Xabier Izaga Gonzalez
infraganti

MARINA SUAREZ ORTIZ DE ZARATE

Umetatik argi zuen artista izan nahi zuela. Arte ikasketak bukatuta, antzerki eta dantza mundura sartu zen, eta duela urtebete mundu plastikoa berreskuratu zuen. Artista gasteiztarraren mundu horren lagin bat, mundua ikusteko bere prismaren isla dena, Gasteizko Artgia sorgunean ikusgai dagoen «Txiribita» erakusketa da.

Lehenengo erakusketa du bakarka. Apiril osoan dago “Txiribita” Artgia sorgunean ikusgai. Bertan hitz egin du GAUR8k Marina Suarez Ortiz de Zaraterekin, artista gasteiztarra Madrilera itzuli baino lehen, arte eszeniko eta bisualen master bat egiten ari baita han.

Badira sei urte Arte Ederren ikasketak bukatu eta antzerkiaren, dantzaren eta performancearen munduan murgildu zela, Baratza aretoaren eskutik. Han jarraitzen du oraindik ere, hamaika zereginetan, diseinu eta web kontuetan, programazioa eta antolaketan, baita Baratzako antzerki konpainian ere. Dioenez, behar handia zuen oraingo proiektu honi heltzeko, mundu plastikoa erabat baztertuta baitzeukan. Mundu plastikoa berreskuratzea «plazer itzela» izan da.

“Txiribita” proiektua duela urtebete hasi zen. Artgia sorguneak artista sortuberriak bultzatzeko ematen dituen beketako bat jaso izanak, erakusketaz gain, beste ekintza batzuk ere egiteko aukera eman zion Marinari, hiru faseko prozesua garatzeko laguntza baita.

Orain artean Marinaren ibilbide artistikoa kolaboratzaile gisakoa izan da nolabait, eta hau bide pertsonalagoa da. Esker oneko ageri da Irantzu Lekue Artgiako arduradunarekin. «Sekulako aukera izan da», dio, «jendearekin lan egitea erraza izan da, oso gogoko baitut, baina uste dut bakarrik lan egitea ere beharrezkoa nuela».

Soinu-paisaia

Proiektua nola otu zitzaion kontatu digu. «Intuizioz», Virginia Woolfen “Orlando” nobelako pasarte bat hartu zuen, oso gustuko duena. Orlando, 300 urtez gizona izan dena, zazpi egun lo eman ditu eta esnatu denean, emakumea da. Lo egon den zazpi egun horiek ardatz hartu zituen Marinak, eta tarte horretan, ametsen edo inkontzientearen munduan, zer gerta daitekeen pentsatu zuen. «Pasarte hori, ideia hori, irudi horiek egon dira etengabe prozesuan». Hala ere, ez dio hori amets bat dela edo horren irudikapena dela, zerbait sortzeko motorra baizik, abiapuntua, eta prozesuan zehar hainbat leiho eta ate ireki direla.

Lehenengo fasean, proiektua kalera atera behar zuen. «Kaleko ekintza proiektuaren pieza bat izan zen, askoz performatiboagoa», dio. Bidaia bat eskaintzen zuen, berak eraikitako soinu-paisaia. Hamaka bat atera zuen, bertan jendea eseri, solariumeko betaurrekoak eta kaskoak jarrita, eta audio bat entzuteko, Marinak ondoan aldez aurretik grabatutako soinuak ordenagailuarekin, zuzenean, «DJ batek moduan», nahasten zituen bitartean. Hamar minutuko saioak ziren, eta horietatik dator erakusketa plastikoaren osagai den soinu-paisaia. Askotako erantzunak jaso zituen bidaia sentsorial haietan parte hartu zuten lagunengandik: beldurretik atsegineraino. Oso soinu abstraktuak dira. Hitz batzuk daude, zentzurik gabekoak, mundu ilogiko batetik datozen soinuak dira nolabait. Hala ere, ez dela mundu irreala dio. Ekintza horretan islatu zuen inkontzientearen inguruko jakin-mina. Bidaia inkontziente horren oinarrian galdera bat zegoen: eserita, dena ahaztu eta gure inkontzienteak arreta guztia hartu eta gorputza ahazten dugun momentuak zeintzuk dira? Ametsak, batez ere.

Hondakinetatik eraiki

Gero tailerreko lanean hasi zen, materialak probatzen, logika bat bilatzen, eta mundu material horretan gero eta gusturago sentitzen hasi zen, materialak elkartu eta manipulatzen. Mundu material hori estudioan zuen eskultura «narras» batetik sortu zen, aberatsen etxe batean egon zen diskobolo batetik, hain zuzen. Mailu batekin txikitu egin zuen eta haren hondakinetatik zenbait mundu berri eta fantasia sortzen hasi zen, hondakin horiek eta bildutako beste material batzuk harremanetan jarriz.

Azaroan erakusketa kolektibo bat egin zuen Artgia aretoan bertan, Sara Berasalucerekin eta Beatriz Peralesekin batera. Oraingo erakusketaren parte handiena tailerrean zuen orduan, etengabe aldatzen, artean apirileko honetarako zer egin behar zuen argi ikusi gabe. Eta erakusketa zabaldu baino lehen hiru egunez egon zen gauzak mugitzen, bakoitzak halako espazioan zer zentzu zuen jakiteko. «Norbaitek zerbait nonbait kokatu behar dueneko momentua imajinatzen dut, zentzu estetikoaren bila. Guztiok dekoratzen dugu, denok jartzen ditugu gauzak espazioetan, batez ere etxean, eta ekintza estetiko hori mundu bat da bakoitzarentzat», azaldu du. Koadro baten konposizioa bezala, baina espazioa tridimentsionala izanda, ekintza konplexuagoa iruditzen zaio.

Txiribitak

Marinaren txiribitak «une batez agertzen diren dirdira harrapaezinak» dira. Irudi hori erabili du “Txiribita” erakusketa izendatzeko. Txikitan begiak ixten zituen eta txiribitak ikusten zituen, puntu dirdiratsu harrapaezin horiek, alegia. Paralelismo bat egin zuen materialekin eta bere eraikitzeko moduarekin, eta txiribitak egiten hasi zen, eta «ez supereskultore batek egingo lukeen busto bat edo zeramikazko obra bat». Berea hauskorra eta ezegonkorra dela dio. Asko pentsatu zuen prozesu horretaz. «Ez dauka zentzu itxi bat, irudiak edo ideiak dira, batzuk elkartzen dira eta beste batzuk ez, eta elkartzen ez direnek bat-batean zentzua hartzen dute. Intuizioz jokatuz, gauzak agertzen dira».

Proiektu hau bidaia bat izan da Marinarentzat, eta gustatuko litzaioke publikoarentzat ere hala izatea. Bertan eseri, entzun, ikusi edo lanen artean paseatzeko aukera dago. Bidaia batez ere begiradatik eta entzumenetik dator, baita ukimenetik ere, testura asko baitaude, askotariko materialak.

Marinak dioenez, prozesu guztiak ikas prozesuak dira, norberaren burua ezagutzekoak. «Ez da zerbait nahi edo gustuko dudalako bakarrik egitea, bada arrazoi bat, nahiz eta beharbada gero publikoak ez ikusi. Barne grina dago. Prozesu honen bitartez areago konturatu naiz nik erreparatzen diedan gauzek harreman zuzena dutela honekin. Bakoitzak modu batean bizi du egunerokotasuna, eta mundua ikusteko nire prisma hemen islatuta dago. Hau ez da teoria bat, baizik eta nire bizitzaren luzapen bat, edo beste abar bat», dio.

«Txikitatik argi izan dudan gauza bakarra da artista izan nahi nuela. Nik normalean ez ditut gauza guztiak argi-argi edukitzen», dio. Inoiz ez du ideia eta proiekturik falta, ordea. Ez dela samurra dio, kosta egiten dela: «Oso erraza da unibertsitatera joan eta ikasketak osatzea, baina, gero, zeure ideiak gauzatu nahi dituzunean, galdera asko datozkizu burura; esate baterako, non kokatzen zaren. Hori etengabeko galdera da». Leku hori bilatu beharra dagoela dio, eta dagoeneko hamaika «salto» egin ditu: bideoa, pintura, dantza... Bere bidea egiten ari da.

Oraindik orain beste beka bat eman dio Bilbao Arte Fundazioak lanean jarraitzeko. Beraz, masterra bukatu eta uztailean Bilbora joango da sei hilabetez beste proiektu batean murgiltzeko. Txiribitak ez dituela harrapatuko jakinda ere, ikusi eta erakusten jarraitzeko. •