Xabier Izaga Gonzalez
infraganti

LOBO & CARMINE

11 urte daramatzate beren abestiak eta gustuko bertsioak eskaintzen. Urtebeteko bira bat antolatu dute Gasteizko hainbat musika areto eta tabernatan zehar, baita Arabako haur minbizidunen guraso elkartearen aldeko hainbat kontzertu ere. Country alternatiboa, «musika nahastea», bizitasuna eta benetakotasuna eskaintzen dituzte.

Gasteizko hainbat kontzertu aretotan zein tabernatan entzuten da euren musika, batzuetan country estiloan, bestetzuetan rock, rantxera edo momentuak –eta jendeak– eskatzen dien eran. Eguraldiak baimentzen dienean, ez da arraroa kale bat jendetzak hartuta ikustea, erdian Lobo & Carmine bikote arabarra bizitasun ikaragarriko kontzertua egiten ari dela.

Kontuz, baina, ez baitira Lobo eta Karoline, edo Garbiñe. Robert James Wallerren “Border Music” eleberriko pertsonaia Linda Lobo eta Jack Carminek iradoki zizkieten izen artistikoak. Identifikazio kontua izan zen. Bizitzak Alicia Mesanza eta Ismael Gomez de Segura arabarrak elkartu zituenean, bidaia luze bati ekin zioten, Amerikan zehar barik, Gasteizko agertokietan zehar. Izan ere, Forondako aireportuan ezagutu zuten elkar, biek bertan lan egiten zutenean, eta luze gabe konturatu ziren pareko arimak zirela.

Ismaelek Vagon de Cola taldean jotzen zuen. Talde hark rock amerikarra egiten zuen, Bruce Springsteenen estilokoa, baina gaztelaniaz. Taldearen azken etapan, Alicia haien kontzertuetara joaten hasi zen. Behin, afari batean, abesten hasi eta Ismael zur eta lur gelditu zen. Geroztik, taldearen zenbait kontzertutan parte hartuko zuen, eta, taldearen ibilbidea amaitutakoan, berriz, Ismaelekin bakarrik jarduten hasi zen. Gaur arte.

2007ko martxoaren 16an hasi ziren bikote gisa kontzertuak egiten. Caruso kafetegian egin zuten beren lehena, beren ahotsak gitarra batez lagunduta.

Urteurren solidarioa

Iaz hamar urte bete zituzten, beraz, eta halako bira edo zirkuitu bat antolatzea pentsatu zuten. Baita egin ere, datorren otsailera arte. Denbora horretan, beren ohiko kontzertuez gain, hilean behin beste bat ere eskaintzen dute zirkuitu horretako lokalen batean. Zerbait berezi egin nahi zuten eta elkarteren bati laguntza ematea otu zitzaien. Hala, Aspanafoha Arabako haur minbizidunen guraso elkartearekin harremanetan jarri eta eurentzako kontzertuak egitea erabaki zuten.

Ekimen xumea, hala ere, xume bezain arrakastatsu suertatu zaie. «Mikroa irekita egindako kontzertuak» dira, eta hainbat lagunek, gero eta gehiagok parte hartzen dute kontzertu horietan, beren musika tresnak aldean edo beren poesiak eskainiz. Itsulapiko bat jartzen dute eta ateratzen duten diru guztia Aspanafoha elkartearentzat da. Otsailean amaierako jaia egingo dute La Perdición rock klubean, ekimen horretan parte hartu duen jendea eta haurren familiak gonbidatuta daudela. Abetxukuko egoitzan ere egin zuten kontzertu bat kausa horren alde.

Hori ez da Lobo & Carmineren ekimen solidario bakarra, ordea. Izan ere, beren auzoa den Alde Zaharreko jaietan edo bestelako kontuetan ere parte hartzen dute; baita ekimen, ospakizun eta kausa solidario askotan ere; esate baterako, Gasteizko eraikin batean sute bat izan zenean, kaltetuei laguntzeko kontzertu bat egin zuten. Batzuetan eskatu egiten dietelako, beste batzuetan beren burua eskainita, beti daude laguntzeko prest. Laster kontzertu horietako bat egingo dute, baina haren berri zehatzik ez emateko eskatu digute, lagundu nahi dieten lagunentzako sorpresa izango baita.

Ez dirudi, ez, oso diruzaleak direnik. Tabernetan jotzen dutenean, eguraldia dela-eta, edo partiduren bat izan delako jende gutxi agertu dela ikusten dutenean, ez dute ezer kobratzen. Edonola ere, ez da ohikoa beren kontzertuetan jende gutxi ikustea.

Musika nahaste bitxia

Country mex musika egiten hasi ziren, country alternatiboa esaten dioten hori zuten gustuko. Baina besterik ere egiten dute, «nahaste bitxi bat», gustuko musikarien bertsioak: Silvio Rodriguez, Bruce Springsteen, Antonio Vega, Los Secretos edo Mikel Laboa. Beren abesti propioak ere badituzte, eta orain beren errepertorio ikaragarri zabala moldatzeko lanetan dabiltza. Bestetik, bigarren gitarra sartzea pentsatu dute, eta tresna horrekin trebatzen dabil Alicia.

Disko bakar bat grabatu dute, hasierako urteetan eta aurreikusita izan gabe. Guillermo Torres euren lagunak Castellon daukan estudioan grabatzeko aukera eman zien. Eurek beren bi ahotsekin eta gitarrarekin grabatzeko asmoa zuten, baina bandarekin grabatu beharra zeukatela esan zien lagunak, eta handik “The Line” sortu zen. Lobo & Carminek grabatutako musikaren gainean bandak grabatu zuen, eta abestiak «ia eraikita zeudela», beren ahotsak erantsi zituzten. «Sekulako lana da. Eskerrak musikariek ere musu truk egin zuten euren lana», dio Aliciak. «Maila horretako disko bat egitea, lehen lerroko musikariekin, itzela izan zen. Dena ordaindu behar izan bagenu, ez genukeen egiterik izango», jarraitu du Ismaelek, «eta uste dut diskoan nabari direla giro polit hori eta maitasun hori. Zerbait berezia du».

Diskoko abesti gehien-gehienak berenak dira, letrak barne. Izan ere, Ismael Vagon de Cola taldeko letragilea zen, eta normalean ere berak egiten ditu hitzak, Natxo Artundoren laguntzarekin. «Berak ingelesa daki, eta oso ondo idazten du», azaldu du Ismaelek, ingelesez egin baitzuten diskoa, «nire ingelesa ezin kaskarragoa bada ere!».

«Ez diguzue hutsik egiten»

Beren bizipenez eta arazoez hitz egiten zuten abestietan, eta jende asko bildu zen euren ingurura, kontzertuetan eta kontzertuetatik kanpo. Aliciak dioenez, jendeak desinhibitu eta besteei ere beraiei bezalako gauzak gertatzen zaizkiela ikusi behar du.

Publiko fidela dute, ondo ezagutzen dituena, eta orain eskatzen dienaren araberako musika egiten dutela diote. Publikoarekiko harremana ilustratzeko pasadizo bat kontatu dute. Mutiko bat bere gurasoekin joan ohi zen aspaldi Lobo & Carmineren kontzertuetara. Egun batean, Ismaelek aho-soinu zahar bat oparitu zion. Duela egun batzuk mutiko hark –gaur egun «gizonkotea»– abesti bat kantatu zuen bikotearekin.

Sekula ez dute helburu arranditsurik jarri. Ez egunik egunekotik harago behinik behin, eta, musika onaz gainera, benetakotasuna eskaintzen dute. Diotenez, gardenak dira, «onerako eta txarrerako» aldartea transmititzen dute mikrofono aurrean. Oholtzan dena ematen saiatzen direla diote, «ehuneko ehunean», eta ez dago lortzen dutela ukatzerik. Publikoak nabaritu egiten du eta hala jakinarazi izan die behin baino gehiagotan. «Esan diguten gauzarik ederrena hau izan da: ‘Ez diguzue inoiz hutsik egiten’».

Lekuetara joan eta energia eta prestutasuna erakustea da euren proiektu bakarra. Edonola ere, country tex-mex estiloko rantxera diskoa egiteko proposamena dute mahai gainean.

Gizon-emakume bikotea izateak maiz estereotipoak agerrarazten dituela diote, eta Ismael bikoteko kide nagusi lez tratatu ohi dutela. Argi utzi du Ismaelek, ordea, Alicia dela abeslari nagusia, eta bera gitarrarekin eta koruak eginez laguntzen duena. Solas luzeak indarkeria sexista ekarri du hizpide, eta horrek Manada delakoa, eta, ondoren, konparazioz, Altsasuko gazteak eta mundua ikuspegi pesimistarekin begiratzeko hainbat motibo. Baina baita beren lana eta lagunak, munduaren alde positiboa, alegia. Eta eurak zorioneko jendea direla diote. Jende jatorra, oholtza gainean eta handik jaitsitakoan. •