21/03/2020

Reportaje
YOGA FAMILIAN
Arnasketa kontzientetik ongizatera, lau pareta artean (ere) biziraun ahal izateko

Naturarekin bat egitea gure buruarekin bat egitea da baina, zer gertatzen da itxialdian gaudenean? Nola egin bat gure buruarekin zurrunbiloaren erdigunean gaudenean? Lierni Garcia Telleriak familian yoga egitea proposatzen digu: lasaitzeaz gainera, norbere buruaz jabetu eta emozioak kudeatzeko tresnak batuko ditugu.

Amalur Artola Belamendia
0321_pd22_f01

Bai. Ditxosozko koronabirusak familia osoa lau pareta arteko itxialdira derrigortu duela eta jada kirioak dantzan ditugula. Amaitu zaizkigula marrazkiak, mahai jolasak eta haurrak geldirik –hori posible bada behintzat– eta lasai antzean mantentzen saiatzeko baliabideak. Eta, orain, zer? Nola lagundu haurrari –eta gure buruari– ongizatea mantentzen? Nola bideratu lehertarazi behar gaituela dirudien energia hori? Nola egin bat gure buruarekin zurrunbiloaren erdigunean gaudenean?

Lierni Garcia Telleriarengana jo dugu aholku eske. Dantzaterapia, soinuterapia edo meditazio tailerrak eskaintzen ditu Garciak eta, haurrekin aritzeko, familian yoga egiteko proposamena dakarkigu. Klase teoriko-praktikoa prestatu digu gainera, lehenik yogaren baliagarritasunaz aritu eta, ostean, etxeko egongelan egiteko saio bat proposatuko baitigu. Baina, hasi aurretik, ohar garrantzitsu bat: «Haurrekin yoga egitea oso ezberdina da, etengabe mugitzen daudelako. Beraien energia dute eta errespetatu egin behar da mugitzeko duten behar hori. Baina gida ditzakegu, jokoaren bidez mugimendu horiek bideratu».

Goazen, beraz, jolastera.

Adimena eta gorputza

«Yoga gizakia tresna bezala lantzen duen metodo bat da; gorputza dauka, emozio batzuk ditu, adimena...», azaldu digu Garciak, eta yogaren arrakastaren gakoa gizarte gero eta urbanitago honetan naturarekiko distantzia areagotu izanari egotzi dio: «Yogak ematen dituen onurak lortzeko beste metodo batzuk ere badaude, naturarekiko kontaktuan egotea edo musika adibidez, baina yogak jakin du gizakia osatzen duten zati horiek banan-banan lantzen, bereizita». Eta, horien artean, arnasketa da erregina: batetik, arnasketak ezberdintzen du asana bat ariketa gimnastiko batetik eta, bestetik, arnasaren bidez lortuko dugu gure gorputzarekiko kontzientzia, jabetasuna. Emozioen kudeaketarako ere funtsezkoa da arnasketa kontzientea: «Haur bat arnasestuka eta negarrez dagoenean, ‘lasai, hartu arnasa’ esan eta bera arnasa hori kudeatzen hasten da, lasaitzeraino. Haurrak bere arnasaren kontzientzia edukitzea, hori bera tresna bat da. Ez gara konturatzen gure biltegian ditugun tresnez», ziurtatu du.

Arnasaren garrantziaren beste adibide bat ere jarri digu: «Haserre gaudenean hiperbentilatu egiten dugu, arnasestuka dagoen zezenaren pare, arnasa sudurretik hartuz eta ahotik botaz baina ezpainak itxita ditugula. Baina arnasa bat-batean askatzen badugu ahoa irekita [hatsa bota du indarrez], tentsioa, hesteetatik datorren haserre hori –ze haserrea eta amorrua gibelean heltzen dira–, bota dezakezu».

Gorputzak memoria duela ere nabarmendu digu Garciak, haur garelarik gorputzean arnasa sosegatua izan dezakegula ikasten badugu gorputzak oroitu egingo duela eta, beraz, errazago lortuko dugula egoera horretara heltzea. Arazoa, baina, helduen mundura jauzi egitean sortzen da: «Zazpi urtera arte haurrak gurasoen eta ingurukoen energiaz elikatzen dira etengabe, horiek dira beraien erreferentziak eta berezko dituzten ahalmenak galdu eta gureak integratzen dituzte». Helduon tentsioen transmisore ez izateko, haurren munduarekin birkonektatzea proposatzen du Garciak, «ze, haurrek urduri jartzen gaituztenean, gu haien mundutik urrundu garelako da, ez da besterik. Haurrak gure maisuak ere badira», ziurtatu du.

Gorputzaren inteligentziak

Arnasa era kontzientean hartzeak gorputzaren kontzientzia hartzea dakar berekin. Hurrengo urratsa adimenera, pentsamendura iristea da: «Askotan pentsamenduak hor ditugu eta ez gara ohartzen zer pentsatzen ari garen ere. Gorputza sosegatu baduzu, hasten zara zure burua ikusle moduan ikusten, pelikula batean bezala: nola nengoen lehen, nola nagoen orain, eta hortik adimenera zoaz. ‘Zer pentsamendu ditut? Orain koronabirusaz ahaztu naiz, baina nola sentitzen nintzen lehen?’. Libre dantzatzen garenean bezala, alde arrazionala hustu eta gorputza beste inteligentzien baitan uzten dugu –mugimendua, erritmoa...– eta jabetasuna lortzen goaz».

Yogaren filosofia familiara eramatea aberasgarritzat jotzen du Garciak. Bere klasean ikusia du gurasoak nola lasaitzen diren euren seme-alabak autonomia eskuratzen ari direla ikusten dutenean, adibidez, haserre egon eta euren kabuz arnasketa ariketak egiten hasten direnean. «Etorkizunera begira, lasaitu egiten ditu horrek», ziurtatu du.

Eta, proba egiten hasteko, itxialdian gauden egunotan etxean egiteko moduko saio bat proposatzeko eskatu diogu Garciari. Esker onez jaso du gure eskaria, beretzat garrantzitsuena «nork bere buruaren jabetza berreskuratzea» baita.

Teoriatik praktikara

Hasteko, non egin yoga? Edozein lekutan (supermerkatuko ilara amaigabean gaudela ere egin ditzakegu arnasketa ariketak, lasaitzeko), baina, aukeran, argitasun egokia (argi naturala hobe), leku oxigenatua, arropa erosoa eta tenperatura atsegina izatea lagungarri izango zaizkigu.

Behin familia bilduta, ariketekin hasiko gara. Lehen fasea aktibazioa da: «Gelditu egin behar dugula ohartzeko, tentsioak askatzeko eta estresa kentzeko unea da». “Aizkolaria”-rekin hasiko gara: hartu aizkora, besoak atzera eraman eta gero aurrera, enborra moztean bezala, arnasa ahotik botatzen dugun artean. Errepikatu hainbat bider. «Aizkolariek arnasa potentzia hartzeko erabiltzen dute eta hor tentsio asko askatzen da». Dantza ere erabili daiteke aktibaziorako. «Edozein dantza. Nik joko bat erabiltzen dut: jarri galtzerdia galtzetatik zintzilik, ipurdi inguruan, eta jolastu elkarri galtzerdia kentzera. Egia da [koronabirusa dela-eta] gomendatu diguten distantzia ez duela betetzen, baina haurrekin metro eta erdira egotea irreala da».

Behin aktibatuta, jarrerak landuko ditugu. Lehena, “zuhaitza”: irudikatu zango bat enborra dela eta jarri bestearen oin-azpia enborraren kontra. Gero, eskuak elkartu eta eraman buru gainera, arnasa luze eta sakon hartuz, orekan zentratu eta gure zuhaitzari tinkotasuna emateko. «Jolasa da ea zuhaitza sendoa den ikustea. Besteok, putz eginez eta ‘haize bolada bat dator eta zuhaitzaren adarrak astintzen ditu!’ eta halakoak esanez, kontzentrazioa gal dezan saiatuko gara», proposatu digu. Oreka eta kontzentrazioa lantzeko ariketa aproposa.

“Igela” da haurren jarrera gustukoenetakoa: hankak aldaken parean zabalduta, makurtu eta sartu eskuak belaun atzetik, oinen artera. «Behin igelaren jarrera hartuta, etxean zehar jauzika aritu gaitezke edo gure buruari ‘igel lasai bat naiz eta putzuan nago eguzkia hartzen’ esan, arnasa lasai har dezagun».

“Txakurra buruz behera” jarrerak ere badu jolasik. Jarrera gure egiteko oinak eta eskuak lurrean jarri behar ditugu, hiruki moduan (hankak batuta). Erdian tunela duen mendi bat garela irudikatuko dugu eta, elkarren ondoan mendiarena egiten gaudela, lehenak tunela zeharkatu eta amaieran jarriko da, hurrenak gauza bera egin dezan. Binaka ere egin daiteke, pasilloan esaterako, txandaka elkarren azpitik pasaz amaieraraino iritsi arte.

“Pinpilinpauxa” jarrera hartzeko, eseri eta oinazpiak batu behar ditugu. Arnasa hartzen (sudurretik) eta botatzen (ahotik) dugun artean hankak ireki eta itxiko ditugu, hegalak astinduz bezala.

“Arraina” egiteko buruz gora etzan eta eskuak ipurdi azpian jarriko ditugu, bularra igo eta burugaina lurraren kontra jarriz (haur txikienek laguntza beharko dute ariketa honetarako). «Oso polita da borobilean edo norbaitekin buruz buru egiteko, bestea buruz behera ikusten dugulako eta haurrei oso barregarria suertatzen zaie», azaldu du Garciak.

Behin tentsioak askatuta, Garciak lehen aipatzen zuen memoria berri hori sortu da gure gorputzean. Orain memoria hori erregistratzeko unea da: erlaxaziorako tartea. «Tentsio horiek ez ziren gureak, joan dira, egoera berri hau da nire egoera normala. Hori barneratzeko da erlaxazioa», zehaztu digu Garciak. Erlaxaziorako, musika lasaiarekin elkarri masajeak eman diezazkiokegu, edo luma bat erabilita aurpegian laztanak egin. Garciak “Lau elementuen masajea” proposatu digu. Eserita dagoenak jasoko du masajea: «Bizkarra eskuekin zanpatuz lurraren sentsazioa lortuko dugu; eskuak igurtziz berotu eta gero bizkarraldea igurtziko diogu ‘sua sortzeko’; eskuekin bere burutik behera ura jarioko balitz bezala egingo dugu; azkenik, eskuekin laztan aereoak edo putz egin».

Behin erlaxatuta, arnasketaren unea da. «Arnasketa lantzeko paperezko itsasontzi bat egin eta sabelean jar dezakegu, itsasoa garela irudikatuz. Nora eramango duzu itsasontzia? Sabelaldea puztu eta hustuko dugu, gure gorputzaren kontzientzia hartuz eta bide batez diafragma ere landuz».

Eta iritsi gara amaierara: meditazioa. Itsasontziaren jolasa egin badugu, meditazioa egina izango dugu jada, «ze eskulanak egitean burua husten ari gara, mugimendu libre batean sartzen gara». Yoga saio batean une oro meditazioa lantzen ari garela nabarmendu du Garciak, «bestelako adimenei lekua uzteko etengabe gure burua husten ari garelako», baina meditazioa lantzeko ariketa zehatzak ere badaude. Bere kutuna “Lasaitasun potea” da: kontserba tarro huts batean purpurina eta ura nahasi –zulagailuarekin tetrabrickari ateratako borobiltxoek ere balio dute– eta haurrari azalduko diogu nahasita gaudenean pote hori bezalakoa garela. «Purpurina aztoratua dago, zurrunbiloz betea. Gu ere horrela gaude ez dugunean gure arnasa kontrolatzen, ezin ditugu gure ideiak ikusi». Tapatik, soka batekin, izartxo bat jar daiteke eta, purpurina lasaitzen doan heinean, izarra agertuko da. «Oso polita da azaltzeko haurrei batzuetan ez dakigula gure arnasa, gure ideiak non dauden, ez ditugula gure ametsak ere ikusten, baina, arnasa hartzen hasten bazara, dena argitzen doala».

 

Nahi adina baliabide eta ideia, sarean eta doan

Familian yoga egiteko zenbait ariketa ekarri dizkigu Lierni Garciak orriotara, eta sarean ere nahi beste proposamen topa daitezkeela ziurtatu digu.

Esaterako, kantua arnasketa kontzientea lantzeko beste modu da: «YouTuben badira euskal kantu asko karaoke moduan abesteko», proposatu du. Edo dantza librea: «Oso tresna potentea da, nire yoga saioetan asko erabiltzen dut; mugimenduaren inteligentzia izugarria da». Hala, Interneten munduko dantzetan arakatzea gomendatu digu: «Oso errazak eta etnikoak aurki ditzakegu, eta bide batez dantzaren jatorriaz ikasi, bere esentziaz. Dantza eta kantua liberatzeko sortu ziren, eta momentu honetan hori behar dugu».

Eta hau guztia amaitzean, zer? Ba, yoga familian egiten profesional batekin trebatu nahi duenak Lierni Garciarekin harremanetan jartzeko aukera du (605 584 110): han eta hemen, deitzen dioten lekuan ematen ditu eskolak, euskaraz eta helburu zehatz batekin: «Inportanteena nork bere tresnak berreskuratzea da; jabetza eskuratzea».

Etxeko egongela zein supermerkatuko ilara amaigabea, leku guztiak dira aproposak yoga praktikak aurrera eramateko; gure gogo eta gorputzaren kontzientzia hartzea da gakoa

Gorputzak badu bere memoria. Haur garela arnasa sosegatua izan dezakegula ikasten badugu gorputzak oroitu eta arnasa bere onera errazago ekarriko dugula azaldu du Garciak

«Igela», «Pinpilinpauxa», «Txakurra buruz behera»... haurrekin egiteko yoga jarrera aktiboak proposatzen ditu Garciak, «haurren energia errespetatu egin behar delako»

Yogaz aparte, Internet baliatuta dantza eta kantua (euskarazko karaokea) lantzea ere gomendatu digu, horiek «liberatzeko sortu baitziren, eta une honetan hori behar dugu»