Joxean Agirre
infraganti

ANJEL LARRAñAGA

Ezin da haurdunaldiarekin konparatu; ez du ez haren erdiminik, ez pozik, baina liburu bat edo disko bat ateratzeak baditu bere kezka eta urduritasunak. Anjel Larrañagak biak kaleratu ditu aste honetan, diskoa eta liburua, «Lana festa bihurtuz» izenarekin, eta baietz aitortu zigun aurkezpenaren bezperatan, eguna gerturatu ahala beldurra eta lotsa sentitzen dituela.

Anjel Larrañagak ondo daki disko bat ateratzea zer den. Epelderekin hiru atera zituen eta Kupela taldean beste bost. Beraz, alde horretatik eskarmentua badu, baina lehen aldia da berari buruzko liburu bat kaleratzen duela eta horrek beldur puntu bat ematen dio. Zeren beldurra? «Ez dakit beldurra den edo lotsa edo biak batean, kontatzen ditudan gauza asko oso neureak direlako. Sentipen arraroa da beste batzuk zure buruaz hitz egiten ikustea ere. Neuri buruz hizketan albotik entzuten banengo bezala sentitu izan naiz liburua irakurtzen aritu naizenetan. Neuk egindako bertso bat ona edo txarra den jakiteko ariketa bat egin izan dut behin baino gehiagotan: beste bertsolari bat jarri izan dut bertso hori kantatzen eta neuk lehen aldiz entzungo banu bezala egon izan naiz ari entzuten, irudimenean noski. Horrelako zerbait sentitzen dut orain ingurukoak neuri buruz ari direnean. Badakit egin dudan ibilbidea egiteko, bertsoaren edo trikitiaren arloetan egin dudana egiteko, dohain batzuk behar direla, barruan indar bat behar dela, baina ez duzu gauza horietan pentsatzen eta, orain, beste batzuek esanda, ohartu naiz indar hori badudala», kontatu digu.

ETBren “Oholtza” saioan

Lanku-k atera dizkio liburua eta diskoa. Bertako arduradun Marta Agirrezabalak kontatu digunez, Azkoitian jaioa delako erabaki zuten aurkezpena herri horretan egitea, Urrategi auzoan, atzoko egunez. «Bertsoaren eta trikitiaren munduko ordezkari talde bat izan da ekitaldian, bere inguruko jendea, eta tokian tokiko prentsa. Orain lanaren promozioan gaude sartuta buru-belarri. Anjel Larrañaga Azkoiti eta Azpeiti artean bizi izan delako jo dugu, bestalde, Azpeitiko San Agustinera ETBren ‘Oholtza’ saioa grabatzeko. Grabaketa azaroaren 3an egingo da. Anjelek, bestalde, Aristerrazurekin harreman berezia izan du eta han emanaldi bat egiteko asmotan dabil», kontatu du Arrizabalagak. Anjelek berak jakinarazi digunez, erromeria hori azaroaren 25ean izango da.

Lankuk, azkenik, Durangoko Azokan duen stand-a baliatuko du bi produktuak ezagutzera emateko.

Hiru disko atera zituen Anjel Larrañagak Epelderekin eta beste bost Kupelarekin. Anjel Larrañaga gisa, bakarka, ateratzen duen lehena da “Lana festa bihurtuz” hau eta izen bereko liburu batean bildua etorriko da.

Liburuak lau atal ditu: sarrera gisa, Andoni Egaña eta Anjel Valdesekin egindako elkarrizketa bana datoz. Lehenak Anjel Larrañagak kanturako erabiltzen duen bertso moldea aztertzen du eta Valdesek, berriz, Kupelaren fenomenoa, trikipopa eta gisako beste zenbait genero hibrido indarrean zeudela zirudienean erromeriaren aro berri bat inauguratu baitzuen taldeak eta diskoen salmenta gainbehera hasita zegoenean 12.000 ale saltzera iritsi baitzen.

“Lana festa bihurtuz” liburuak Larrañagak bertsolari bezala eta bereziki panderojole gisa egin duen ibilbidea kontatzen du ondoren, “Bizipenak” izeneko atalean. Gisako liburuetan gertatu ohi denez, haurtzaroari buruzko zatia da ederrena eta bereziki jaiotetxean, Azkoitiko Kukuerriko Mendizabal baserrian, bizi izan zuen giroaren kontaketa. Baserri hori, ipuinetako etxe sorginduetan bezala, musikaz eta kantuz beteta ageri da. Osaba bat, Lazaro Mendizabal trikitilaria, han bizi zen. Bi anaiek dultzaina jotzen zuten eta aitak ahoko soinua. Izeba Inaziak bertso zahar eta berriak kantatzen zituen gelak txukuntzen ari zen bitartean eta amak, Santa Genobebaren bizitzari buruzko bertsoak. Anjelek 9 urte zituela pandero txiki bat ekarri zioten Erregeek. Jo eta jo ari zela larrua apurtu zion, baina aitak untxi baten larrua jarri zion eta oraindik ere hantxe dago, Mendizabal baserriaren sarrerako horman zintzilik. Haurtzaroa giro horretan eman duen haur bat kondenatua dago trikitilari, panderojole edo bertsolaria izatera eta Anjelek bertsolari izatea erabaki zuen. Garaiko bertsolari gehienak bezala, santa-eskean eman zituen lehen pausoak, soldaduskaren ondoren hasi zen txapelketetan parte hartzen eta 35 urte zituenean Xabier Amurizak lehen txapela jantzi zuen Baldako txapelketan finalista izatera iritsi zen.

Baina umetatik bertsoaren aldeko aukera egin bazuen ere, trikitia ez zuen sekula alde batera utzi. Hamar bat urte izango zituen Mendizabal baserrira irratia ekarri zutenean eta han, Radio Cuencako irratsaio batean, Etxesakorta eta Joxe Oriaren piezak entzun zituen. Trikitiaren historiako lehen diskoa izango zen seguru asko, Donostiako Columbiak grabatua. Joxe Oriaren kantaerak liluratuta utzi zuen umea eta arrastoa utzi zion Anjeli, geroztik beste eredu batzuk izan baditu ere.

Patua lagun

Mendizabal baserriak bi bizitza zituen eta Anjelek 13 bat urte zituenean bi etxe horietako lau mutil atera ziren etxe ingurua elurrez zurituta zegoen Santa Ageda bezpera batean. Bertso ikasiak kantatzen zituen Anjelek, baina berriak egiten ere hasita zegoen ordurako. Gogoan du bertso batek honela zioela: «Mendizabaldik atera gera laukote izugarria/ dultzainarekin anaia degu ta neroni koplaria». Ez daki seguru, baina oso posible da kantatzeaz gainera panderoa ere jotzea, 9 urterekin Erregeek oparitutako hura baitzuen etxean.

Anjelen bizitzan bertsoak hartu zion gaina panderoari eta bertsolari bezala ibilbide bikaina egin zuen. Horren berri, ordea, urte batzuk barru Auspoa saileko liburu batek jasoko du. Orain argitaratu den “Lana jolas bihurtuz”-ek trikitiaren arloan egin duen bidea jasotzen du. Anjelek bertsolari gisa ikusten zuen bere burua, harik eta 44 urte zituela patuak, zoriak edo dena delakoak berriro eskuetan panderoa jarri zion arte. 1991 izango zen, Zabale anaiek txapela atera berri zuten eta Ezkerretegi erretegiak jaialdi bat antolatu zuen finalista guztiekin. Agurtzane Elustondo panderojolerik gabe geratu zen, Andoni Larrañagak (Anjelen semeak) motorrarekin erori eta lepauztaia hautsi zuelako. Aitari deitu zion Agurtzanek, bazekielako Anjelek ere panderoa oso ondo jotzen zuela. Eta hor hasi zen Anjel Larrañagaren bigarren bizialdia. Imuntzok, Agurtzane Elustondok, Narbaiza bertsolariak eta Anjelek grabazio bat egin zuten Arrate Irratian. Ondoren, bigarren grabazio bat egin zuen Agurtzanerekin bakarrik Loiola Irratian. Grabazio horiekin disko bat egin behar zela sartu zitzaion buruan Anjeli. Bost urte eman zituen bertso saioak eta erromeriak konbinatuz, baina Epelderekin (Tomas Soraluze) lehen diskoa grabatu eta buru-belarri sartu zen erromerien munduan. Anjel 50 urte egiteko zorian zegoen ordurako. Liburuak Epelderekin egindako bigarren diskotik aurrera lortu zuen arrakastaren kronika laburra jasotzen du. Harrigarria ere egiten da ibilbide hau, Anjel Larrañagak Kupela taldearekin lehen diskoa atera zuenerako 59 urte baitzituen. Liburuak, ondoren, ibilbide honetan ondoan izan dituen musikarien iritziak bildu ditu: Agurtzane Elustondo, Epelde bera eta Xabier Alberdi Zabale mintzo dira haren lanaz.

Azkenik, eta hau da liburuaren atalik luzeena, bederatzi diskotan Anjelek kanturako egindako bertso guztiak bildu dira.

Anjel Larrañagak liburu-disko hau bere buruari egindako opari gisa definitu du. Bidenabar, bere jarraitzaileentzat ere opari polit bat izan daiteke. •