08/06/2019

Reportaje
infraganti
JOANES ETA XABAT ILLARREGI

Miel Mari Elosegi «Luze», Ander Fuentes «Itturri», Diego Riaño... Leitzak bertsolari ugari eman ditu. Eta orain bertze kolpe bat egon da, justu Manuel Lasarteren eskulturaren parean bizi diren bi anaiekin. Herria bertsotara zaletzen ari da eta hori parte batean Joanes eta Xabat Illarregirengatik da. Gazteei plazak eman behar zaizkiela aldarrikatu dute.

Maider Iantzi Goienetxe
Pd27_illarregi5

Euskal Herriko 31. Eskolartekoaren Bat-bateko Txapelketaren finala jokatuko da gaur Saran eta bertan kantatuko du 19 eta 17 urte dituzten Illarregi anaietako gazteenak, Xabatek. Egun batzuk lehenago, selektibitatearen atarian eta saio batetik bueltan topatu dugu Leitzan. Joanes, aldiz, Irakasle Eskolan ari da Gasteizen eta kurtso bukaerarekin batera herrira itzuli da. Osinalde sariketa irabazi du Joanesek; Eskolarteko Txapelketa, Xabatek. Baina Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala saio eder bat eginez freskatzeak ekarri du gehiago azaltzen hastea. «Ez gehiegizkorik. Baina berritasun horrek, bi gazte sartzeak eta bi anaia izateak gainera, hori ekarri du eta gustura gaude», adierazi dute.

Bertsoa da gustatzen zaiena. Kantatzea, hitzekin jolastea. «Betidanik izan gara bertsozaleak eta gustatzen zaigu bertso eskolara joan eta kideekin momentu onak pasatzea. Bertan talde eder bat daukagulako ere erakartzen gaitu bertsoak. Elkarren lagunak gara. Oholtzak ere erakartzen gaitu. Nik uste biei gustatzen zaigula jendaurrean aritzea», hasi da Xabat.

Erabat bertsotan burua

Bertsoa erabat buruan dabilkie. «Ikusten duzu edo entzuten duzu zerbait eta bertso moldera nola ekarriko zenukeen pentsatzen duzu. ‘Kanta honetatik doinu polit bat atera daiteke’ bururatzen zaizu. Gutxitan entzuten duzun hitz bat entzun eta errima bezala erabiltzeko ona iruditzen zaizu».

Dutxan bertsoak kantatzen dituzte, edo txistuarekin doinu bat egiten dute. «Gure afiziorik handiena bertsoa da dudarik gabe eta gure etxekoek ere nabaritzen dute».

Badute oroitzapena txikitatik bertso saioak entzutekoa edo etxean telebistan “Hitzetik hortzera” edo txapelketak ikustekoa. Gurasoek saioetara eraman izan dituzte. «Behin probatutakoan ez dugu inoiz utzi nazkatuta. Beti aktibo eduki dugun zerbait da».

Xabati gehienbat Joanesengandik heldu zaio afizioa. «Bera bi urte zaharragoa da eta bertso eskolan hasi zen. Eta anaia txikiok edukitzen dugun inbidia horregatik agian, ongi pasatzen zuela ikusita, bere atzetik joan nintzen».

Amaren amona, Aresokoa, sukaldean bertsotan aritzen zela kontatu zien amak jada bertsotan ibiltzen zirenean.

Lasaiak... edo ez hainbertze

Kantuan itxura lasaia ematen dutela aipatzean hala erantzun du Joanesek: «Zazpi urterekin hasi nintzen bertsotan eta nahi edo nahi ez, herriko festetan bertso bat, ekitaldiren batean beste bat... Egiten joaten zara. Horregatik eman dezakezu itxura lasai hori».

«Egia da txikitatik ez diogula inoiz esan jendaurrean kantatzeari ezetz. Inoiz ez dugu esan ‘oraindik ez’. Horregatik, gaztetatik hasi ginen plazara ateratzen eta horrek lagundu digu gerora lasaitasuna eta gure buruarengan konfiantza edukitzen», erantsi du anaiak.

«Esan duzu oso itxura lasaia ematen dugula, baina hori disimulatzen badakigulako ere bada sarri –aitortu du Joanesek–. Xabatek gutxiago disimulatu behar izaten du, lasaiagoa delako, baina ni batzuetan bai egoten naiz urduriago edo tentsio gehiagorekin». Elkarrizketan ere sumatzen dela erran diogu eta irriz hasi dira biak. Diotenez, disimulatzen jakitea aunitz da. «Urduri baldin bazaude eta erakusten baduzu jendeak ez du arreta guztia bertsoan jartzen. Bera ere urduri jartzen da eta esaten du ‘ez du bukatu behar’. Nahiz eta barruan sufritzen egon, askotan pasatzen da hori, zuk baldin badakizu lasai itxura ematen, nahiz eta zu ez gustura gelditu bertsoarekin, publikoak esaten du ‘hori oso ona izan da’».

Zein erreferente dituzten jakin nahi dugu. «Bien izenean hitz egingo dut –erran du Xabatek anaiari irribarre konplizez begira–. Erreferente handi bat eduki dugu betidanik, gehienbat Joanesek eta gero nik: Xabier Silveira. Beste estilo bat delako, bere makarrismoagatik atentzioa ematen zigulako, baina gero, bertsoaz ulertzean, oso ona delako edo izan delako. Orain ez dakit badabilen».

Baina ez da bera bakarrik. Bertsolari piloa entzun dute. «Finaletan ibili diren guztiak betidanik entzun ditugu eta bakoitzetik gustatzen zitzaiguna hartu dugu».

Nafarroako finala

Jendeak erraten die antzeko egiten dutela bertsotan bi anaiek, baina ez zaie iruditzen batere. «Bakoitzak bere indargune eta ahulguneak dauzka; desberdinak».

Nafarroako Txapelketan sartuta, lehenbiziko finalean, «bertsoari begiratuz, baina eguna gozatu» nahi zuen Xabatek. Eta lortu zuen. «Anaitasunara ailegatu ginenetik saioa bukatu arte gozatu nuen. Lagundu gintuzten. Nafarroan hori berezitasun bat da: denak oso lagunak gara».

Joanesi finalak eta txapelketak orokorrean balio izan dio ikusteko zein inportantea den buruak egiten duen lana. «Urduritasuna ez transmititzea. Bertso batekin ez bazara gustura gelditu jakitea gehiago gelditzen direla eta buelta ematea. Hor segitzea. Nik uste kasik bertsoa bezain inportantea dela buruari eusten jakitea, neurtzea. Jakitea bertan egoten eta zu izaten zure buruaren jabe, zure nerbioen eta denaren jabe, zuk kudeatzea zuri gehien komeni zaizun modura eta ez beraiek zu maneiatzea».

Bertsoaz gain, faktore aunitz daudela agertu du Xabatek: «Ematen duzun itxura, hartzen dituzun doinuak eta kantatzeko modua, psikologikoki nola eramaten duzun, presioa jartzen diozun edo kendu…».

Joanesek dioen bezala, bertsolariak bertso bat nola sortzen den ikusten du bere barnean: «Ideia bat bilatzetik bukaera bat osatzera. Bukaera horretatik errimak aurkitzera. Batzuetan ordenatuta ikusten duzu prozesua, bestetan ez hainbeste. Azkenean publikoari horren emaitza bakarrik ailegatzen zaio».

Zer erakutsi eta zer gorde

«Batzuetan umil itxura eman nahi duzu, lasai egon; bestetan harroago edo haziago egon nahi duzu... Horiek norberaren erabakiak dira. Beti ez da nahi bezala asmatzen kudeatzen. Badago jendea hori kudeatzen badakiena eta beste batzuk gardenak dira: urduri daudenean nabaritzen duzu, pozik daudenean ere bai… Pertsonaren arabera da. Zuk erabakitzen duzu zer erakutsi eta zer ezkutatu», adierazi du Joanesek.

Finalaren ondotik, «aldaketa txiki bat» sumatu du Joanesek plazetan. «Saio gehiago atera zaizkigu agian, baina ez dut uste salto kuantitatibo handirik dagoenik». Xabatek aldea nabaritu du, lehen ez zuelako kasik saiorik eskolartekoez aparte. Orain batzuk baditu. Horietako batzuk anaiarekin, biei deitu dietelako kantatzeko.

«Ongi daramagu. Oraindik ez gara haserretu eta gehiago badira ez ditugu penaz hartuko».

Ikasle gehiago bertso eskolan

Xabatek bigarren urtea du bertso irakasle bezala. «Iaz hasi nintzen. Bi talde dauzkat, gutxi gorabehera hogei bat lagun. Lehenago bertso eskolan talde bat zegoen eta aurten jendea animatu eta beste talde bat sortu da. Oso pozik gaude. Segitzen badute askoz hobeto. 11-12 urtekoak ditut talde batean eta 13-14koak bestean». Oraingoz ongi pasatzera joaten dira. Batzuek benetan gustuko dute.

Ahal dena erakusten saiatzen da. Errespetua edukitzen bertsolarien artean, zer kantatu eta zer ez, filtro bat edukitzen. «Baina askoz gehiago ere ez. Bertsotan egiten baldin badakite, gainerakoa denborarekin ikasiko dute».

Miel Mari Elosegi Luze, Ander Fuentes Itturri, Diego Riaño, Manuel Lasarte bera... Egon dira aurretik bertsolariak Leitzan. «Ez da halako kontrastea izan: bat-batean bertsolariak sortu dira gure herrian», azaldu du Xabatek.

«Baina beste kolpe bat egon da», gaineratu du Joanesek. «Leitzatik ehun lagun inguru joan ziren finala ikustera. Duela bi urte, asko jota hamar joango ginen. Aurretik ere nabari zen gorakada. Aurreko urteko festetako saioan zinea bete egin zen. Leitza oso herrizalea da eta bi herritar zerbait egiten ari badira gustatzen zaio ikustea. Guretzat pozgarria da. Saiatu ginen finalera joan ginen guztiok argazki bat ateratzen. Harmailaren parte handi bat okupatu genuen».

Herri txikia izan arren, leitzar aunitz nabarmendu da kulturan eta kirolean. «Orain bertsotan ateratzen ari gara. Hemen inportanteena da herria zaletzen ari dela bertsotara. Poza ematen du hori parte batean guregatik izatea. Horrek segida balu, hobeto. Jendea zaletzen bada eta bertsoak toki bat hartzen badu, askoz hobeki bertsoarentzat eta Leitzarentzat».

Gazteak bertsotan ikusteak gazteak erakartzen ditu. «Inportantea da bertso eskolan dabiltzan umeentzat ikustea polita dela, merezi duela. Horrek motibazioa eman diezaieke».

Gazteentzako plazak

Azaldu dutenez, badaude plazak, jaialdiak kasu, «beti bertsolari handiek» betetzen dituztenak eta bertso bazkari edo afariak dira plazak egiten hasteko bide bat. «Egia da sarrera lortzea garesti dagoela. Herriko festetako saio handi baterako gazteei deitzea gehiago kostatzen da aurreiritzi bat daukagulako ez garela ailegatuko mailara. Normalean gehiago deitzen gaituzte diru gutxi dagoen lekuetatik». Xabaten ustez, bada lana Bertsozale Elkartetik egin beharra gazteek plaza gehiago edukitzeko. «Gazteek eta plaza asko ez daukan jendeak».

Joanesek dio saiatzen direla baina ez dela erraza asmatzea. «Formatu desberdinak sortzen dira, gazte sariketa gisakoak. Batzuetan funtzionatzen dute, besteetan ez».

Anaientzat inportanteena plazak sortu eta jendeari ematea da. «Gazteari plazak eman behar zaizkio. Astero bertso eskolan badabil baina gero plazarik ez badauka frustratzera ailegatu litekeelako, eta uztera. Bertso eskolan ikasten da bertsoa egiten, eta, plazan, bertsolari izaten». •

«Erreferente handi bat eduki dugu betidanik: Xabier Silveira. Bertsoa inprobisazioa da, eta, bertsoez ulertuz gero, nabaritzen da inprobisazioa dela bere bertso bakoitza»

«Biok Nafarroako Txapelketako finalera sartu izanak, biak gazteak, biak anaiak, ekarri digu saio gehiago ateratzea. Leku bat baino gehiagotatik bioi deitu digute kantatzeko»