Amagoia Mujika Telleria
Entrevista
Mikel Goñi eta Ainara Etxenausia
Eskola txikietako irakasleen koordinatzailea eta Gipuzkoako Guraso Koordinakundeko presidentea

«Eskola txikiak baditu eskola ideala izateko ezaugarriak, tamainak berak ematen dizkigunak»

Bihar Oikian (Zumaia) Gipuzkoako Eskola Txikien 31. festa ospatuko da. Horren aitzakian, betidanik gure landa eremuetan izan diren eskola txikien errealitatera gerturatzen lagundu digute Mikel Goñik eta Ainara Etxenausiak.

Eskola txikiak eskola publikoak dira. Adin aniztasuna daukate eta, horrez gain, adin aniztasuna bultzatu egiten dute. Tamaina txikikoak dira eta txikitasun horren ezaugarri kualitatiboak mantentzeko lan egiten dute. Eta landa eremuan kokatuta daude.

Ezaugarri horien bueltan batzen dira 50 eskola Araban (5), Bizkaian (19) eta Gipuzkoan (26) –Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan ere badira–. Bihar, igandez, Oikian Gipuzkoako Eskola Txikien 31. festa ospatuko dute eta horren aitzakian gerturatu gara aspalditik datozen eta urrutira iristeko gogoa duten eskola txikietara.

Aspalditik datoz. Horren seinale da Gipuzkoako Eskola Txikien festak aurten 31. urteurrena beteko duela. Hiru hamarkada horietan, baina, asko aldatu da panorama; bai barrura begira eta baita kanpotik begira dagoenaren pertzepzioan ere.

«Hain justu, duela 31 urte irakasle talde batek abiatu zuen bidea eta Bidania-Goiatzen egindako festak aldarrikapena zuen helburu. Gaur egun eskola txikiak ondo gaude –nahiz eta beti dagoen zer hobetua–, baina garai hartan panorama bestelakoa zen. Irakasle haiek ez zeuden gustura eta egoera hori salatu nahi zuten; eskola txikiak ahaztuta zeuden, beti azkenak ziren zerbitzuak jasotzen, askoren begietara bigarren mailako eskolak ziren... Hamar-hamabost irakasle elkartu eta mugimendua sortu zuten. Aldarrikapen horiei esker lortu zuten lehen koordinatzailea izatea. Gurasoek, irakasleen mugimendua ikusita, esku artean altxor bat zeukatela konturatu ziren eta hori babestera jo zuten. Izan ere, garai batean eskola txikiak ez ziren begi onez ikusiak. Testuinguru hartan, 1993an sortu zen gurasoen koordinakundea», azaldu du Mikel Goñik, eskola txikietako irakasleen koordinatzaileak.

Aldarrikapenetik sortu zen eta orain ospakizun bihurtu da. Gaur egun festaren helburua elkarrekin egun eder bat pasatu eta eskola txikien presentzia aldarrikatzea da, ez dauka helburu ekonomikorik. «Gure txikitasunetik ulertzen dugun festa bat da. Duela urte batzuk hausnarketa bat egin zen gurasoen koordinakundearen baitan festa horren izaeraren eta helburuen inguruan, herrientzako karga bat bihurtzen ari zela sentitzen genuelako. Finean, horrelako festa bat antolatzeko herri guztiaren parte hartzea beharrezkoa da, txikiak garelako. Hausnarketa interesgarria izan zen eta festa xume baten alde egin zen. Gure festa da, gure eguna, denok elkartu eta ondo pasatzeko. Hala ere, festa irekia da, edonor gertura daiteke. Baina esan nahi dudana da festaren helburua ez dela dirua biltzea», agertu du Ainara Etxenausiak. Gipuzkoako Eskola Txikietako Guraso Koordinakundeko presidentea eta Zeraingo eskola txikiko gurasoa da Etxenausia.

Sare ofiziala izan nahia

«Une honetan ez gara sare ofizial bateko kide. Egia da 50 eskolak bat egin dugula definizio batean eta hori izan daiteke sare izaten hasteko lehen pausoa. Baina, gaur-gaurkoz, ez gara sare ofiziala, nahiz eta izan nahi dugun», esan du Goñik. Alegia, denak eskola txikiak izanagatik, denek ez dute zertan metodologia bera izan. Baina ezaugarri nabarmenetan bat egiten dute. Horietako bat, nagusienetakoa, adin aniztasuna.

Goñik garbi dauka: «Adin aniztasuna beti izan da bi alde dituen ezaugarri bat; batzuentzat abantaila, eta, beste batzuentzat, zailtasuna. Nik, zalantzarik gabe, abantailak defendatzen ditut. Haurrek beste harreman mota batzuk egiten dituzte beren artean, sanoagoak. Kooperaziorako bideak benetan adin aniztasunarekin irekitzen dira, eta ez hainbeste adin berdinekoak elkartzen ditugunean. Adin berdinekoak ditugunean badago dagoeneko ezaugarri homogeneizatzaile bat, adina bera, eta horrek automatikoki dakar ikasmaila. Eta ikasmailak automatikoki dakar gauza batzuk jakin beharra… Hor benetan kooperatzea ez da gauza erraza. Kooperatzeko baldintza batzuk behar ditugu, adin aniztasunean errazago ematen direnak. Horrez gain, adin aniztasunean haurren arteko interakzio garrantzitsua ematen da. Lehen oso modu sinplean azaltzen genuen: txikiek handietatik ikasten dute eta handiek txikiekin batera ikasitakoa errepasatu egiten dute eta beren gaitasunak indartzen dituzte. Familien kezketako bat izaten da: ‘nirea handiekin dagoenean, oso ondo. Baina nirea handiena denean, zer?’. Baina badira bestelako ikasketak adin aniztasunean bakarrik gara daitezkeenak. Esaterako, enpatia, elkarrenganako errespetua, besteen erritmoak eta ezaugarriak errespetatzeko gaitasuna… sekulako inteligentzia emozionala garatzen dute», nabarmendu du.

Eskolan jositako sareak eskolatik kanpo ere ematen du aterpea. «Komunitatea sortzen laguntzen du eskola txikiak, zalantzarik gabe. Herri txikietan belaunaldien arteko sareak lotuagoak izaten dira, eskolan belaunaldi desberdinak topatu direlako. Hor sortzen diren lagunarteak izan daitezke hamar urteko tartea dutenek osatuak. Horrek herriari mesede egiten dio zalantzarik gabe».

Komunitatea josteko haria

Garaiotan presak eta indibidualismoak ez diote mesederik egiten komunitate izaerari. Herri txikietan eta eskola txikietan ere igarri da aldaketa, baina herri edo hiri handiagoetan baino gehiago eusten zaio tribu izate horri. «Herrietako egitura aldatu egin da eta etxeak ere aldatu egin dira. Lehen etxeetako ateak zabalik zeuden beti. Orain ez, eta norberak bere etxeko muga hori zehaztu nahi izaten du. Eskolaren lana bada tribu izaera horri eustea».

Bide horretan, eskola txikietan «ikasle guztiak irakasle guztienak» dira. «Lau begik bik baino gehiago ikusten dute. Begi horiek guztiek pertsona horri begiratzen diotenean eta bere garapena bultzatzeko estrategiak bilatzen dituztenean, emaitza onak lortzeko aukera gehiago daude. Eta hori da, hain justu, herrian ere zabaldu nahi dugun mezua: eskolan haurrak gureak diren bezala, kanpoan ere hala beharko luke; guraso guztienak izan daitezela ume guztiak. Egia da ez dela erraza. Herriak aldatu egin dira, familien egiturak aldatu egiten dira, lehen denak herrikoak ziren eta orain badira kanpotik etorritakoak…», zehaztu du Goñik.

Jon Sarasuaren hitz batzuk ekarri ditu gogora. «Duela urte pare bat Zerainen herri txikien etorkizunari buruzko jardunaldiak izan ziren. Bertan Sarasuak egindako hitzaldian esan zuen gizartea aldatu egin dela eta egun ondo bizitzea baino gehiago bilatzen genuela ongizatea. Eta ondo bizitzearen bila joan behar genuela, ez hainbeste ongizatearen bila. Geroztik askotan erabili izan dut ideia hori, eskola txikien errealitatean oso presente dagoelako. Maiz herri txikietan ongizatearen bila joaten gara; adibidez, haurrak goizean eskolara norbaitek eraman behar baditu, izan dadila arautua, zaintza zerbitzu arautua. Eta horrek ondorioak sortzen ditu. Horrelako zerbitzuak oso defizitarioak dira gure herrietan. Buelta emateko modua izango litzateke lehengo dinamiketara bueltatzea», esan du Goñik.

Ainara Etxenausiak Zeraingo adibidea ekarri du solasaldira. «Guk Zerainen beti ditugu arazoak zaintza kontuekin. Haur gutxi daude eta zenbakiek ez dute ematen zaintza zerbitzuak kontratatzeko. Horregatik, aurten gurasoak elkartu eta erabaki genuen zaintza zerbitzu hori gure artean antolatzea, auzolanean. Bakoitzak zaintza noiz egin dezakeen zehaztu eta egutegi bat antolatu genuen, gure haurrak eskolatik kanpo ere zainduak izan daitezen. Auzolana erabiliz, gurasoen artean antolatu dugu zaintza zerbitzu hori», kontatu du.

Pozik daude auzolanarekin eta herriko haurrak denonak direla sentitzen dute. «Nik nire alabak zaintzen plazan egon behar badut, zer kostatzen zait beste umeren baten ardura ere izatea? Horrek ez du lanik ematen eta komunitatea egiten du», esan du Etxenausiak.

Txikitik handira moldatzea

Txikitasuna da eskola txikien beste ezaugarri bat. Uneotan txikienek 20 ikasle inguru dituzte, Zeraingoa kasu. Handienek –Bizkaiko zenbait eta Gipuzkoako Aizarnazabalgoa tartean– 120-130 ikasle inguru dituzte.

Zeraingo eskola txikia da une honetan haur hezkuntza eta lehen hezkuntza osoa eskaintzeko modua ez duen bakarra. Gainontzeko guztietan, lehen hezkuntza bukatuta ateratzen dira haurrak eskola txikitik, bigarren hezkuntza inguruko herrietako eskolaren batean segitzeko. «Zerainen iaz hausnarketa bat egin genuen, herri mailan, haurrak eskola txikian lehen hezkuntza amaitu arte egoteko. Herriarentzat oso garrantzitsua da haurrak lehen hezkuntza osoa herrian egin ahal izatea. Gurean, aldiz, zortzi urterekin moztu egiten da prozesua eta haurrak Segurara edo inguruko beste herriren batera joan behar dute. Dagoeneko eskaera egina daukagu. Erantzunaren zain gaude orain», kontatu du Etxenausiak.

Hor zalantza edo galdera bat sor daiteke. Nola moldatzen da haurra eskola txikitik handira salto egiten duenean? «Hori gurasoen kezka nagusietakoa izaten da. Baina frogatuta dago haurra primeran egokitzen dela aldaketara, arazorik gabe. Haurra izan daiteke hobea edo okerragoa matematikan edota hizkuntzetan, eta horren arabera moldatuko da eskola berrira gai horietan. Baina, pertsona modura, gure umeak oso ondo prestatuta ateratzen dira eskola txikitik edozein eskolara joateko», nabarmendu du Etxenausiak.

Horren inguruko ikerketa egina dago, Altzoko eta Igeldoko eskola txikiak oinarri hartuta. «Datu kuantitatibo gutxi atera ziren ikerketatik. Ulertzekoa ere bada, gure haurrak kopuru oso txikitan joaten direlako bigarren hezkuntzako zentroetara. Baina, kualitatiboki, datu esanguratsuak atera zituzten. Gure umeek trantsizio une bat bizi dute eskola txikitik handira. Kontuan izan behar dugu ezaugarrietan daudela desberdintasunak; batean adin aniztasunean egoten dira, eta, gero, adin bakarrera pasatzen dira. Talde txikietan egoten dira, eta, gero, talde handietara pasatzen dira. Baina, aldi berean, mundu bat zabaltzen zaie. Nik uste dut bigarren hezkuntza adin egokia dela eskola txikitik handira pasatzeko. Mundu berri bat zabaltzen zaie, inguruko herrietako jendea ezagutzen dute… Ordurako herri txikiarekiko lotura finkatuta daukate eta garai horretan harreman eredu berriak egiten dituzte; herrikoa mantenduz, kanpoko harreman berriak. Uste dut lehen hezkuntza bukatuta garai egokia dela eskola txikitik ateratzeko», nabarmendu du Goñik.

Aipatu duen ikerketa horretan ondorioztatu zen trantsizio garai horretan gorabeherak eman daitezkeela, baina, maila akademikoan baino, maila sozialean. «Zailtasun sozialak izan daitezke, ez sozialki prestatuta ez daudelako, eredu batetik beste batera aldatzen direlako baizik. Guztiek aurre egiten diete zailtasun horiei, baina guk lagundu egin behar diegu; eskola txikitik, familietatik, bigarren hezkuntzako eskolatik… Badaude estrategiak, ikerketa horri esker lortu genituenak, aplikagarriak direnak eta aplikatzen ditugunak».

Hezkuntza pertsonalizatua

Pentsatzekoa da, talde txikiak diren neurrian, haur bakoitzaren beharrei eta aniztasunari gertutik erantzuteko modua duela eskola txikiak. «Aniztasuna eskola txikietan asko erabiltzen dugun hitza da. Akaso falta zaiguna kultur aniztasun gehiago izatea da. Gure eskola txikietan normalean gehienak bertakoak dira. Baina, gainontzean, aniztasuna hitz klabea da; adin aniztasuna ona da, ikasleen aniztasuna ona da… Hezkuntza pertsonalizatuaren bidean egiten da lan, ahal baldin bada bakoitzak ibilbide propioa egin dezan. Lehen aipatutako estrategia ere, ikasle guztiak irakasle guztienak izatea, helburu horretan sartzen da. Lortu behar duguna da denek abilidade eta gaitasunak lortzea mundu honetan aurrera egin ahal izateko. Baina, hortik aurrera, bidea ikasle bakoitzak egin behar du. Horrela esanda erraza dirudi eta ez da, baina eskola txikiak baditu eskola ideala izateko ezaugarriak, tamainak berak ematen dizkigunak».

Ezaugarriekin segituz, eskola txikiak landa eremukoak izaten dira. Zer ematen dio eskola txikiak herriari? Ainara Etxenausiak garbi dauka: «Herri batentzat oso garrantzitsua da herriko plazan ume zarata egotea. Horrek bizia ematen dio herriari. Umeak herriko plazan egotea garrantzitsua da. Bertan elkartzen dira ogia erostera doan herritarrarekin, aguazilarekin, baserritarrarekin… Eskolak bizitza ematen dio herri txikiari. Eta, alderantziz, herriak eskolari sustraiak ematen dizkio. Eskola txikiko haurra oso herrikoa sentitzen da eta horrek pisua dauka bere nortasuna garatzerakoan».

Landa eremua, zalantzarik gabe, paraje pribilegiatua da hezkuntzarentzat. «Gure umeentzat pribilegio bat da eskola herrian egotea. Adibidez, eskolan baratze bat daukate eta haurrak arduratzen dira baratzeaz. Baina laguntzera eskolako bi amona etortzen dira; landatzera, lurra prestatzera... eta oporretan auzolanean zaintzen dugu baratzea eskolako familia guztiek. Sagardoa egiteko garaian, hemengo sagardotegi batera joaten dira muztioa dastatzera. Edo gazta denboraldia hasten denean, bertako artzain baten baserrira joaten dira gazta nola egiten duten ikustera… Luxu bat da, zalantzarik gabe».

Alderantzizko bidea

Azken urteetan familia batzuk alderantzizko bidea egiten ari dira, inguruko hirietatik edo herri handietatik herri txikietako eskola txikietara eramaten dituzte euren seme-alabak, eskola txikien metodologia gustatzen zaielako. «Ez da eskola txikietatik guk bilatzen dugun gauza bat. Eta gertatzen den kasuetan, erantzuna eman behar zaio. Guk esaten dugunez, herri bakoitzak bere eskola. Eta hori eskatzen ari gara neurri handi batean. Nik beti bultzatu izan dut norberak bere tokiko eskolaren alde egin behar duela, eta, eskola hori gustatzen ez bazaizu, barrutik aldatzen saiatu behar duzula. Hala ere, erabat ulertzen dugu eskola txikietara gerturatzen diren familia horien hautua, gure eskolak oasi txiki bat direlako. Uste dut horren bila etortzen direla. Baina gaur egun oso gutxi dira eta guretzat une honetan ez da arazo bat», azaldu du Goñik.

Egonkortasun datu onak

Eskola txikien gaur egungo egoeraz galdetuta, «beharrak beti daude», onartu du Goñik. Horietako bat, eskola txikien sare ofiziala sortzea da. «Administrazioak badaki eskola txikiak daudela, baina sarea ez dago ofizialduta eta komeni da».

Irakasleen egonkortasunari dagokionez, gaur egungo datuak ez dira txarrak. Esan daiteke gaur egun eskola txikietako irakasleen hamarretik zazpi egonkorrak direla. «Datu hori ona da eta gu pozik gaude, nahiz eta badakigun eskola batzuen egoera beste batzuena baino hobea dela. Lortu behar duguna da eskola guztiek ahalik eta egonkortasun handiena izatea beren proiektu pedagogikoari heldu ahal izateko», esan du Goñik.

Etorkizunari begira, Mikel Goñik garbi dauka adin aniztasun handiagoa berez etorriko dela eskola txikietara, demografiaren joerek hori ekarriko dutelako. «Adin aniztasuna askotarikoa da; batzuetan bi adin elkartzen dira, beste batzuetan hiru, badira adin guztiak elkartzen dituztenak... Baina, etorkizunean, gero eta eskola gehiagotan gero eta adin gehiago nahastu beharko dira, berez etorriko delako, eta horretarako prest egon behar dute eskola txikiek».

Gaur egungo ratioen arabera, bi adin elkartzen direnean, gehienez hogei haur egon daitezke gelako. –bi urtekoak tartean daudenean, hemezortzi–. Hiru adin elkartzen direnean, gehienez hamabost haur eta, lau adin edo gehiago elkartzen direnean, hamabi.

Ainara Etxenausiak ere beldurrik gabe begiratzen dio etorkizunari. «Hemen Zerainen daukagun erronka lehen hezkuntza osoa herrian eskaini ahal izatea da. Hortik aurrera, eta koordinakundeko presidente bezala, lanean segitzeko gogoz gaude gurasoak. Baina bide onean ikusten ditugu eskola txikiak». Bihar Oikian ospatuko dute hori, 10.30etatik aurrera.