23/11/2019

Reportaje
infraganti
EIDER PEREZ

Eider Perez «Hitzetik hortzera»-ko aurkezleak saioaren sekretu batzuk kontatu dizkigu, baita bere zenbait ere. Kantuz betetako etxe batean hazi zen eta txikitatik egin du antzerkia. Gerora bertsoekin lotu ditu kantuak, baita antzerkia ere. Horrek txunditzen du, artean, diziplina ezberdinak nahasiz, jendartera begira sortzen denak.

Maider Iantzi Goienetxe
1123_eider2

Oso gustura» dabil Eider Perez (Trintxerpe, Pasaia, 1995) ETBko “Hitzetik hortzera”-n aurkezle. Bigarren denboraldia du. Iaz hasi zen, saioak 30 urte bete zituenean, hain zuzen.

Errenterian bizi da eta Villabonako Bertsozale Elkartearen etxea du lantoki. Bertan hartu gaitu, asteko saioa prestatzeko bileraren ondotik. Han daude, bertzeak bertze, Nerea Ibarzabal eta Amaia Goikoetxea lankideak. Astelehen hotz bat da, berogailua hondatua dago, baina umoretsu daude.

Alai, natural mintzatzen da Perez, patxadaz, pasioz. Freskotasuna eman dio saioari, baita arnasa ere. Urte batzuk egon ziren aurkezlerik gabe, off-eko ahotsarekin. Joan den urtean aurkezlearen figura berreskuratu zuten eta trintxerpetarra ari da betetzen paper hori.

Ekosistema bildu

Bertsolaritzaren ekosistemako gaiak lantzen dituzte. Adibidez, hizkuntza, hezkuntza eta gorputza. «Bertsolaritza esaten dugunean bertsolaria, bertsoa, oholtza etortzen zaizkigu burura. Programa hortaz osatuta dago, baita bertsolarien figuraz eta bertsoak ukitzen ahal dituen adar guztiez ere. Publikoarekin ere badaude atalak. Guztia barne hartzen saiatzen gara, aniztasuna biltzen. Hori da bertsolaritza, ekosistema osoa».

Adar horien bidez interesa pizten ahal zaio bertsozalea ez denari ere. «Bertsozale amorratua denak esango du: ‘Jarri bertso gehiago!’. Baina orokorrean efektua bada gustagarriago egitea». Arinago ere bai, nahiz eta, argitu duenez, ez doazen eta ez duten joan nahi telebistaren erritmo azkar horretara. «Programa lasai bat nahi dugu, baina arina, igande arratsaldetan gustura ikustekoa».

Guk gustura ikusten dugula erran diogu eta aunitz poztu da. «Jaso dugun feedback-a hori izan da. Bertsoa bada oso gozagarria. Baina sofatik, pantaila aurrean, gogoz ordubete ikustea sekulakoa da».

Denboraldia hasi aurretik gai zerrenda bat izaten dute: zein gauza aipatzen ahal dira bertsolaritzaren ekosisteman? Agendak ere baldintzatzen ditu, bertso saio mota batzuk egiten dira garai bakoitzean. Adibidez, Iruñeko Bertsoaroa udazkenean. «Zerrenda agendara egokitzen da, baita elkarrizketatu dezakegun jendeari ere. Gutxi gorabehera hiru hilabeteko ikuspegia daukagu, baina izenburuak dira soilik. Hilabetekoa hilabete hasieran antolatzen da, eta astekoa, asteleheneko bileran».

Grabaketak egiteko astebeteko tartea izaten dute. Orain, Gabonak datozenez, aurreratzen ari dira. Maialen Lujanbio elkarrizketatu dute, abenduan monografiko bat eginen dutelako berari buruz. Tafallan ere izan dira Joxe Mari Esparzarekin joten inguruan solasean. Urtarrilean emango da saio hori.

Igande honetan, Xilaba

Txapelketak ere ematen dituzte. Xilabako finalean egun osoan egon ziren grabatzen. Partaide batzuk eta bertako bertso eskoletan dabiltzan gazte batzuk elkarrizketatu zituzten. Biharko saioan emanen dute hori. Gipuzkoako txapelketan, “Hitzetik hortzera” lehen finalaurrekoan sartu zen, Arrasaten. Hiru finalaurrekoak grabatuko dituzte, baita finala ere.

«Bertsolaritzak hori du: Euskal Herri osoko, euskararen lurralde osoko jardun bat da. Eta gu euskararen lurralde osora goaz. Ezkerraldetik hasi eta nafar Pirinioetara, Tuteratik Mutrikura. Oso interesgarria da. Zazpi gara taldean: gidoilariak, kamerak, erredaktoreak... Batzuk gehiago ibiltzen dira bulego lanetan, baina denok, ez da inor libratzen, egiten dugu bidaia furgonetan, astero Euskal Herri osoan barna grabatzeko».

Iaz hasi zenetik astero leku batean egon da Eider Perez, jende ezberdinarekin, leku bakoitzeko errealitatearen zati handi bat ezagutzen.

Jakin gogo guztiarekin

Aurreiritzirik hautsi al duen galdetuta, erantzun digu bera ez dela aurreiritziekin joatekoa. «Dakidan gutxi horrekin joaten naiz, beti jakin-minez. Nire zeregina hori da, galdetzea. Nire jakin gogo guztiarekin joaten naiz eta hara iristen naizenean egiten dudana da ezagutu, benetan. Asko gustatzen zait hori. Oso prest nago elkarrizketatuak zer esango duen entzuteko. Jaso egin nahi dut, eta horrek ez du kentzen nire ekarpena egin nahi izatea. Ez noa aurreiritziekin, eta asko ikasten ari naiz».

Aurkezpenak eta elkarrizketak egiten ditu Eider Perezek. Nerea Ibarzabal Txakur Gorriak kolektiboko kideak, aldiz, gidoiak. «Nereak beti esaten dit: ‘Eider, egin zure erara’. Horren funtsa da nik gustura hitz egitea. Erredaktore modura ibiltzen naiz saioetara joaten, eta behar denean laguntzen. Ostiraletan, saioaren azpitituluak egiten ditut, gorrentzat eta nahi duen ororentzat».

“Hitzetik hortzera” Bertsozale Elkartearen adarretako bat da, ETBrekin elkarlanean aritzen dena, eta saioetan grabatzen den guztia Bertsozale Elkartearentzako materiala da.

Saioak funtzio garrantzitsua betetzen du, batez ere irisgarritasunean. «Zabaltzeko bertsoak mekanismo asko ditu, plazan egiten da, jendaurrean. Telebistak irisgarritasuna ematen dio. ‘Saio honetara ezin izan nintzen joan eta ikusi nahi dut’. Bertsoa.eus atarian edo telebistan daukazu. Igandean etxean goxo egon nahi duen horrek ere bertsoak dauzka parean. Iristeko modu oso erraz bat da».

Bertso agenda mugagabea da eta horren lagin bat ematen dute. Irudi bat ere ematen diote bertsoari, bertze forma bat.

Kantuzaletasunetik

Trintxerpetarrak kontatu digu beti izan dela bertsozalea. «Nire etxean musika asko entzun da. Eskolan bertsoa ikasten hasi ginenean, 12 bat urterekin, ‘kanta hau bertso doinua da’ esaten nuen. Kanta asko nekizkien. Beti izan naiz oso kantuzalea. Eta konturatu nintzen banuela bertso munduan zaletasun bat txikitan jaso nituen kanta guztietatik abiatuta».

Baditu lagunak bertsoa bertso eskolan jaso dutenak, txikitatik. Eider Perezek ez zuen aukera hori izan, ez zekien bertso eskola zer zen ere. Baina Euskal Herriko bertze jende bat ezagutzen hasi zen, literatur sariketa batzuen bidez. «Bertsoak egiten nituen, baina errimatu gabe. Literatura sariketa bat irabazi nuen errimatu gabeko bertso sorta batekin! Inozentzia eta gustu horrekin».

«Aitak beti esan izan dit: ‘Eider, zerbait nahi baduzu ipurdia mugitu behar duzu’. Eta Pasaia inguruan bilatzen saiatu nintzen. 17 urterekin irakasle bati aipatu nion. Bere bidez Lezoko bertso eskolan hasi nintzen. Plaza bitan kantatu dut baina jakin gabe. Bertso udalekuetan hasi nintzen 17 urterekin eta geroztik begirale ibili naiz. Mundu hau deskubritu nuen, Txakur Gorriak-ekoak ezagutu nituen, jende asko».

Txikitatik antzerkian

Euskal Filologiako karrera ikasi zuen eta beti ibili da antzerkian, txiki-txikitatik. Antzezlanak eta poesia errezitatua egiten ditu. “Andre eta Jabe” emanaldiarekin dabil orain. Aurretik, Ane Garciarekin batera hiru urtez ibili zen “Autobiographical” ikuskizunarekin.

«Arte mundua gustatzen zait. Idazten ere ibiltzen naiz. Hitzen Uberan atarian kolaboratzen dut. Marraztea ere asko gustatzen zait, baina niretzat. Collageak egiteko zaletasuna izan dut nerabezarotik eta iazko ‘Hitzetik hortzera’-n horretan jarri nindutenean, oso pozik egiten nuen».

Iazko denboraldian collagearekin egiten zuten bertsoen arteko lotura; aurten, aldiz, maleta gorri batekin. Bertsoari ibilbide bat emateko aitzakia da maleta. «Herriz herri goaz, bakoitzean gonbidatuak dauzkagu eta horiei eskatzen diegu beraien ekarpena egiteko maletara». Villabonako etxean dute dituzte bai collageak eta bai maleta. Bertan ikusi ditugu Urepeleko Karine Etxeberrik kantatutako Xalbadorren bertsoen partiturak eta Abando Zierbenako haurrek bertsoa ikasteko erabiltzen duten liburuxka, bertzeak bertze. Sekulako oroitzapenen kutxa dute. Zazpigarren saioan nahiko betea dago eta 26.a iristen denean nola egonen den ikusteko gogoz dago aurkezlea.

Bertsoa tokian tokiko ekimenez zabaltzen da eta Perez trintxerpetarra denez bertan bertso eskola bat sortzeko proiektuan parte hartu du. «Ez da atera eskola bera, baina bada jendea interesatua. Ez du ematen bertso eskola ateratzeko adina, baina urtarrilean tailer batzuk egingo dira».

Perezen iritziz, bertsoa inguru bat da, euskaraz bizitzeko leku bat, lagunartean egoteko, hitza bera jolasteko eta lantzeko sekulako tresna. Belaunaldi arteko transmisiorako eta balioak jasotzeko ere baliagarria. «Arma bat da. Lehergarri bat. Alderdi asko ditu, oso interesgarriak gure jendartean».

Diziplinen arteko nahasketa

Antzerkiaren eta bertsolaritzaren artean parekotasunak ikusten ditu. Adibidez, bertsolariak sarri kantatu behar du pertsonaia bati buruz. Perezek antzerkian egiten duen sormen prozesua honelakoa da: «Ideia bat daukat buruan, hori irudi bihur dezaket, irudi hori nola jarriko dut oholtzan? Agian urtebete pasatzen dut sormen prozesu horretan. Bertsotan, lantzeko eta entrenatzeko hainbat modu daude, baina sormen prozesu bat izan daiteke mikrofonora hurbildu, gaia entzun eta bertsoa botatzeko bitarte hori. Ez da minutu bat ere pasatzen».

«Amona paperean jartzen bazaituzte, zure gorputza irudikatu behar duzu paper horretan. Eta hitzez ateratzen duzu. Hor dago antzekotasuna, sormen prozesua pasatzen da, eta gero gorpuztu eta azaleratu egiten da. Horrek txunditzen nau. Artean zer gauza ateratzen diren jendaurrera begira. Hor oso ondo konpon daitezke bertsolaritza, literatura... Giro bat da lotzen gaituena eta sekzionatu ezin dena». Perezi hagitz interesgarria iruditzen zaio zurrunbilo hori. •

«Bertsolaritza Euskal Herri osoko, euskararen lurralde osoko jardun bat da. Eta gu euskararen lurralde osora goaz, Ezkerraldetik hasi eta nafar Pirinioetara, Tuteratik Mutrikura»

«Nire etxean musika asko entzun da. Konturatu nintzen banuela bertso zaletasun bat txikitan jaso nituen kanta guztietatik abiatuta. ‘Kanta hau bertso doinua da’ esaten nuen nirekiko»