Ramon Sola

Hiriak eta herriak, gobernuak eta oposizioak

Duela astebete alkate guztiak izendatuta, hurrengo lau urteetarako udal mapa osatuta geratu da Euskal Herrian, eta alderdien araberakoa izan da orain arteko irakurketa: agintea nork non eta norekin eskuratu duen. Atera den mosaikoa irakurtzeko beste aldagai batzuk badira, ordea. Esaterako, populazioaren ikuspegia. Izan ere, EH Bilduk beste edozein alderdik baina zinegotzi gehiago baditu ere, EAEn EAJko alkatea duten herritarrak %80 inguru dira.

Hirien eta herrien arteko aldea zertxobait handiagotu egin da, PSNren laguntza estimagarriarekin Navarra Sumak EH Bilduri kendutako Iruñeko alkatetzaren dantzarekin. Boz guztiak kontuan harturik eskuina eta ezkerra pareko diren arren, hiri handiei soilik begiratuz gero parekotasunik ez da: Hego Euskal Herriko hamabi hiri handienetatik, zazpitan EAJk du aginte makila (Bilbo, Gasteiz, Donostia, Barakaldo, Getxo, Santurtzi eta Basauri), bitan Nafarroako eskuin espainiarzaleak (Iruñea eta Tutera), beste bitan PSEk (Irun eta Portugalete) eta bakar batean EH Bilduk (Errenteria). Txanponaren beste aldea honakoa da: ezkerreko independentismoa erraz ari da aurrera egiten hiri ertainetan eta herrietan, bai eta tradizioz oso ezkerreko edo oso independentista ez direnetan ere. Nafarroari erreparatuta, zinez adierazgarria da aurreko larunbatera heldu beharra izan gabe ere, jada EH Bilduk hamabost alkate izan bazituela (M26an hautagaitza bakarra berea izan baitzen), eta horien artean Agoitz agertzea esaterako (bai, Javier Esparza UPNko presidentea 1999tik 2007ra alkate izan zuen herri berbera).

Azken adibide horrek agerian uzten duenez, toki bakoitzaren historiaren inertziak indarra izan dezake, baina alderdien eta hautetsien jardunak ere asko baldintzatzen du, onerako ala txarrerako. Horretaz hausnarketa egingo dute batzuek zein besteek. Esaterako, ukaezina dirudi eskuineko indarren eskaintza (EAJ eta Navarra Suma) gero eta arrotzagoa zaiela herri eta hiri ertainetako biztanleei, agian horietan oraindik ere nagusi diren baloreak komunitarioak direlako, auzolanari eta elkarri begietara begiratzeari lotuak. Hirietan, aldiz, errazago zaio eskuinari indibidualismoan, arduragabekeria politikoan eta ezberdin denaren aurkako beldurrean (etorkina, euskalduna, txiroa...) bozak harrapatzea.

Bestalde, hemendik aurrerako agertokia motz gelditzen da soilik aginte makilei begiratuz gero. Eskuin-ezker borroka horretan herri-hiri aldagaiak garrantzia badu ere, gobernu-oposizio ardatza ere gero eta malguagoa da. Zatiketaren poderioz, gehiengo osoz kudeatuko diren udalerriak ez dira asko, eta oposiziotik eragiteko aukerak handiak dira han-hemenka.

Denborak garai hori lurperatu egin duela ematen badu ere, Nafarroan 2015ean gertatu zen irauliaren erroak Yolanda Barcinak Gobernuan eta Enrique Mayak Iruñeko Udalean zuten ahulezian sustraitu zela gogoratu daiteke. Lau urtez aurrekontu bakar bat ere aurrera atera ezinean ibili zen orain berriz ere alkate den Maya, eta Barcinak Auzitegi Konstituzionala hartu behar izan zuen adiskide, Nafarroako Legebiltzarraren gehiengoak Gobernuaren aurka onartzen zituen lege aurrerakoi guztiak bete gabe uzteko. Orain ez daude hobeto. Gaur egun politikak –eta bizitzak– berezko duen abiadura handian, lau urteko zikloak askorako emango du. Eta asmatuz gero, gaur galtzaile gisa ageri direnak laster egon daitezke tortillari bueltako emateko tenorean, zartagina eskuetan. •