09/11/2019

Reportaje
444 EGUN 40 URTE DIRENEAN
AEBetako Teherango enbaxadaren kontrako erasoak bi herrialdeen arteko harremanak gaurdaino bahitu ditu

«Irango bahituen krisiak» 40 urte bete ditu jada. Xah diktadorearen agintaldia ekarri zuen estatu kolpea AEBetako Teherango enbaxadan prestatu zen eta xah eroarazi zuen iraultza islamikoaren beroan hura asaltatu zuen ikasle talde batek, 444 egunez 52 diplomatiko bahituz. Krisi hark, baina, ez du amaierarik ezagutu.

Mikel Zubimendi Berastegi
Iranbahituakbatona

Belaunaldi oso bat markatu zuen 1979ko azaroaren 4ak, AEBetan zein Iranen, luzarorako, betiko ez bada. Khomeini aiatolaren aldeko ikasle talde batek AEBetako Teherango enbaxadaren, “espioen habia” deitzen zuten, murruak eta txarrantxak gainditu eta 52 diplomatiko, soldadu eta espia estatubatuar bahitu zituen. Jarraian, begiak bendekin estalita eta eskuak lotuta zituztela, mundu osoko komunikabideen aurrean erakutsi zituzten, 444 egun iraun zituen bahiketa bati, 40 urte irauten dituen “gerra hotz” bati, hasiera emanez. Sentsibilitateak sutuz, bi herrialdeen arteko etsaitasun eta mendeku politika amaigabea are gehiago indartu zen.

1979ko Iraultza Islamikoak Irango Estatua goitik behera aldatu zuen. Monarkia izatetik islamiar errepublika izatera igaro zen Iran, eta, berehala, iraultza kulturala etorri zen, hau da, Mendebaldetik zetorren eragin ez-islamikoa Irandik ezabatzeko ahalegina. Iraultzak, estatubatuarrek Teherango enbaxadatik bertatik 26 urte lehenago zuzendu zuten estatu kolpe baten eskutik boterean jarri zuten Mohammad Reza Pahlevi monarka autoritarioa, Irango xah, kanporatu zuen.

AEBek sustatuko 1953ko estatu kolpe hark, Mohammad Mossadegh lehen ministroak gidatutako gobernu demokratiko aurrerakoia boteretik kanporatu zuen, Iranera diktadura odoltsua eramanez. Gertakizunen horien arteko loturak eta Irango bahituen krisiaren testuingurua ulertzeak ez ditu agian bi herrien arteko zauri zaharrak sendatuko, baina lagun dezake. Izan ere, AEBetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentralak Teherango enbaxadatik zuzendu zuen estatu kolpe hura eredu bezala erabili zuten gerora estatubatuarrek, adibidez, 1954ko Guatemalako estatu kolpea edo Salvador Allenderen Gobernuarekin bukatu zuen Txileko 1973koa bultzatzeko.

Egindakoaz harro

Denboran izoztua balego bezala, AEBetako Teherango enbaxada monumentu publikoa da egun. Urteotan, Irango buruzagiek ez dute sekula deitoratu ekintza hura. Aitzitik, egindakoaz oso harro, ospakizun nazional bilakatu dute.

Bahitutako 52 lagunen artean, hamahiru afroamerikar eta emakume, espioitza lanetan aritzen ez zirela baieztatu ondoren, askatu egin zituzten. Beste sei lagunek erasoa hasi bezain pronto lortu zuten ihes egitea; Kanadako enbaxadorearen etxean aterpetu ziren. Hilabete batzuk geroago, CIAren operazio baten eskutik atera zituzten Irandik –Ben Affleck aktore ezagunak zuzendu eta antzeztu zuen “Argo” pelikula sonatuan kontatzen da gertatutakoa–. Ia urte bat geroago, gaixorik zen beste lagun bat askatu zuten.

Bahiketari amaiera emateko ikasle iraultzaileek hiru eskaera egin zituzten. Denetan garrantzitsuena, herrialdetik ihes egin zuen Mohammad Reza Pahlevi xah Iranera estraditatzea, epaitua izan zedin. Eta beste biak, AEBek Irango barne arazoetan muturra sartzeari uko egitea eta enbargatuta zituzten ondasun irandarrak itzultzea.

AEBetako presidente zen Jimmy Carterrek uko egin zien eskakizunei. Eta aukera militarra alboratuz, Iranen gaineko presioa areagotzea erabaki zuen. Banku estatubatuarrek zituzten ondasun irandar guztiak izoztea agindu zuen, Teheranekin harreman diplomatiko guztiak haustea –gaurdaino daude hautsita– eta erabateko enbargo komertziala –egun ere indarrean da–. Bizitzaren paradoxak zer diren! Erabakiokin bere patua, bere heriotza politikoa, idatzi zuen: krisiak eragin zion higadurak berriz hautatua izateko aukera guztiak zapuztu zizkion.

Kommozio publikoa

Egun batzuetako ikasle protesta omen zena, Khomeini aiatolaren erabakiz, estatu operazio bilakatu zen. Horrek, AEBak urte bat baino gehiagoz paralizatu zituen krisia ekarri zuen. Carterrek indar militarra erabiltzearen kontrako erabakia hartu zuen unetik beretik hasi zen haren kontrako zaparrada.

AEBetako armadaren iritziaren kontra erabaki omen zuen Carterrek aukera militarra alboratzea eta kostu politiko ikaragarria eragin zion. Estatubatuarrak begiak bendatuta eta eskuak lotuta zituztela telebistetan etengabe ateratzen ziren, kommozio publiko izugarria eraginez, eta, horren aurrean, herrialdeko presidentea koldar hutsa omen zen. Horrela zioten behintzat komunikabideek gau eta egun.

1980ko apirilean, AEBetako armadaren indar berezien operazio batekin bahituak askatzen saiatu ziren. Baina porrota itzela izan zen, giroa are gehiago gaiztotzea baino lortu ez zuena. “Arranoaren atzaparra” izena eman zioten operazio hartan parte hartu zuten zortzi helikopteroetako batek, Irango hego-mendebaldeko basamortu batean lur hartu ondoren erretiratzen ari zela, istripu larria izan zuen. Helikopteroei babesa ematen zien AEBetako gerra-hegazkin baten kontra talka egin eta zortzi soldadu hil ziren. Giroa are gehiago korapilatzeko, AEBetako haserre popularra are gehiago sutzeko, hildako soldaduon gorpuak Irango telebistan erakutsi zituzten.

1980ko uztailean hil zen xah izandako Mohammad Reza Pahlevi. Eta bi hilabete geroago, AEBek armatutako Saddam Husseinen Irakeko indarrek Iran inbaditu zuten. Bi gertakariok bahituen krisiari soluzio bat emateko interesa handitu zuten Teheranen. Eta handik gutxira, Aljeria bitartekari zela, akordio batera iritsi ziren bi aldeak: bahituak askatu zituen Iranek bere ondasunen desblokeoaren eta AEBek herrialdean muturra sartzeari uko egiteko bermeen truke. Teherandik Alemaniara eraman zituzten bahituak, eta, handik, heroiak bailiran egindako ongietorri erraldoi baten eskutik, Washingtonera iritsi ziren.

«Bahituen negozioa»

Bahiketaren 444 egun haiek AEBen eta Iranen arteko etsaitasuna gaurdaino luzatu dute. Ikasleen bat-bateko ekintza hura babestu zuen Khomeini aiatolak, Irango iraultzaren lider gorenak. CBS kate estatubatuarrari emandako elkarrizketa batean, «35 milioi kideko herri baten ekintza» bezala justifikatu zuen. Diplomatikoak, baina, begiak bendaturik eta eskuak lotuta erakutsi zituzten telebistetan eta AEBetan umiliazio bezala sentitu zen. Are, ongi prestaturiko eszenaratze batekin, Irango ospakizun nazional egin zenetik.

“Irango bahituen krisia” deiturikoa AEBentzat islam erradikalarekin lehen aurrez aurrekoa, lehen talka, izan zen. 40 urtez luzatu den “gerra hotz” bati hasiera eman zion, tartean ia hamarkada bat iraun zuen Iraken eta Iranen arteko gerra basatia eta guzti.

Azpimarratu behar da, baina, urte luzeotan beti egon direla bahituak bi parteen aldetik, nolabaiteko “bahiketen negozio” bat antolatu dela. Eta ofizialki harreman diplomatiko zuzenik ez duten arren bi herrialdeek, beti egon dira bata zein bestea bahitutako beren herritarren askatasuna zeharka negoziatzen.

Khomeiniren ordezko eta Irango egungo lider den Ali Khamenei aiatolak, oraindik ere AEBak “Satan Handia” bezala ikusten ditu. Trumpek akordio nuklearra hautsi eta Iranen kontrako erabateko presioaren bideari ekin zionetik, Ali Khameneik AEBekin negoziatzea debekatu du.

Oraindik ere, Irak eta Iranen arteko gerran AEBek Saddam Husseini eman zizkion arma kimikoen ondorioak pairatzen dituzte irandarrek. Erabateko enbargo eta zigor ekonomikoen ondorioz, gainera, sufrimendu asko metatzen ari dira. Eta ez dirudi mendeku eta kontramendeku zikloaren amaiera etorkizun hurbilean amaituko denik. Hori baino posibleago litzateke, tentsioa puri-purian den honetan, istripu baten ondorioz agian, eskualdean gerra lehertzea.

Fidagarritasun eza

Irango herria oso kultua da. Iragan oparoa du eta ondo ezagutzen du bere historia. AEBek zuzendutako estatu kolpeen esperientzia traumatikoa haragi propioan bizi izan du. Aurrekari horiekin ez da harritzekoa 1979an xah aldarrikatu zen autokratari AEBetan asiloa eman ziotenean, 1953ko estatu kolpearen errepikapena zetorrela pentsatzea.

Minbiziaren aurkako tratamendua jarraitzeko aitzakiarekin xah AEBetan aterpetu eta bi astera asaltatu zuten ikasleek enbaxada. Ez zen inoren mandatupean egindako ekintza izan, independentzia erakusten zuen ia bat-bateko ekintza baizik. Baina baita 1953ko estatu kolpea berriz eman ez zedin neurri prebentiboa ere.

Azpimarratzekoa da, bestalde, 1953. urtea baino lehen irandarrek sinpatiarekin ikusten zituztela estatubatuarrak, nolabait, botere kolonialaren aurrean independentzia lortu zuten gerlari gisa. Iranek bere etsaitasun partikularra errusiar eta britainiarrentzat gordetzen zuen, bi estatuok herrialdearekiko izandako jokabide koloniala gogoan. 1953tik aurrera, baina, ulergarria denez, irandarrak ez ziren jada AEBez fio. Eta bistakoa da egun ere ez direla batere fio.

Beste etorkizun baten aukera

Historia gatazkatsu eta tragiko honen gainetik, edo azpitik, Iranek eta AEBek aukera bat eman zioten elkarri “Irango Akordio Nuklearra” deiturikoa hitzartu zutenean. Trumpek hankaz gora bota ondoren, baina, beste behin ere, AEBak ez direla fidagarriak pentsatzera lerratu dira irandarrak.

Akordioak, bere inperfekzio eta hobetu beharreko arlo guztiekin, gauza asko erakutsi zituen: nazioarteko kooperaziorako eredu bat ezarri zuen, arma nuklearrak ez ugaritzeko bidea eta aurkarien arteko negoziazioak nola funtzionatu dezakeen inguruko adibidea.

Irandarrek eta estatubatuarrek iraganeko ekipajea atzean uzteko saiakera izan zen akordioa, etorkizuna beste modu batez lantzeko aukera. Amets hutsala dirudi uneotan, baina, denon zauriak gogoratuz eta onartuz, ulermen eta bakerako esperantza badago oraindik, eta konpromisoaren aldeko bidera bueltatzetik etorriko da, diplomaziaren eta etsaitasunaren arteko orekatik.

«Satan Handia» lez ikusten ditu Ali Khamenei aiatolak AEBak. Trumpek akordio nuklearra hautsi eta erabateko presioaren bideari ekin zionetik, AEBekin negoziatzea debekatu du

AEBek islam erradikalarekin izan zuten lehendabiziko aurrez aurrekoa, lehen talka, izan zen «Irango bahituen krisia». 40 urtez luzatu den «gerra hotz» baten hasiera

Presioa areagotzea erabaki zuen Jimmy Carter AEBetako presidenteak. Bere heriotza politikoa idatzi zuen horrela: jasandako higadurak berriz hautatua izateko aukera denak zapuztu zizkion

Begiak bendaturik eta eskuak lotuta erakutsi zituzten diplomatikoak munduko telebistetan. Are, ospakizun nazional bilakatu zen bahiketa eguna. Umiliazio latza izan zen AEBentzat