Amagoia Mujika Telleria
infraganti

LOLA ALTOLAGIRRE

Ehungintzako artisaua eta artista da. Betidanik izan du haritik aparteko materialekin jakin mina eta material libreen bilaketa horretan ari zela iritsi zen arto-hostoekin lan egitera. Intuizioz hasi eta bidean garai batean Euskal Herriko baserrietan artazorrozko alfonbrak egiten zituztela deskubritu zuen, liluratuta.

Lola Altolagirre
Lola Altolagirre

Ehungintzako artisaua eta artista da Lola Altolagirre azpeitiarra. «Urte asko kostatu zait nire burua definitzea baina, bai, horixe naiz». Bastidore baten atzean hasi zen –bordatzeko-eta erabiltzen den euskarria–. «Ez dakit nola hasi nintzen, zeinen bitartez. Akaso hariak bilatu ninduen ni. Ez dakit, baina izugarri gustatu zitzaidan. Bastidorean hasi eta ehungailura pasatu nintzen gero». Hogeita hamar urtetik gora daramatza ofizioan eta askotariko lanak egiten ditu, askotariko materialekin; bere hitzetan, «aukera asko daude, erotzeko adina». Eskuekin egiten dituen altxor horien artean daude artazorroz egindako alfonbrak, duela hamabost bat urte ireki zitzaion bidea.

«Ni berehala hasi nintzen material libreak bilatzen, haritik apartekoak. Horretan ari nintzela okurritu zitzaidan arto-hostoak lantzea eta tapiz batzuk egin nituen. Erakusketa batean jarri nituen eta Maria Pilar de Uria azkoitiarrak ikusi zituen. Teknika horien berri bazuela, bere baserrian arto-hostoak lantzen zirela aipatu zuen eta nirekin harremanetan jarri zen. Hark kontatu zidan arto-hostoarekin egindako alfonbrak ezagutzen zituela, umea zenean bere baserrian egiten zituztela eta sekulako aurkikuntza iruditu zitzaidan. Nik, intuizioz, landu nuen arto-hostoa, Euskal Herriko baserrietan lehen horiek lantzen zirela jakin gabe. Mundu bat deskubritu nuen orduan; deskubritu nuen artazorrozko alfonbrena ofizio bat izan zela. Pena da zeozer dakitenak ez direlako asko akordatzen. Etxeko ofizioen zerrendan ere ez dago; baina jakin dut ofizio bat zela, etxerako ez ezik, enkarguz ere egiten zituztelako artazorrozko alfonbrak. Baina, askotan gertatzen denez, emakumeen lana zenez ez zaio garrantzirik eman eta inor ez da kezkatu jakintza hori jasotzeaz. Niri izugarria iruditzen zait artoaren lanketa artistiko hori».

Artazorrozko alfonbrak kanporako zein barrurako egiten ziren. «Kanpoaldean jartzen zituzten, abarkak edo botak garbitu eta zikinkeria barrura ez sartzeko. Baina barrurako ere egiten zituzten, apaingarri gisa edo. Nik artazorrozko alfonbrak paretara ere igo ditut, aurrez aurre ikusteko, koadroak bailiran. Hain ederrak dira».

Baserrian, dena baliagarri

Artazorrozko alfonbren ofizioaren atzean, garai bateko jendartearen balioak suma daitezke. Baserrian dena zen baliagarria, ez zen ezer botatzen. Hartara, artoaren hostoa bera baliatzen zuten etxerako alfonbrak egiteko. «Justu gaur egungo jendartearen kontra. Erabili eta bota joera horren kontra. Hala ere, gaur egun bada jende asko joera horien kontra lanean ari dena. Neroni horretan sartuta nago bete-betean. Arto-hostoarekin gero eta gauza gehiago egiten ari naiz; tapizak, alfonbrak, eguzki-loreak, belarritakoak, eskumuturrekoak, paparrekoak... Gauza handietatik txikietara pasatu naiz, detaileetara».

Artoa urri-azaro inguruan jasotzen da normalean. Hostoa lehortzen uztea aholkatzen du Altolagirrek. «Nik neuk arto-hostoak Igeldotik, Soraluzetik, Azpeititik, Bidanitik... ekarri izan ditut. Baserritarrekin hitz egin eta hostoa jasotzeko eskatzen diet. Egia da artoa gero eta gutxiago ereiten dela, baina, oraingoz, lortzen ditut artazorroak. Orain taloak egiten dituen ekoizle batekin jarri naiz harremanetan. Arto sailak dauzka berak eta tratua egin dugu».

Artazorrozko alfonbrak, Altolagirreren begietara, arte lan bikainak dira. «Erabili eta zapaltzen diren neurrian, aldatu egiten dira alfonbrak, oinarrian duten txirikorda bistaratzen joaten delako. Niretzat izugarri polita da erabili ahala nola aldatzen diren ikustea».

Garai batean elkarren ondoan eseri eta eskuekin lan egiteko ohitura bazegoen baserrietan. Arto zuriketan, arto aleketan... aritzen ziren eta, baserri batzuetan, baita artazorrozko alfonbrak egiten ere. «Hizketan aritzeko, kontuak kontatzeko, abestiak transmititzeko eta baita ligatzeko espazio bat ere bazen. Etxekoak ez ezik, alboko baserrietakoak eta gerturatzen ziren», kontatu du Altolagirrek.

Artisau horrentzat sekulako aurkikuntza izan da arta-hostoekin egiten ziren lanen berri jasotzea. Tailerrak, ikastaroak, hitzaldiak, erakusketak eta beste egiten ditu eta pozik dago, «apenas ezagutzen den ofizio baten berri» emateak piztu egiten duelako.

Ehungintza, terapia

Bestelako ehunekin ere lan egiten du eta ikastaro ugari ematen ditu. Altolagirreren ustez, «erabat terapeutikoa» da eskuekin ehunak lantzea. «Ehungintzaren mundua erabateko terapia da. Banuen ikasle bat ehuntzera etorri eta ez dakit zenbat tapiz egin nahi zituena. Bere planak albo batera utzi behar izan zituen, berehala konturatu zelako ehungintzan ez duela buruak agintzen, eskuek baizik. Burua erabat joan egiten da, eskuek eta materialek agintzen dute. Zure buruarekin egoteko modu bat ere bada ez egotea; beste gauza guztiekin erabat ahaztu eta zure eskuei begira egotea. Oso ariketa berezia da. Erlaxatu egiten zara, tentsio asko askatzen duzu, arindu egiten zara egiten ari zaren neurrian...».

«Irudipena daukat jende asko nazkatuta dagoela hainbeste kontsumorekin eta aldatzen hasi dela, atzerapausoa ematen. Ehungintza artisaua beti izan da garrantzitsua, baina bere momentua noiz iritsiko zain bezala dago. Gu ere, ehungintzako artisau eta artistak, elkarrekin gauzak egiten ari gara azkenaldian eta horrek indarra ematen digu. Baina, bai, iruditzen zait behetik gora datorrela mundu hau».

Artearen munduan badira gehiago baloratu diren alorrak eta gutxixeago goratu direnak. Altolagirrek garbi dauka ehungintza bigarren multzoan dagoela, bigarren mailako arte adierazpena balitz bezala hartua izan baita. «Horren atzean historia handia dago. Emakumeak sekulako lana egin du ehungintzaren alorrean eta berdin jarraitzen du, jakintza horrek biziraun dezan. Nire ustez ehungintzak esanahi eta egiteko oso berezia izan du historian barna. Emakumeak ezin zuenez pentsatzen zuena eta sentitzen zuena adierazi, ehundu egiten zuen. Hartara, ehungintzaren bidez transmititzen zuen ahotsez esan ezin zuen hori. Horregatik ehungintza oso garrantzitsua da, ez bakarrik janzteko, baita maila artistikoan ere. Emakumeak bere ahotsa ehungintzaren bidez adierazi izan du denbora luzean». Bide horretan, artazorrozko alfonbrena sekulako aurkikuntza izan da Lola Altolagirrerentzat. «Lan horietan dagoen intentzio artistikoa eta estetikoa garbi ikusi dut eta horrek liluratu egin nau».

Arima Textil izeneko Facebook orrialdean eta Hiriazoka.com webgunean topa daitezke bai Lola Altolagirreren lanak bai berarekin harremanetan jartzeko bideak. •