaitzak, denak nahastuak dituzten basoak. Arrabioa baso natural helduek duten konplexutasun eder horretan ibiltzen da eroso, eta landaketetako tamaina bereko arbola eta basope soilduko guneetan deseroso.

Egur hilak erakarriko ditu bere elikagaia diren artropodoak, zomorro txikiak; era berean, ezkutatzeko eta babesteko tokia emango dio. Arrabio arrunta baso heldutasunaren adierazle ona da.

Sua, pozoia eta kondairak

Basoarekin eta egurrarekin duen lotura bistakoa da gizakiarentzat, eta erlazio horrek, belaunaldiz belaunaldi, kultura ezberdinetan igaro diren istorioak eta kondairak sortu ditu. Kontakizun zaharrek diotenaren arabera, bertan zeudenen harridurarako, sutara botatako egurretatik ateratzen ikusi omen zituzten behin arrabioak, egurretik baino sutik atera izan balira bezala. Hori dela eta, sutan ez direla erretzen zabaldu izan da historian zehar. Ez da arraroa, beraz, kultura ezberdinetan arrabioa suari lotu izana eta horren ikur kontsideratzea. Bere ingelesezko izen arrunta ere hortik datorkio: fire salamander edo su-arrabioa.

Arrabioari loturiko kontakizunak, aldiz, ez dira kontu berria. Aristotelesek (384-322 K.a.) suari aurre egiteko zuen gaitasunari beste bat gehitu zion: suaren gainetik pasatzen zenean hura itzali zezakeela esaten zuena. Plinio Zaharra (23-79 K.o.) izan zen duen pozoiari buruz hitz egin zuen lehena, eta horren testuek inspiratuta edo, Sevillako Isidoro artzapezpikuak (600. urtearen inguruan) arrabioak fruta arbola pozoitu eta lehortzeko gaitasuna zuela adierazi zuen, bai eta ur edangarriko putzuak pozoitzekoa ere. Geroztik asko izan dira anfibio horri buruz mitologian kontatu direnak. Leonardo Da Vinciren (1452-1519) arabera, esaterako, arrabioak ez zuen digestio aparaturik; sutik eskuratzen zuen jateko behar zuena.

Hasiera batean kontakizun horiek arrabioaren indarra zabaltzeko erabili baziren ere, Elizak pixkanaka sua jasateko zuen gaitasuna infernuarekin lotu zuen, arrabioaren fama onari amaiera eman ziolarik.

Euskal Herriko istorio zaharrak

Arrabioaren kontakizunak, baina, ez dira iraganeko kontua. Oraindik ere, eta asko urrutiratu gabe Euskal Herrian bertan, bada animalia berezi horri loturiko istorio zaharrak entzuteko aukerarik. Dituen kolore hori eta beltz deigarriek errespetua sortu izan dute gurean. Baina, azken finean, hori da bere estrategia, hori da arrabioak nahi duena. Kolorazio aposematikoa du, hau da, gorputzeko kolore biziak erabiltzen ditu etsaiei pozoia duela ohartarazteko, eta beraz, horiek beldurtzeko. Lehendabiziko hozkada saihestea komenigarria izaten baita.

Egia da arrabioak sustantzia toxiko narritagarria sortzen duela. Buruan dituen guruinetatik eta bizkarreko pikorretatik askatzen du zuri koloreko likidoa (salamandrina izenekoa). Helburua, berriz, bere burua defendatzea da. Harrapakariek ahoan hartzen dutenean askatu ohi du, eta horiek, likidoaren zapore txarra sumatuta, segituan utzi ohi dute arrabioa bakean. Bere toxikotasunak animalia txikienengan eragina izan badezake ere, neurriak hartuz gero, gizakiarentzat ez da kaltegarria. Eskuetan izan ondoren horiek ahora edo begietara eramatea ekidin behar da, eta, batez ere, ez da komeni isurtzen duen substantzia irenstea. Hori dela eta, animalia dagoen lekuan bakean uztea izaten da onena.

Esan beharrik ez dago arrabioak ez duela sua jasateko botere berezirik; fruitu-arbolak pozoitzeko ahalmenik ere ez dauka, ezta horiek lehortzekoa ere, noski. Arrabioari loturiko esanak eta kondairak, ordea, oso zabalduak daude inguruan. Horietan belaunaldiz belaunaldi, ahoz aho transmititu dira, eta bere pozoiak izan dezakeen eraginaren inguruan hainbat mito sortu dira. Asturiasen, esaterako, arrabioak hozka egiten duela eta oso pozoi arriskutsua duela zabaldu izan da: “Si te muerde una sacavera, nun y-da tiimpu al cura a encender una vela”, dio esanak (David Alvarezen artikulu batetik ateratakoa). Hau da, “arrabioak hozka eginez gero, apaizari kandela pizteko denborarik ez dio emango”.

Kontatzen den guztia, alabaina, ez da beti arrabioaren kalterako izaten. Elena Fariñas galiziarrak (Brandin; Ourense) gogoan du euren herrian txikitan entzundakoa. Bertan arrabioa ur garbiaren adierazletzat zuten. Arrabioa zegoen putzua ur onekoa zela esan ohi zen.

Euskal Herrian ere bildu dira. Arrabioaren pozoiari buruzko istorio zaharrak aitona-amonetatik bilobetara igaro dira egun arte. Horiek entzun dituena ez zaio asko gerturatuko anfibio horri, baina hitz egingo du arrabioaz. Kondairak berak magia puntua ematen baitio animaliari, eta kontatzaileak arreta lortu.

Arrabioak basomutilak hil zituenekoa

Arrabioari loturiko kontakizunen artean bada bat berezia, Hernaniko Ereñotzu auzoko baserrietan bildu dena, eta oraindik ere jende askoren ahotan entzun daitekeena. Jarraian datorren komikia “Burbunak eta etsayak” proiektuaren barruan jasotako ipuin horretan oinarritzen da, eta herrian bertan basomutil batzuei gertaturiko pasadizoa kontatzen du. Ez da artikulu honen egilea izango gertatu zen ala ez, zenbat duen egiatik eta zenbat asmatutik epaitzen hasiko dena. Baina lasai esango dizue, lan kontuak direla eta, hamaika aldiz izan dituela arrabioak eskuan, eta ez duela surik, ez pozoirik, ez infernurik ezagutu (oraingoz!). Arrabioak barruan dituen eltzekada baba jateko aukerarik ez du izan oraindaino, baina izango balu, bera, behintzat, ez da ausartuko probatuko lituzkeen esatera.

Istorioen fidagarritasunaren muga horretan, arrabioak lortu du nahi zuena. Mantso, lasai, beldurrik gabe jarraituko du basopetik ibiltzen. Izan ere, basopeak ez ezik, istorio zaharrek ere ematen diote babesa arrabioari. Errespetua sortzeak ematen duen babesa.