Xabier Izaga Gonzalez
EUSKARA JENDEA GASTEIZEN

«Izaskun Arrueren urratsen atzetik», Miel A. Elustondok berreraikitako bide ezezaguna

Arabako ikastoletako lehenengo andereño Izaskun Arrue abiapuntua da, berak zioenez, Gasteizko lehenengo ikastola abiatzeko meritua «guraso haiena» baita; euskaraz jakin gabe ere beren seme-alabek euskaraz ikastea nahi zuten haiena, alegia. Guraso haiek eta bide bera urratu zuten beste askoren omenez idatzi du Miel A. Elustondok bere liburua.

Izaskun Arrue 2016ko azaroaren 10ean zendu zen, 89 urte zituela. Merezitako omenaldia egin zioten orduan eta aurretik haren berri ez zekien jende askok jakin zuen Arabako ikastoletako lehenengo andereñoa zela. Miel A. Elustondo kazetari eta idazle azpeitiarrak, berriz, ondo zekien ordurako nor zen andre hura, 2000. urtetik behin baino gehiagotan hitz egin baitzuen harekin, “Argia”-n harekiko solasak argitaratzeko, Olabide Ikastolaren 50. urteurrena zela-eta haren historia idazteko edo, besterik gabe, kalean biak suertatuta. Edonola ere, lehendik ere bazuen haren berri. Lehenengo andereñoaren heriotzatik bi urtetsu joanda, “Izaskun Arrueren urratsen atzetik” liburua aurkeztu du.

Lehenik esan beharra dago lan hori ez dela andereño aitzindari horren biografia, gerraurretik 1975era bitartean Gasteizko «euskara jendeak» egindako bidea idorotzeko ahalegin edo ikerketa baizik. Bigarrenik, aipatu berri duguna esan beharra zegoen arren, Arruek ondo merezia duela bere izena liburuaren portadan agertzea, nahiz eta berak besterik esango zuen, nonbait.

Izaskun eta beste bidegileak

Hala uste du Elustondok, behinik behin: «Izaskun Arrue hil zenean, hura omentzeko asmoa zabaldu zen bazterretan. Niri, orduan, Izaskunek berak 2004an elkarrizketa egin nion batean esan zidana etorri zitzaidan gogora. Arabako lehenengo andereñoa zela esanez joan nintzaion ni, merezimendu hori zuela, alegia, eta berak, aldiz, beren umeak ikastolara bidean jarri zituzten gurasoak goratu zizkidan. Haiena zela merezimendua. Izaskunek zioen bera ez zela Gasteiza ezkondu ikastola bat irekitzeko asmoa hartuta, Gasteizen bazirela guraso batzuk, euskaraz ez zekitenak, baina beren umeak euskaraz jakin zezaten nahi zutenak. Elkarrizketa berean, zera ere galdetu nion, alegia, bera baino lehen izan ote zen Gasteizen euskarazko irakaskuntzan jardun zuen inor. Izaskunek, orduan, Pilar Landaburu aipatu zuen, Xabier Landaburu gerra aurrean Madrilen diputatu izan zenaren arreba. Zioen entzuna zuela Pilar Landaburu zer edo zer jardun zela euskaraz erakusten. Elkarrizketa harrezkero, buruan jira-bueltaka ibili nituen bi hariok: batetik, euskaraz ez zekiten guraso haiek, baina beren umeak euskaraz jakitea nahi zutenak; bestetik, berriz, Pilar Landaburu».

Horrenbestez, zer dela-eta ez zuen Pilar Landaburu abiapuntu hartu? Lanaren egilearen beraren hitzetan, «Izaskun Arrueren heriotzak jarri ninduelako eskribitzen, piztu zuelako nire barrua eta Izaskun besterik gabe omentzea gauza motza iruditzen zitzaidalako, alegia, gerra aurrean euskaraz irakasten jardundako Pilar Landaburu eta 1963an beren umeak lehen ikastolara bidali zituzten gurasoak ere omenaldiaren parte zirela uste nuelako. Hori, hala eta ere, ez zen nire irudipen hutsa, Izaskunek berak esandakoa baizik».

Ez dirudi abiapuntu makala, Izaskun Arruek emandako izen eta gertakariei jarraituz gerraurretik 1975era bitarteko Gasteizko «euskararen historia sozialaren zirriborroa» idatzi baitu Elustondok, bikain idatzi ere. Bere ikerketa hasteko, Arrue zeruan den zalantza zipitzik egin gabe, Elustondok harakoa egin, Done Petriren baimena jaso eta post mortem elkarrizketatu zuen andereñoa, atsegin eta umoretsu. Pilar Landaburu «ikastola antzeko zera bat» antolatu zuena, «guraso haiek», Ramon Narbaiza, Eusebio Osa eraman zituen hizpidera Arruek, horiek «eta beste».

Bidea josten

Aurrera eta atzera ibili da ikerlaria izen haien haien jabeek urratu zuten bidea josi arte. Bakan batzuk oraindik bizirik daude, hala nola Andoni Perez Cuadrado eta Peli Romarategi, gerraurreko Zapatari kaleko Euskal Eskolako ikasleak. “Ikastola” esaten zioten eskola hartan, hain zuzen, Pilar Landaburu zegoen andereño. Eskolaz kanpoko ekintzak ere egiten zituzten, Gaztetxoak izeneko elkarte jeltzaleak antolatuta.

Perez Cuadrado eta Romarategi bezala, «guraso haiek» ere 4oko hamarraldiaren hasieratik aurrera Andoni Urrestarazu Umandiren ikasleak izan ziren. Haietako bat, Jose Antonio Arriola, Elustondorentzat ur gardeneko iturri. Hark eman zion Ikastun Eskolaren berri. Eskola hartako ikasle batzuek ere Umandirekin ikasten omen zuten euskara. Laster zabalduko zuen Elizbarrutiak neskentzako Ikastun Eskola, eta han ziren Ramon Narbaiza, Ikastun Eskolan Pedro Anituaren laguntzaile, eta Umandiren arreba Terese Urrestarazu irakaslea ere.

Izenak eta lekuak behin eta berriz uztartzen zirela ikusi zuen Elustondok, berak lehenago bildutako informazioan bezala: «Duela lau urte, Izaskunen gidaritzapean sortutako ikastolak 50 urte bete zituen, Olabide Ikastolak, alegia, eta ikastolaren historia eskribitzeko enkargua jaso nuen. Zenbait dokumentu, kontaktu eta izen jarri zizkidaten eskueran. Tartean, Peli Martin zenak makinaz jotako 42 orrialde! Peli Martin jakile izan zen, kontatzen zuen garaiaren lekuko, eta Izaskun Arrueren ikastolaren sorrera eta ondoko hamar urteak zehaztasun handiak emanez kontatu zituen 42 orrialde haiek berealdiko kronika ziren! Horrekin batera, Izaskunen etxeko eskolara joan ziren lehen ikasleetako batzuk ezagutu nituen, beren gurasoen historia kontatu zidaten. Haatik, ez nuen orduko gurasorik ezagutzeko modurik izan, batzuk hilak, bestetzuk hitz egiteko umorerik ez… Dena dela, Olabide Ikastolaren historia egin nuen, eta liburua argitaratu ondoren, beste elkarrizketa bat egin nuen, giltzarria, Jose Antonio Arriolarekin, laurogei urtetik gorakoa eta umeak Izaskunen etxera bidali zituzten lehen gurasoetakoa. Arriolak bai, Arriolak ebatzi zidan ekuazioa! 1945ean Ikastunen Eskolan ari zen Arriola. Eskola hura 1941-42an ireki zuen Pedro Anitua abadeak. Ramon Narbaiza apaiza ere hantxe zuten 14 urteko gazteek. Narbaizak, besteak beste, erlijioa irakasten zien, baina oso era berezian: iritzi trukea ziren haren eskolak, honetaz eta hartaz hitz egiten zuten. Gainera, mendi irteerak egiten zituzten igandeetan… Garai bertsuan, neskentzako Ikastun eskola ireki zuen elizbarrutiak Nieves Cano kalean. Hantxe zen Ramon Narbaiza ere, eta Umandiren arreba Terese! Eta neska-mutil haiek bat egin zuten, mendi irteera haietan kasu».

Euskararen eta abertzaletasunaren bilakaera bateratsu zihoazen neurri batean. «Dudarik gabe, Narbaizak abertzaletu zituen Ikastun Eskolako gazte haiek: Jose Antonio Arriola bera, Obdulio Lopez de Lacalle, Anjel Aranzabal, Peli Martin… Aldi berean, euskaraz ikastera bultzatu zituen, Umandik San Antonio kaleko etxean ematen zituen eskoletara, alegia. Lotura egina zegoen! Ramon Narbaiza, Ikastunen Eskola, Andoni Urrestarazu! Izen berak ageri ziren batean eta bestean», gogoratu du Elustondok.

1946an, Gasteizen Frantzisko de Vitoriari egin zioten omenaldira agintari ugari joan ziren egunean, zapalkuntza salatzeko eta presoen askatasunaren aldeko ekintza egin zuten zenbait lagunek: panfletoak bota, ikurrinak jarri… Peli Romarategi eta beste zenbait lagun atxilotu eta torturatu egin zituzten. 1951ean, berriz, espainiar Estatuan greba orokorra izan zen, eta atoan errepresioa. Umandik atzerrira ihes egin behar izan zuen, eta haren ikasleek beren arteko prestatuena hautatu eta euskarazko eskolak ematen segitu zuten.

Bi hamarkada, «geroaren hazi»

40ko eta 50eko hamarraldiak «geroaren hazi» izan ziren Elustondoren ustez: «40ko hamarkadako Andoni Urrestarazu Umandiren eskolek jarraipena izan zuten 50eko hamarkadan, nahiz Andoni erbestean zen ordurako. Haren ikasleek –Jose Antonio Arriola, Pakita Abaitua, Peli Martin, Peli Lopez Presa…– ez zioten ikasteari utzi. ‘Itsuen herrian begibakarra alkate’ egin zuten; beren artean jantzienak izendatu zituzten irakasle. 1957an, bestalde, Ramiro Maeztu Institutuan euskarazko eskolak ematen hasi ziren hezkuntzako lege erreforma bat baliatuz. Garai berean, mezak euskaraz esaten hasi ziren, eta gogo-jardunak ere egin zituzten, euskaraz. Giro horretan egosi zen 1963an lehen ikastola, Donostian Elbira Zipitriak hasitako bidea eredu. Hain zuzen, udazken hartan Zipitriarekin hilabetea egin zuen Izaskunek Donostian, gurasoen eskariz, Zipitriaren irakasteko moduan trebatu nahirik». Jose Antonio Arriolak kontatu zion, nork hobeto, nola bururatu zitzaien ikastola abiatzea: «Zer izango zen, bada! Ikastunen Eskolaren garaian 1945ean ikasle ginenok, ezkonduak ginela 1960an, haur txikien gurasoak! Gure umeek euskaraz jakitea nahi genuen!».

Bere lanean, Elustondok nabarmen utzi nahi duela dirudi ez zela ondoko herrialdeetako jendeak ekarritako asmoa, bertakoen bultzada eta lana baizik, Izaskun Arruerekin bat etorrita: «Gasteizen bertan ditu erroak mugimenduak. Inor ez zen ondoko herrialde batetik erritmoa markatzera etorri. Izaskun Arrue bera nafarra zen, baina Gasteiza ezkondua, bertan ari zen bizimodua egiten». Edonola ere, egiari zor, «bigarren aldi batean ikastolaren hasierak denboran bat egin zuen Gipuzkoatik eta Bizkaitik Arabara eta Gasteiza etorritako migratzaileekin. Euskaldunak ziren, neurri handian, eta Francoren eskola nazionala ez, baina bestelako irakaskuntza, euskarazkoa, ikastola, nahi zuten beren umeentzat. Zalantzarik gabe, hortik etorri zen ikastolako ikasle kopurua urte gutxian emendatzea, ikaragarri handitzea».

Izan ere, 1960ean hasitako hamarkadan zehar, Debagoieneko eta Eibarko zenbait enpresa Gasteizen ezarri ziren. Bitartean, 1962an, gobernadoreak agindu zuen euskarazko eskolak Mugimenduaren egoitzan emateko, eta Ramiro Maeztu Institutuko eskolak desagertu egin ziren, egoitza hartara joateko deialdia egin zutenean inork ez baitzuen izena eman. Beste zenbait lekutan irakatsiko zuten, ordea, hala nola Jesus Obrero Ikastetxean, eta, ondoren, Arte eta Lanbide Eskolan.

Arabako lehenengo ikastola

1963ko abenduaren 4an, Izaskun Arruek ikastolako, alegia, Zerkabarren kaleko bere etxeko atea zabaldu zien zenbait umeri, tartean bere seme nagusi Rafa Pikatoste zela. 1967. urterako askoz ume gehiago ziren, gehiegi etxe hartan ikasteko, eta etxe bat hartu zuten gurasoek errentan, Estibalitz hiribidean. Urte hartan Olentzero atera zuten ikastolako gurasoak, andereñoak eta umeek, Gasteizen lehen aldiz.

Euskararen aldeko mugimendua indarra hartzen zihoan, eta urte berean Eusebio Osa, garai hartan agustindarra, eta apaizgai talde bat Gasteiza heldu ziren, apaiztegian Teologia ikastera. Berehala hasi ziren euskara eskolak ematen; Osa ikastolan laguntzen hasi zen, eta, ikastolako gurasoak, Estibalizko monasterioan egiten hasi ziren bileretara joaten. 1968an, bilera horietako batean parte hartu zuten bi gazte atxilotu eta batzarrak bertan behera geratu ziren.

1970ean Juan Bautista Gamiz irakasle taldea sortu zen, zenbait urte geroago Gasteizko AEK izango zenaren hazia.

Hurrengo urtean, Araotzen (Oñati) euskarazko uda ikastaro trinkoa antolatu zuten Osaren gidaritzapean, eta zenbait atxiloketa izan ziren, Araotzen eta Osaren eta apaizgaien Gasteizko etxean, ETAkoak ziren akusaziopean; benetako delitua, ordea, euskarazko eskolak ematea zen. Udazkenean, ikastolatik kanporatu zuten Osa. Ordurako, berak eta apaizgai gazteek gau-eskolak ematen zituzten.

Urte berean “Ikastola” hitza jarri zuten Estibalitz hiribideko ikastolaren fatxadan, baina berehala kendu behar izan zuten, agintariek hala «eskatuta». Bi urte geroago, Olabide Ikastola oraingo egoitzara aldatu zen, Gasteizko Lasarte herrixkara.

Azkenik, 1975ean, Izaskun Arruek Olabide ikastola utzi zuen, ikastola batzar liskartsu batean euskara batuaren alde agertu ondoren, bera ez baitzegoen erabaki horrekin ados.

Gerra, gerraondoa, EAJ, zapalkuntza, klandestinitatea, ETA, langile grebak, errepresio gehiago... hori izan zen Arabako euskararen bidea urratu zuen mugimendu haren testuingurua. Historia horren protagonista asko kartzelaren, erbestearen eta torturaren biktima izan ziren, edo errepresaliatuen ondorengo. Hala zen Pakita Abaitua, 1937ko udaberrian Azazetan fusilatu zituzten haietako baten alaba, hala Amaia Gonzalez de Gamarra, Pedro Inazio Elosegi Zerkabarren kaleko lehen umeetako baten ama eta bere irakasle titulua ikastolari utzi ziona, Maria Teresa Fernandez de Pinedo bezala, legeztatze arazoak gainditzeko gako. Ondorengo batzuk ere aipatzen ditu Josemari Velez de Mendizabalek Elustondoren liburuan: «Gasteiz erdaldun hartan jo eta su ari zirenak, denetariko eragozpen eta oztopoak –eta kartzela eta torturak– jasan behar izan zituztenak: Eusebio Osa, Gontzal Fontaneda, Pako Eizagirre, Juanjo Uranga, Kepa Mendia, Aingeru Ibisate, Imma Murgoitio, Xabier Irigarai, Isidro Baztarrika, Sabin Salaberri, Carlos Caballero, Antxon Iriondo, Joxe Carrera... Eta barka nazatela aipatu ez ditudanek».

Garaian garaiko isla

Estibalizko monasterioko bilerek, Eusebio Osa Olabide ikastolatik kaleratzeak edo Izaskun Arruek ikastola uzteak Gasteizko euskararen aldeko mugimenduan ere garaian garaiko talkak eta liskarrak izan zirela agerian uzten dute. Bide hura berreraiki duenarengana jo dugu atzera berriro, eta zorrotz baina tentuz erantzun digu: «Talkak izan zirela begi bistakoa da. Eusebio Osaren kaleratzea dokumentatu ahal izan dut, nahiz eta auzian sakondu nahiko nukeen. Estibalizko bilerek erreka jo zuten, zenbait atxilotze tarteko, eta, auziaren sumario bi ere eskura jarri zizkidan Gontzal Fontaneda adiskideak. Orduan ere, gazte suharrak alde batetik, heldu apalduagoak beste batetik; aurrerakoiak, batetik, atzerakoiak, bestetik. Aztergai interesgarria zait Estibalizko nagusi egiten zuen Isidro Baztarrikaren nortasuna, bilera haietan parte hartu baitzuen. Gero, gainera, Olabide Ikastolan euskara batuaren inguruko batzar handi batean parte hartu zuen, Izaskun Arruek esan zidanez. ‘Hango garrasiak!’, esaten zidan. Izaskunek ikastola uzteko erabaki traumatikoa hartzea ere zehatz argitu nahiko nuke. Dena dela, bi mentalitate ziren, edo bi garairen arteko talka, jakile batek horixe esan berri dit, baietz, gazteak eta helduak, ezkerrekoak eta eskuinekoak, abertzale estuak eta ‘espainolista eta komunista’ gisa etiketatuak… zirela han. Baina serio ezer eskribitzekotan, lekukotasun gehiago eta, ahal delarik, agiriak bildu behar ditut. Orduan, beharbada, galderari zuzen erantzuteko moduan egongo naiz. Orain susmoak baino ez ditut. Zenbait intuizio. Uste ustela baino gehiago behar dut».

Gerraurretik 1975era bitartean euskara jendeak Gasteizen egindako bidea josi du azpeitiarrak, ez da gutxi, baina ez du lana bukatu. «Litsak atera behar ditut», dio Elustondok. Besteak beste, dokumental bat egin nahi du, irakurtzen ez duen jendeak honen guztiaren berri jakin dezan. «Ez dut eperik, asmo zindo sendoa soilik. Presazkoa da adin handiena dutenen lekukotasunak biltzea. Urregorrizko altxorra dugu eskueran, eta badakigu inor ez dela betiko. Liburua argitaratu orduko, gainera, informazio baliagarria dutela erakutsi didate zenbait lagunek, garaiko jakile zuzenak: Izaskun Arrueren lankide izandako Amalia Goikoetxea eta Aurori Unanue, andereñoaren lehen ikasleetakoa izandako Pedro Elosegi, Juan Bautista Gamiz irakasle taldearen inguruko Jeni Prieto, Arabako Ikastolen Elkarteko buru eta Olabide Ikastolako ikasle ohi Joseba Aginagalde, Jose Carrera, Txema Capetillo… Garaia bizi izan zuten, entziklopedia biziak dira!».

Araba euskararen trenera igotzeko aukera erraztu zuten haien historia berreraikia.