Amagoia Mujika Telleria
infraganti

NATALI IZAGIRRE

Haurra zenetik «musikaria izan nahi dut» xuxurlatzen dion ahotsa igarri izan du barruan. Batxilergoa bukatuta, AEBetara alde egin zuen, distantzian bere burua arretaz entzuteko. Eta inoiz baino garbiago aditu zuen usurbildarrak bere barruko nahia. Duela hilabete batzuk kaleratu du bere lehen diskoa, «Garena».

A beslaria da Natali Izagirre (Usurbil, 1997). «Diskoa atera arte ez diot nire buruari abeslaria naizela esateko baimenik eman. Orain, lasaiago bezala esaten dut abeslaria naizela. Azken finean, nik egiten dudana hori da». Aurtengo martxoan kaleratu du bere lehen diskoa, “Garena”. Natali izeneko proiektuan alboan ditu Ixak Arruti, Gorka Mendizabal, Andres Insua eta Olaia Inziarte.

«Txiki-txikitatik gustatu izan zait abestea. Umetako argazki eta bideo guztietan abesten eta dantzatzen agertzen naiz eta etxean beti esaten nuen abestu egin nahi nuela. Bederatzi urte nituela hasi nintzen musika eskolan eta hamar urterekin, gitarrarekin. Geroztik, gauza batek bestea ekarri du, beti animatu izan naiz kantatzera eskatu izan didatenean».

Behin batxilergoa amaituta, Ameriketako Estatu Batuetara joan zen lanera eta ikastera. «Betidanik gustatu izan zaizkit AEBak. Gainera, nik itzulpengintza ikasi nahi nuen eta Ameriketako ingelesa asko gustatzen zait. Era berean, banuen pixka bat urruntzeko beharra ere. Batxilergoa gogorra izaten da, beti notei begira, selektibitatea, unibertsitatea aukeratu beharra... kanpora joateko beharra sentitu nuen, pixka bat urrundu eta arnasa hartzekoa».

Eta arnasaldi horretan, AEBetan, garbi ikusi omen zuen bidea. «Itzulpengintza ikasten hasi nintzen, hori delako egin nahi dudana. Gitarra gero eta gehiago jotzen hasi nintzen, kantu klaseak hartzen... eta konturatu nintzen musikari toki garrantzitsuagoa eman nahi niola nire bizitzan». Arnasa hartzeko eta bere burua hobeto ezagutzeko bidaia izan zen, beraz. Nataliren hitzetan, «herrian eta lagunartean beti artaldean bezala zabiltza eta batzuetan ez duzu zure burua ondo entzuten. AEBetako bidaiak horretarako balio izan dit, niri burua entzuteko eta nire burua hobeto ezagutzeko. Hori bai, garbi nuen Usurbila bueltatuko nintzela. Sustraiak ondo errotuta ditut».

Ixak Arrutirekin elkarlana

AEBetako egonaldian, au pair aritzeaz gain, Sormenezko Idazkera ikasi zuen. «Ingelesez idaztea gustatzen zait eta alderdi hori hobetu nahi nuen, gero abestiak idatzi ahal izateko». Au pair lanetik ere atera du ikasgairik. «Gure belaunaldia esne mamitan hezia izan da. Baina, atzetik datozenak, are gehiago. Euskal Herrian eta AEBetan ez dira hain desberdinak haurrak. Baina AEBetan atentzioa ematen dit nola beti nahi dutena egiten duten. Ez dute mugarik».

Natali Izagirrek ere ez du mugarik. «Nik ere orain arte nahi dudana egin izan dut, baina lan handia dago atzetik. Diskoa kaleratzea amets bat izan da, egia bihurtutako ametsa, baina lanaren ondorioa izan da», nabarmendu du. Izan ere, ez da erraza artaldetik apartatu eta «musikaria izan nahi dut» jartzen duen errepidea hartzea. «Umetatik, musikaria izan nahi nuela esatean, sentitzen nuen inork ez zuela oso serio hartzen. Beti bultzatzen zaituzte ikastera, lanbide bat izatera eta musika zaletasun moduan lantzera, bigarren lerroan. Oraindik, noski, musika zaletasuna da niretzat, ez da ofizio bat. Baina konturatzen naiz ingurukoek eta neronek ere beste begi batzuekin ikusten dugula. Bide bat izan daiteke».

AEBetatik bueltan, musikan bide propioa ibiltzen hasi nahi zuen Natalik eta proiektu berri baten usainean zebilen Ixak Arrutik elkar topo egin zuten bidean. Herrikideak eta aspaldiko ezagunak izanagatik, parean egokitu ziren beren doinuak eta erritmoak 2017ko udan. «Elkartzen eta kantak sortzen hasi ginen. Letrak nik egin ditut, gustatzen zaidalako eta abestu behar dudana sinistu eta sentitu egin behar dudalako. Doinu batzuk nireak dira, eta, beste batzuk, Ixakenak. Elkarlana izan da».

“Garena” diskoak bederatzi abesti biltzen ditu, zazpi euskaraz eta bi ingelesez. Pop, rock, funk, country eta folk estiloak nahastu dituzte eta Juantxo Arakamaren kolaborazioa ere izan dute.

Baina, zeri kantatzen dio Natalik? «Kanta guztiak sentimenduen ingurukoak dira. Jendeak erraz identifikatu eta bere sentitu ditzakeen sentimenduez aritzea gustatzen zait. Eta kanta guztiak esperantzarekin amaitzen dira, beti atea irekita dagoela transmititzen saiatzen gara. Edozer dela ere, dena ondo aterako dela kontatu nahi dugu».

“Garena” diskoa Garate estudioetan grabatu dute, Kaki Arkarazorekin. Aurretik Natali aritua zen bertan Arkarazo aita-semeekin. «Kaki Arkarazori proiektu desberdinak iristen zaizkio noiznahi. Hartara, enpresa batetik deitu zioten kanta batzuk egiteko eskatuz. Guk ez genekien kantu horiek zertarako ziren. Kakik kantuak sortu eta nik abestu nituen batzuk, bere seme Lukenekin eta Ixak Arrutirekin batera. Kakik ere abestu du txandaren batean, txanda desberdinetan grabatu baititugu kantuak. Behin Eroskiko merkataritza gune batera joan eta hantxe entzun genituen gure kantuak. Guk zeinentzat ari ginen jakin gabe, Eroski dendetako soinu banda egin genuen. Kaki Arkarazoren sorkuntza berriak dira denak eta euskarazkoak. Bitxia izan da. Jende askok esaten digu ‘Eroskin entzun zaituztegu’. Tira, oso proiektu polita izan da eta asko ikasi dut. Gero, gure diskoa grabatzerakoan, askoz lasaiago nengoen, estudioko lana ezagutzen nuelako eta beldur hori gainditua nuelako».

Emakumeak, lehen lerroan

Musikaren munduan ere gero eta gehiago dira lehen lerroan dabiltzan emakumeak eta Natalik ere lehen lerroa du helmuga. «Oso pozgarria da. Guk ere badaukagu zabaltzeko mezu bat, musikarena ez da gizonezkoen mundua. Guk ere badakigu lehen lerroan egoten eta lana ondo egiten. Guk kantatu nahi ditugu gure hitzak, guk kontatu nahi dugu gure istorioa, ez baita berdina emakume edo gizon izatea. Ikusten ari gara azkenaldian jaialdi desberdinetan garrantzia ematen ari direla emakume izateari, Kobetamendin kasu, eta horrelako neurriek laguntzen dute».

Erromerietan ere aritua

Natali Izagirre ondo sentitzen da lehen lerroan. «Nik oso ondo pasatzen den oholtzan. Hasieran lotsatuago nengoen, lotuago, baina gero eta erosoago sentitzen naiz». Aurretik erromeria talde batean aritua zen, herriz herriko ibileran. «Eromeria izeneko taldean aritu nintzen abeslari. Egia esan, asko ikasi dut, oholtzan lasaitasuna hartzen lagundu dit. Egia da desberdina dela erromeria batean aritzea edo norberaren proiektua defendatzea oholtza gainean. Baina gero eta erosoago sentitzen ari naiz. Nire tokia topatzen ari naizela sentitzen dut».

Talde hasiberrientzat ez da erraza plazak topatzea. «Asko mugitzen ari gara plazak lortzeko. Ez da erraza. Printzipioz azaroan Donostian egongo gara eta Durangoko azokan postua izango dugu. Ahotsenean aritu nahi dugu, baina oraindik ez dakigu aukera izango ote dugun». Bitartean, abesti berriak sortzen ari da. «Egia da gehiago kostatzen ari zaidala, nire buruarekin exijenteagoa izaten ari naizelako. Dagoeneko ez da lehenengo lana izango eta horrek bere pisua dauka». •