04/05/2019

MIKEL GARRIDO
Segurtasuna da Mikel Garridoren pasioetako bat, eta horretan aritu da, hutsuneei eta beharrei erreparatuta erantzunak asmatzen. Horren emaitza da Kidy Bus izeneko sistema, haurrek autobusean seguru bidaiatzeko arnes moduko tresna arina. Autobusentzako jesarleku berezi bat ere diseinatu du. Berrikuntza biak sariak pilatzen ari dira.
Nerea GOTI
0504_mikelgarrido1

Duela jada hemezortzi urte piztu zitzaion Mikel Garrido ingeniariari haur segurtasunarekiko jakin-mina, eta, horri lotuta, sistema berriak garatzean jarri zuen arreta. «Aita izatearen eraginez» izan zen, GAUR8ri aitortu dioenez. Azken hemezortzi urteotan aurrerapauso ugari izan dira haurren segurtasunaren arloan, baina, aipatu duenez, kontuan hartu behar da garaian “haur segurtasun” kontzeptua bera ere ez zegoela hain garatuta. Egun haur segurtasun aditua da Garrido, eta garraioarekin lotuta egiten du lan bereziki, besteak beste, haurrek autobus edo anbulantzietan seguru bidaiatzea helburu. Hori bai, galdutako haurrak lokalizatzeko sistema bat ere garatu zuen bere garaian.

Haur Segurtasuneko Elkarteko presidentea da bizkaitarra, eta azken boladan sari ugari jaso ditu garatu dituen gailuengatik. Kidy Bus Harness autobusetan erabiltzeko haurrentzako arnesa da saritutako diseinu horietako bat. Instalazio errazeko arnesa da, bost puntutan finkatzen dena eta 15 eta 25 kilo arteko haurrentzat pentsatua, hau da, 2 eta 7 urte arteko umeentzat.

Bide-segurtasunak garapen handia izan du azken urteotan, batez ere autoekin lotuta. Aldiz, legea askoz malguagoa da autobus edo beste garraiobide batzuen kasuan. Gizarteak, baina, auziarekiko kezka gero eta handiagoa agertzen du, oso ohikoa baita, adibidez, autobusak haurren eskola garraiorako erabiltzea.

«Ez dugu ahaztu behar beste ibilgailuak bezala, autobusak ere helduentzako pentsatuta daudela. Hau da, 2 urteko haur bat autobusean ibiltzen denean, bere segurtasunean pentsatuta diseinatu ez den jesarleku batean egiten du bidaia», nabarmendu du Garridok. «Autoekin lotuta hainbestetan azaldu digutena aplikagarria da autobusekin ere. Autoan orduko hamar kilometroko abiaduratik aurrera ezinezkoa bada balaztada batean jesarlekuan mugitu gabe geratzea, berdina gertatzen da autobusean ere», gaineratu du.

Gizartearen eskaera

Ingeniari bilbotarrak dioenez, segurtasunaz hitz egiterakoan, «autoa beti izan da erregea eta autobusa beti geratuta da ahaztuta». Horren eraginez, autoan haurrak eramateko moduari buruzko araudia oso zorrotza den bitartean, ez da berdina gertatzen beste kasu batzuetan. Aldiz, azken urteotan izandako zenbait istripuk komunikabideetan izandako oihartzunak aldaketa ekarri du, baita gurasoak sentsibilizatzeko urte luzez egindako lanak ere. «Guraso batzuek argi diote: ‘ulertu dugu autoan zer egin behar dugun haurrak garraiatzeko, beraz, zergatik ez dugu berdina egin behar autobusean?». Aldiz, Garridok nabarmendu bezala, «ez autobusak ezta erakundeak ere ez daude oraindik eskaera horri erantzuteko prestatuta».

Kilo eta erdiko tresna

Garridok diseinatutako Kidy Bus Harness sistema ulertzeko, autobusen jesarlekuen morfologiari erreparatu behar zaio. «Autoen kasuan, segurtasuna bermatzeko, estandarizazioa bultzatu da, jesarleku bakoitzeko uhal bat izan behar da... Autobusetan, aldiz, ez da estandarizazio bera ematen; diseinua, butaken arteko tarteak... aldatu egiten dira fabrikatzailearen arabera. Ondorioz, egun ezinezkoa da autoetarako pentsatutako sistema bat autobusetan ere erabiltzea. Gainera, hori ahalbidetzeko beharrezko test teknikoak ere ez dira egin», esan du.

Egungo egoera irauli asmoz, Kidy Bus Harness sistema diseinatzeko, autobus konpainiekin eta sektoreko bestelako eragileekin lan egin du Garridok. Jaso zuen lehen eskaera argia izan zen: autobusetan erabili beharreko sistema ez izatea autoetan erabiltzen diren haur-aulkien parekoa. «Ezinezkoa da autoetakoen moduko 50 haur-aulki sartzea autobus batean. Non gordetzen dituzu? Nork ipini eta kentzen ditu? Zerbait txikia, arin jartzekoa eta erraz gordetzeko modukoa nahi zuten».

Jasotako eskaeroi erantzuten die Garridok asmatutako Kidy Bus Harness sistemak, «egun mundu mailan autobusentzako homologatuta dagoen bakarra». Arnes bidezko sistema bat da, jesarlekuaren bizkarraldeko atzealdetik lotu eta haurren erretentzio sistemek erabiltzen dituzten bost puntu dituena. «1,6 kiloko pisua du, zurekin eraman dezakezu, erraz gorde daiteke aulkien gaineko espazioan eta 22 segundotan instalatzen da». Horrez gain, homologazioa lortzeko beharrezko proba denak gainditu ditu, «aurrez aurreko inpaktuarena, materialena...».

Jada 4.800 ale saldu dira eta Lakuako Gobernuak berak sistema erabiltzeko gomendioa egin du. Hala ere, Garridok azaldu duenez, «autoetan ez bezala», legeak dio beharrezkoa dela haur-erretentzio sistema bat erabiltzea, baina, ez badago, uhala erabil daitekeela, «betiere umearen pisu eta altuerara egokituta». Autobus konpainia gehienak horrekin geratzen dira eta ez dute sistema gehigarrik jartzen, horregatik, «orain borroka da ulertaraztea puntu biko uhalak bi urteko ume bati ez diola ezer egiten, eta, gainera, zenbait kasutan, arriskutsuagoa ere izan daitekeela. Orduko hogei kilometrora joanda, balaztada batean aurreko jesarlekuaren kontra kolpea hartzeaz gain, uhalak bizkarra apur diezaioke haurrari. Hiru puntuko uhala ere ez da segurua, lepoa apur diezaioke-eta haurrari».

Kidy Bus Harness sistema Norvegia, Finlandia eta Danimarkan saldu da gehienbat. Euskal Herrian, itunpeko ikastetxeetan izan du eskaera handiena. Horrez gain, Lakuako Gobernuak autobus zerbitzuak esleitzeko pleguetan segurtasun sistema egokitua erabiltzeagatik hamar puntu emateak ere lagundu du sistemaren hedapena.

Sistema berria ere martxan

Kidy Bus Harness ez da Garridok diseinatutako sistema bakarra. Textia enpresak garatutako material berri batekin ere ari da lanean, Teknaliaren eskutik. «Autobus jesarleku normalak diseinatu ditugu. Heldu batek ere erabil ditzake, baina, jesarlekuak altxatuta, barruan martxaren kontrako haurrentzako erretentzio sistema bat dute», azaldu du. Autoetarako ere balioko du sistemak, baina, epe luzeagoko garapena izango du, Kidy Bus Harness ez bezala, jesarleku berrien fabrikazioari lotuta baitago. •

«1,6 kiloko pisua du, zurekin eraman dezakezu, erraz gorde daiteke autobusetako aulkien gaineko espazioan eta 22 segundotan instalatzen da», azaldu du Garridok
Mikel Garridoren asmakizunek sari ugari jaso dituzte. Kidy Bus Harness autobusetan erabiltzeko arnes sistema, gainera, mundu mailan homologatuta dagoen bakarra da