Maider Iantzi Goienetxe
infraganti

JOSEBA IRAZOKI

Lagunekin sortutako «Zu al zara?» berria erantzun onena izaten ari den Joseba Irazokiren diskoa da eta kontent dago beratarra. Lanik rockeroena ere bada eta askatasunak biltzen du hasi eta buka. Elkarrizketan ere behin eta berriz jo du askatasunera. Umiltasuna, alaitasuna eta hurbiltasuna transmititzen ditu, eguna hasteko primerako osagaiak.

“Mondo sonoro” musika aldizkariak Euskal Herriko 2018ko diskoen artean lehendabiziko postuan jarri du Joseba Irazoki eta Lagunen “Zu al zara?” (Bidehuts). Ezuste pozgarria izan dela adierazi digu artista beratarrak bertako Errekalde ostatuan elkartu garenean. Jende guztia irriz agurtu eta pintxo batera gonbidatu gaitu, eta ondotik plazer hutsa izan den solasaldia eskaini.

Azaldu duenez, lanik rockeroena da Ibai Gogortza (gitarra), Jaime Nieto (baxua) eta Felix Buffekin (bateria, ahotsa) osatu duen bigarren hau, lehendabizikotik lau urtera etorri dena. «Aurreneko hartan abstraktuago hasi nintzen, ez nuen kantua bilatu; giroak sortu nituen gehiago, erritmikoki gauza aldakorragoak. Oraingoan, argi nuen zuzenean lortu genuen talde soinu hori mantendu nahi nuela, eta, horrez gain, garrantzi handiagoa eman nahi nion kantuari. Hor egon da aldaketarik handiena: kantu formatu handiagoa dute abestiek. Bestalde, tempoak azkarragoak dira, sonoritatea rockeroagoa, eta Euskal Herrian bederen sonoritate hori ongi sartzen da».

Askatasunak biltzen du disko osoa. Beti egon izan da musika esperimentalari hagitz lotua eta inprobisazioa ere aunitz landu du bai sortze prozesuan bai emanaldietan. «Aske izatea eta gauza ezberdinak probatzea ematen dizu horrek; aterik ez ixtea. Hitzei dagokienez, hala suertatu da. Ez dut nahita egin, baina halako bolada aske batean nago [irri egin du, elkarrizketan hainbatetan bezala]. Edozein gunetan nahi duguna errateko eta nahi dugun bezala portatzeko izan behar dugun errespetua eta askatasuna interesatzen zait». Lehen kantua Lucio Urtubiari eskaini dio, erakartzen duen pertsonaia delako eta dioenarekin bat egiten duelako.

Ogibidea arautzea nahi

Musika afizio eta ofizio du Irazokik eta nahiko askea dela dio. Halere, gauza batzuk lotuagoak egotea nahiko lukeela onartzen du. «Adibidez, klandestinitatean bizi izan gara, diru beltzean, eta alde horretatik bai egon nahiko nukeela sistemaren barruan. Hobeki arautzea nahiko nuke, gero eritasun bat baldin baduzu edo jubilazioa iristen denean ongi egoteko. Autonomoak gara, baina oraindik ez dago musikari ogibide zehatz bat: ikuskizunetako laguntzaileak gara».

Disko honekin pentsatzen hasi ziren aurrekoaren bira bukatzen ari zirela. «Laukote klasiko batekin bukatu genuen (bi gitarra, baxua eta bateria) eta oinarria hori izatea nahi genuen. Estudioan txukuntzen ari ginela, kantuak funtzionatzen ari zirela ikusten genuen. Badut joera preziosismo puntu bat emateko. Disko bat egitean momenturik politena edo dibertigarriena da. Komentatzen genuen ez genuela gehiegi kargatu behar, bestela arriskua baitago muina galtzeko. Baina gauzak entzuterakoan soinuak etortzen zaizkizu eta Aida Torresen kolaborazioa, adibidez, Johannes Buff produktorearen ideia izan zen».

Orain arte ez zituen erabiliak teklatuak edo sintetizadorea eta gogoa zuen kantu batzuetan sartzeko. Hori ere nahiko espontaneoa izan zen. «Hemen bertan, Errekalden bazkaltzen ari ginela Ruben Caballerok probatzea eskaini zidan. Abraham Bobarekin biran nago Nacho Vegasekin eta Bobari ere proposatu nion eta berak ere grabatu zuen etxean; berdin Ismael Marcorekin. Kolaborazioak nahiko inprobisatuak izan dira». Gustatu zaizkio sonoritate horiek eta gehiago erabiliko dituela pentsatzen du.

Nieto Leioan bizi da; Gogortza, Buff eta Irazoki, aldiz, Beran eta horrek aukera eman die taldea egiteko. «Kantu batzuk egiten ari nintzela aipatu nien, gutxi gorabehera bukatzen ari nintzenean. Lauzpabost entsegu egin genituen, gehiago ez, baina nire proiekturako aunitz zen! Gaur egun entsegu guztiak grabatzen ditugu, gero entzun, ondorioak atera eta mailez komentatu».

Puzzleka

Grabazioa joan den abuztu eta urri bitartean egin zuten: oinarriak Atala estudioan, Iñigo Irazokirekin; gitarrak, Joseba Irazokiren etxean; eta ahotsak eta teklatu batzuk, Johannes Buffen estudioan. Kolaborazioko teklatuak internetez bidali zizkieten, eta masterizazioa Jonan Ordorikarekin egin zuten Azkaraten.

Irazokiren konposatzeko metodoa puzzle baten antzekoa da batzuetan: «Normalki inprobisatzen ari naiz etxean eta 30 segundoko pieza bat gustatu, grabatu eta hor uzten dut. Baina egia da gero beste zerbaitekin elkartzea buruhaustea dela eta, hortaz, 30 segundo horiek pixka bat luzatzen saiatzen naiz. Kantu guztia momentuan ateratzen bazaizu badauka zerbait berezia, baina oso zaila da hori gertatzea. Disko honetan kantua mantendu nahi izan dut sortu bezala, baina batzuetan gustatzen zait puskatzea karpeta batean dudan puska batekin».

Fisikoa

Musikalki, gustuko duen melodia bat bilatzen du lehenbizi. «Berdin zait gitarrarekin edo ahotsarekin sortua izan. Disko hau nahiko mugitua da, tempo batzuk azkarragoak dira, eta sortzen ari naizenean, inertzia horrekin, gauza erritmikoagoak ateratzen zaizkit etxean. Mistikoki [irriz], ez dut gehiegi planteatzen zer bilatzen dudan. Gehiago da zerbait ateratzen duzuna. Zerbait fisikoagoa. Gorputza eta burua nahiko aske uzten ditut. Hitzak geroago etortzen dira».

Fisikoa aipatu duenean oholtzako transformazioa etorri zaigu burura. Horrek ezberdintzen du. «Agresiboagoa, fisikoagoa naiz bertan. Bertzela, ez dut errango lasaia naizenik, baina bai nahiko afablea, eta agertokian bai gustatzen zaidala ateratzea beste alde bat, ez dakit bortitza den. Eta hori bai sortu zaidala berez. Hori da transmititzeko nire era».

Animalia oroitarazten ahal du. Agertokia leku guztiz aske bat bihurtzen da berriro. «Noski, errespetua izan behar diozu zeure buruari, musikariei, publikoari, baina oihu egiteko espazio bat da, non jendeak onartzen duen hori. Gertatu izan zait aste edo egun txarra izan eta agertokian askatzea, batzuetan agian gehiegi eta dena. Badakit aldatzen naizela pertsonalitatean eta jendeak erran dit: ‘Zure beste irudi bat nuen’».

Kontzertuen ondotik nahiko hustua gelditzen da. Badu anekdota bat. «Bazen Kanarietako kantari bat, Rogelio Botanz, euskalduna, eta 20 urte nituenean berarekin kolaboratu nuen. Folk musika zen. Kontzertua bukatu –oso fisikoa eta intentsoa–, kamerinora iritsi eta burua paretaren kontra jarrita egoten zen bost minutuz. Ez nuen halakorik ikusia». Irazokik sentsazioa du justu taulatik jaitsita ezin duela jendearekin solas egin. «Deskarga emozional nahiko brutala da eta tarte bat behar dut. Teletransportazio hori behar da: bukatu dut emanaldia eta orain etxeko lasaitasunean egon behar dut. Zurea bota duzu eta batzuetan ez duzu indarrik erlazionatzeko». Ez du burua paretaren kontra jarri... Oraingoz.

«Izan duzu tentaziorik proiektu bakar batean zentratzeko?», jakin nahi izan dugu. «Tentatu nau, bai, planteatu dut, baina denbora gutian... bost minutuz», bere erantzuna. «Bi gauza gertatzen dira: musika hagitz desberdina entzuten dut eta, gainera, denak berdintsu gustatzen zaizkit. Orduan, gero musika egiterakoan ez dut bakarrik estilo batera mugatu nahi. Bestetik, ofizio bezala planteatu dut nire ibilbidea. Honetaz bizitzeak eraman nau gitarrista moduan besteentzat lan egitera. Mikel Erentxunekin eta Athom Rumbarekin nago, adibidez, eta oso ezberdinak dira. Beti proiektu batez bizitzea oso-oso zaila da. Orduan, musikari profesional bezala hagitz irekia egon behar dut gauza desberdinetara».

Bere konposizio bidean, tentazioa izan du, baina dispertsatzen diren artistak maite ditu. «Urte batean pop disko bat egiten duena eta hurrengoan, sorpresaz, instrumental bat zaratekin. ‘Deskoloke’ hori ez da batere komertziala, baina gehiago interesatzen zait. Gainera, nahiz eta estiloz aldatu, denborarekin pentsatu nahi dut eta uste dut musika mota horietako bakoitzean hobetzen ari naizela. Batean zentratuz beste gauza aunitz galduko nituzke. Ez nago prest horretarako».

Diziplina, beharrez eta gustuz

Diziplina handia du. Eta hala behar du. Aipatu dugun bezala, Nacho Vegasekin ari da biran. Mikel Erentxunekin, Athom Rumbarekin eta Bas(h)oan-ekin ere ibiltzen da. Bakarka eta lagunekin ibilbidea egiten duen bitartean. «Beti erraten dut: ez dut egunean zortzi orduz lan egiten, baina bai diziplinarekin. Asteburuan kanpoan izaten gara eta zortzi ordu baino gehiago sartzen ditugu egunean. Niri ateratzen zait aste barruan diziplina horretan egunero lan pixka bat egitea. Gainera, ongi sentiarazten nau».

Errepertorioak ikastea sasoian egoteko modu bat da berarentzat eta sentimendu hori izaten du. «Egun batean edo bitan jotzen ez badut, sumatzen dut hatzetan ez nagoela hain eroso. Sasoian egotea gustatzen zait gero gehiago disfrutatzen dudalako kontzertuetan. Errepertorioak ikastea, diskoa konposatua badago, nahiko errutinazkoa da eta erraz egitekoa. Buruhausterik handiena dakarrena sortzea da, eta hori betea badago, erraz egiten dira besteak».

“Zu al zara?” diskoa pixkanaka egiten joan da. «Iazko neguan nahiko libre nintzen aste barruan eta kantuei bueltak ematen jartzen nintzen. Musikariok badugu anarkista fama, baina ongi sentiarazten nau diziplinak».

Musika gomendioak

Bolada honetan zer aditzen ari den galdetu diogu, eta gomendio batzuk egiteko eskatu. Honatx: «Orain dela guti egon ginen Montauk Gasteizko talde gaztearekin. Diskoa entzuna nuen eta zuzenean ere gustatu zitzaizkidan. Izaki Gardenak ere gogoko ditut. Gasteiz aldean uste dut mugimendu berezi bat, giro polit bat, ari dela sortzen. Gero, betiko lagunak, inguruan ditudanak daude: Amorante, Ibon RGk ere disko bat atera du, Akauzazte, musika esperimentalean dabiltzanak. Atera diren azkenetakoetatik, Bulk gustatu zait».

Nazioarte mailan, rock minimala eta errepikakorra nahiko gustatzen zaio. «Badago 60ko hamarkadan gitarrista ezagun bat, Philip Glass. Gaur egun ere jende gaztea rockean musika minimal hori islatzen ari da eta badago talde bat, Horse Lords, gustatzen zaidana. Low hirukoteak iaz atera zuen disko esperimental bat. Poperoagoak ziren lehen eta bat-batean, 15 diskoren ondoren, aldaketa bat egin dute. Horrek erakartzen nau artistengandik. Steve Grand gitarrista ere maite dut; urte hasieran diskoa atera du».

Ezin agurtu Bidasoa alde honetako mikroklimaz bere iritzia galdetu gabe. «Beran, zehazki, duela 15-20 urte gazte multzo bat elkartzen ginen taberna batean eta disko trukaketan aritzen ginen. Nahiko gauza desberdinak entzuten genituen: Beñardo Goietxek country amerikarra ekarri zuen, Xabier Erkiziak esperimentala, Pettik rockeroa… Aukera zabala zegoen musika ezberdina aditzeko eta mugimendu hori garrantzitsua izan zen. Gero etorri diren taldeek Sexty Sexers-ekoek, adibidez, hori ere xurgatu dute. Orain geldialdi bat dagoela uste dut».

Bertako musika berezia dela aipatu izan da. Mugan egoteak zerikusia du Joseba Irazokirentzat, eskurago daudelako Estatu frantseseko taldeak. Laboa bera Baionara joaten zen diskoak erostera. Frankismoarekin, musika beranduago iristen zen. Baina Berara talde esperimental bat jotzera etortzea edo Bordelera kontzertu batera joatea nahiko ohikoa zen. Azkenean horrek hezi egiten du. •