15/06/2019

Reportaje
infraganti
LIBANA TABOADA

Kirola du pasio eta ofizio. Beste zaletasun batekin uztartzen du: musika. Lagun giroan abesten hasi eta agertoki gainera igotzen da egun, Ibai Marin bakarlariarekin. Ez daki jasotzen dituzten txaloak nola kudeatu, bere habitat naturala uretan baitago 2007an arraunak guztiz harrapatu zuenetik. Lesio larri bat gainditu ostean, Orion ari da aurten, patroi lanetan.

Ane Urkiri Ansola
0615_libana1

Paralelismo handia dago entrenamenduen eta entseguen artean», dio guztiz konbentzituta Libana Taboadak (Zarautz, 1992). Arraunaren eta kontzertuen arteko lotura aurkitzen saiatzen da, eta «konpromiso mailan» egiten du. 2007an eman zituen aurreneko paladak Zumaian eta 2015ean animatu zen lehen aldiz abestera, Mutrikuko Saturraran hondartzako kantinan lagun artean zegoela, tartean bakarkako ibilbidea hasi berri zuen Ibai Marin abeslaria. «Zerbeza bat bestearen atzetik edaten ari ginen, eta, bat-batean, Ibaik gitarra atera eta abesten hasi nintzen. Harrituta geratu zen eta mikrofonoarekin probatu behar genuela esan zidan. Bada, esan eta egin ere egin genuen. Hurrengo kontzertuan bi kantutan egin nituen koruak, hurrengoan lautan... eta azkenerako guztietan!». Ordutik, Taboadak eta Marinek bat egin dute agertoki gainean.

2015ean, hain justu, arrauna utzi behar izan zuen denbora batez Taboadak. Ezinbestean, lesio baten eraginez. «Uda hartan oso gaizki pasatu nuen». Bada, patuaren kontuak edo, «uda amaieran Ibai ezagutu nuen eta, ondoren, Oriora etorri nintzen bizitzera. Egin nituen saiakera batzuk arraunean ere, baina ezin nuen». Iaz itzuli zen arraunera, «baina trainerilletako hiru estropada lehiatu nituen bakarrik».

Aurten jada lehentasuntzat du arrauna, berriro ere. Patroi lanetan aritu da trainerilla txapelketetan eta hastear den Euskotren Ligan Nadeth Agirreren ordezko izango da Orioko taldean. «Apaltasun guztiz, daukagun taldearekin, dena irabaztera joan behar dugu. San Juan ez da egongo eta guk gauzak ondo egitera irten behar dugu. Horrela eginez gero, emaitza onak lortu beharko genituzke. Arraun Lagunak gertu ibiliko da: iaz jada tarteak murriztu zituen eta aurten koska bat gora egin duela dirudi. Interesgarria izango da».

Arraunean dena irabazi du

Zumaiarekin Kontxako bandera bat eta hiru Liga irabazi zituen. Irabazi beharreko guztia irabazi ostean, traineruaren desagerpena ere gertutik bizi izan zuen. «Bagenekien denbora baterako kontua izango zela. Niri izugarrizko pena eman zidan, baina ikusten zen atzetik ez zetorrela odol berririk. Betikoak aritzen ginen eta, estropadara irtetean urduritasun puntu hori sumatzen ez duzunean, guztia birpentsatu beharra duzu».

Gaur egun, adrenalina bi lekutan aurkitzen du Taboadak: agertoki gainean eta estropadetan. Sentsazio berarekin egiten du topo agertokira igo eta aurreneko akordeak entzuten dituenean eta estropada hasi zain uretan itxoiten dagoenean: «Kontzertuetako lehen kantua beti da ‘Bidean naiz’. Instrumentala da hasieran eta gero Ibai sartzen da; bada, bere estrofa amaiezina iruditzen zait. Estropadetako atzera kontaketaren parekoa da. Lehen nota abestean baretzen naiz».

Dena den, arrauna utzita patroi lanetan dabilenetik, ez du jakiten nola askatu barnean duen adrenalina guztia. Lehen arraun egiten askatzen zuen baina orain taldea gidatzea egokitzen zaio. Horretarako, noski, oihu egin behar izaten du sarri. Abeslaria izanik, edo «abeslari laguntzailea» –ez zaio gustatzen abeslari gisa izendatzea– arazo bat izan daiteke. Eta elkarrizketa egin genuen egunean egiaztatu ahal izan genuen: «Propoleo eta ezti apur batekin errekuperatzea espero dut...». Patroi lanetan hasi zenetik, izan ere, ezinezko zaio ahotsa behar bezala zaintzea. «Eskerrak maiatzean geldialditxo bat egin genuela justu trainerilla txapelketekin bat...».

Musikarekiko zaletasuna

Behin bakarrik pasa zaio ahotsik gabe geratzea eta egun batetik besterako kontua izan zen. Estudioan hiru abesti grabatu behar zituzten egunean gertatu zitzaion: «Ahotsik gabe jaiki nintzen. Mutrikuko AME estudiora joan ginen, probatzen saiatu ginen baina ezinezkoa zen. Azkenean atzeratu egin behar izan genuen. Astebete itxaron genuen eta hiru kantu grabatu nituen», gogoratu du.

Musikaren eta arraunaren munduan mugitzen da bere bizitza soziala. Arraunaren bitartez Euskal Herriko kostaldea ezagutu du, eta, musikari esker, barrualdea. «Bi afizio oso ezberdin dira, baina asko betetzen naute biek», dio. Musikarekiko benetako pasioa duena Ibai Marin dela nabarmendu du –«nik kirolarekin dudan legez»–, eta berak «ahal duen guztietan» laguntzen diola, «badakidalako nire koruak lagungarri zaizkiola. Asko gustatzen zait, baina Ibai ezagutu ez banu ez nintzen inoiz abestera animatuko».

“Even if the skies gets rough” esaldia du azalean tatuatuta, besoan, Jason Mraz musikariaren “I Won’t Give Up” kantuko esaldia. Denetariko musika entzuten du, «batez ere rock-and-rolla, baina musika ona oro har». Txikitatik du musikarekin lotura, anaiak musika talde bat izan baitzuen eta berak kutsatu baitzion zaletasuna. «Su Ta Gar entzunez hazi naiz, eta, alde horretatik, eskerrak ematen dizkiot anaiari. Gurasoekin ere, kotxeko bidaietan, Bob Marley entzuten joaten ginela oroitzen dut», azaldu du irribarrez.

Orain autoan White Buffaloren kantuak entzuten ditu, baita Los Cigarros, M-Clan edo Morgan musika taldeenak ere; eta, nola ez, Hirarenak. Ibai Marinen azken diskoa ez du gehiegi entzun. «Estudioan hainbeste aldiz entzun genuen jada nahikoa dela! Estudiotik kanpo agian ez nuen hamar aldiz ere entzungo. Oso arraroa egiten zait nire ahotsa entzutea».

Jada dozenaka kontzertu eman ditu eta oraindik ez daki zer egin, zer aurpegi jarri edo non sartu ikus-entzuleak txaloka hasten direnean: «Oso gaizki eramaten dut».

Arraunean edo kiroldegian dago bere benetako habitatean. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua atera zuen eta, 2017. urtetik, BPXport enpresaren eskutik, Zarauzko kiroldegiko koordinatzailea eta kirol orientatzailea da. «Orientatzailearen zerbitzua Gipuzkoako hemeretzi udalerritako kiroldegietan jarri dute. Goiza normalean kiroldegian igarotzen dut, bezeroekin. Batzuk anbulatorioetatik datoz, bolantearekin; beste batzuk, gizarte zerbitzuetatik; eta badira ere beraien kabuz etortzen direnak, orientazio bila. Printzipioz mugimendu gutxiko pertsonak aktibatzen laguntzeko planak dira, erretzeari utzi nahi diotenei zuzenduta dauden programen antzeko zerbait». Lana eta zaletasuna arazorik gabe uztartzeko aukera du behintzat. «Eta ez da gutxi!». •

Musikarako zaletasuna anaiak kutsatu ziola nabarmendu du Libana Taboadak. Libana txikia zenean musika talde bat zuen anaiak eta egun Ibai Marin eta Libanarekin batera aritzen da

Arraunean Zumaian eman zituen lehendabiziko paladak, 2007an. Kontxako bandera bat eta hiru Liga irabazi zituen. Iaz Orion «probatzen» hasi zen eta aurten «serioago» itzuli dela onartu du