Andoni Urbistondo
Entrevista
Luda Davydenko
Arraunlaria

Kale bizitzak eta arraunak oriotartutako ukrainarra

Luda Davydenko 20 urteko ukrainarrak bi urte daramatza Orion bizitzen, baina zazpi urterekin etorri zen lehen aldiz Euskal Herrira, Chernobil elkarteari esker. Orioko ukrainar sentitzen da, eta bertan ikusten du bere burua etorkizunean; kale bizitzak eta arraunak lotu dute, eta nahikoa izan du estropada bakar bat lehen bandera irabazteko.

Ludak argazkilarientzat posatzen ikasi du azken urtean, hainbat komunikabideren arreta erakarri baitu. Ez da harritzekoa, 1,80 zentimetroko emakume ilehoria da, eta Orion ez dago bere itxurako emakume askorik. Herriko arraun elkarteko kidea da, eta kamiseta hori ezaguna darama soinean. Airean dabil aste batzuk atzera senior mailan ontzian lehen aldiz arraun egin, eta debuteko egunean, Coruñako Bandera irabazi ondoren.

Luda Ludmila Davydenko da, Ukrainako Hostomel hirian jaiotako 20 urteko gaztea: «Ludmila da izen ofiziala, baina pasaportean bakarrik jartzen du izen hori. Jende guztiak Luda, Lu edo Ludmi deitzen dit».

Orioko euskara jatorra du, eta hizkera pausatua. Etortzen zaiona botatzen du lasai. «Zazpi urterekin etorri nintzen lehen aldiz Oriora. Keinuekin-eta moldatu behar izan nuen hemengo gurasoekin lehen egunetan. Lehen egunean egun guztia negarrez egon nintzela esaten dit Marijek, hemengo amak. Zapata batzuk erostera joan ginen Urbil merkataritza gunera, eta bueltan, etxeko atea ireki, isilik geratu eta ohera sartu omen nintzen. Nonbait nekatua nengoen, bidaiarekin-eta, eta hortik malkoak. Esnatu ondoren negar gehiago ez nuela egin esaten dit amak».

«Kuda idem?»

Oso ondo moldatu omen zen lehen udan. «Lagun asko egin nituen euskaraz moldatzen hasteko, eta asko ikasi nuen, titili-totolo ikasiz (Orion pixkanaka adierazteko erabiltzen duten hitza)». Euskal Herrira iritsi zenean ukrainera eta errusiera bakarrik zekizkien. Iritsi berritan bi hitz errepikatzen zizkien Ludak bere gurasoei etengabe, ukraineraz: «Kuda idem?». Marije Orioko amak, noski, hitzik ez zekien ukraineraz, eta Orion bizi zen ukrainar bati galdetu behar izan zion zer esan ote nahi zuten bi hitz haiek. «‘Nora joan behar dugu’ esan nahi du», argitu du Ludak. Euskara azkar ikasi zuen Ludak Orion. Bigarren udan itzuli zenerako txukun hitz egiten zuen.

Ludak bihotza astindu zien uda bakarrean Marije eta Xabier gurasoei. Hainbeste, ezen uda haren osteko lehen neguan Ukrainara joan baitziren biak, Luda bisitatzera. «Kiev hiriburu inguruan bizi naiz, eta sekulako hotza egiten zuen. Hemen 0 gradutik apenas jaisten da tenperatura, eta han 10 edo 15 gradu zeropetik egiten du neguan egun askotan. Amak esan zidan han ezingo lukeela bizi, hiru hilabetetan hil egingo litzatekeela».

Oharkabean, Luda Ukraina eta Euskal Herria konparatzen hasi da, eta bere burua Orion hain errotuta zergatik ikusten duen azaldu: «Ukrainan ez dago Euskal Herrian daukagun kale bizitzarik. Han etxekoiagoak gara. Hemen denerako geratzen zarete kalean: kafe bat hartu, pote batzuk, paseatu, erosketak, afaldu… Hori altxor handia da. Han ez gara kalera irteten sozializatzeko. Ukrainan hiri edo herrietako kale kantoietan ibiltzen zara, Orion sekulako bistak daude: itsasoa, errioa…».

Xabier eta Marije gurasoekin astero hitz egiten zuen bideodeien bitartez Ukrainan zela, eta udako bi hilabete Orion pasatzeko hautua bost urtez jarraian errepikatu zen. Bost uda, eta beste hainbeste uda bukaera, beti penaz Orio atzean utzi eta Ukrainara bueltatzeko.

«Ukrainan Oriorekiko herri mina sortzen zitzaidan berehala. Marijek galdetzen zidan, ea non nahi nuen bizi, eta nik Ukraina esaten nion, gustuen Orion egoten banintzen ere. Hemengo bizitza nire jaioterrikoa baino askoz hobea da. Kontua da haurra zarenean ez zarela horretaz jabetzen». Bost uda pasatu zituen Orion, zazpi urtetik hamabira, eta epe hori bukatuta Marije amak Oriora ikastera eta bizitzera etorri nahi ote zuen galdetu zion: «Alegia, ikasturte osoa Orion egotea».

Etorri zen, eta LH6 kurtsoan hasi zen, zegokiona baino maila apalagoan, eta idazkera hobetzeko: «Hitz egiteko arazorik ez neukan, baina idazten ez neukan hainbesteko erraztasunik. Urte osoa hemen pasatzen hasi nintzen, eta udatan Ukrainara bueltatzen nintzen, nire familia bisitatzera».

«Gazte garaiko txoro haizea»

Luda bere bizitzan izan duen pasadizo gordinenetako bat kontatzen hasi da, gaiaren inguruko galdera zehatzik entzun gabe. 16 urte zituela erabaki okerrak hartu zituela sentitzen du, garai hartatik lau urte luze pasatu badira ere. Sentimenduz biluztu da: «Akats handia egin nuen. Gazteok adin horretan izaten dugun txoro haizeak jota ibili nintzen. Pasaportea berritzera joan nintzen Ukrainara, eta han geratzeko gogoa sartu zitzaidan. Orioko gurasoekin ere haserretu nintzen, eta ez nintzen jabetzen zer egiten ari nintzen. Urtebete egon nintzen han, eta orduan neure buruari galdetzen hasi nintzen ea ze demontre egiten nuen Ukrainan, hango eta hemengo egoera zuria eta beltza bezalakoak baitira. Deitu nion Marijeri, lehertzeko zorian nengoela. Han gehiago ezin nuela iraun aitortu nion, barrenak hustu, eta bigarren aukera eman zidaten Marijek eta Xabierrek».

18 urte beteta bueltatu zen Oriora, «nik neuk horrela aukeratuta, adinez nagusi, eta adopzio prozesurik gabe». Ukrainan hiru kurtso egin zituen urte bakarrean, eta Zuzenbidea ikasten hasi zen ondoren. Baina hutsunea, zuloa, zeukan ariman: «Egunerokoa ezberdina egiten zitzaidan; batez ere, hemengo bizitzan neukanarekin gogoratzen nintzelako etengabe. Kuadrillako bizipenak, adibidez. Han ez dago kuadrillarik, lagun bakanak dituzu. Ez dago kale bizitzarik. Gure etxean soroa daukagu, eta etxetik ibiltzen zara, baratzean hara eta hona, edota lagunekin, baina etxetik gertu. Orion etxean lo eta otorduak bakarrik egiten dira, bestela beti kalean zaude, edo kirola egiten… Han ezin nuela bizi sartu zitzaidan buruan, eta Oriora etorri nintzen».

Ukrainako bizitzaz, han egon zeneko egunerokoaz, galdetuta, hauxe dio: «Han, dirua edukita ere, aspertu egiten zara. Dirurik gabe, ba pentsa… Guri ez zitzaigun dirurik falta, dena den». 200-300 bat euro irabazten du jendeak hileko, eta Luda Ukrainako bere gurasoentzat karga handi samarra izan zitekeela pentsatzen hasi zen: «Oriora etortzea karga hori arintzeko modua izan zitekeela pentsatu nuen».

Ukrainan egoera gogorra

Eta nola dago Ukraina egun? «Oso gaizki. Baratzea baldin badaukazu, moldatzen zara, baina kalean bizi bazara, irauteko komeriak dituzte askok. Ustelkeria handia dago, lapurrak han eta hemen, eta egoera politikoa ere gaiztoa da. Gerrak edo istilu larriak izan ditugu orain urte gutxi arte».

Lagun baten ama nola hil zen kontatzen hasi da Luda, herri hartako egoera gaiztoa ulertzen saiatzeko. «Giltzurrunean harriak zituen, eta anbulantzian etorri ziren medikuek barre egin zioten aurpegira. Pastilla batzuk eman zizkioten bi aldiz, eta hirugarrenez deitu zituztenerako ama hil egin zen. Bideo bat ere jarri zuen sare sozialetan, baina ezer ez da aldatuko». 2014an Maidan delako kale istiluak egon zirela gogoratzen du: «Hildako mordoa egon zen, horietako bat nire ikaskideetako bat; nik ikasi nuen Zuzenbideko Fakultatean omenaldia egiten diote urtero».

Ludak anaia zaharrago bat eta ahizpa gazteago bat ditu Ukrainan, gurasoez gain: «Anaiak 22 urte ditu, eta lan ona du. Gasteizen egon zen, familia batekin, ni bezala, baina ez zitzaion gehiegi gustatu, gurasoek egun osoa etxetik kanpo pasatzen baitzuten lanean. Tania ahizpa txikiak 10 urte bakarrik ditu oraindik. Ekarri nahi nuke Oriora, diru puska bat daukatenean. Itsasoa du gustuko oso, nik bezala». Itsasoak halako miresmen berezia sortzen dio oraindik ere Ludari: «Marije amak esana, etorri nintzen lehen egunean itsasoari begira geratu omen nintzen 10 minutu. Gu Itsaso Beltzera joaten ginen, bisitan, Ukrainan, baina Kantauri Itsasoa erabat ezberdina da». Burua makurtu eta dagoeneko familiako kideak besarkatu gabe bi urte luze daramatzala aitortu du, triste antzean.

Eta nolakoak gara euskaldunok ukrainar baten begietara? «Alaiak», dio Ludak boteprontoan. «Irekiak zarete. Gu sentimenduak azaltzerakoan-eta hotzagoak gara. Zuek bizitzari zukua ateratzen saiatzen zarete. Euskal Herrian ere badago ondo bizi ez den jendea, baina disfrutatu egiten duen jendea zarete. Ez duzue bihar zer gertatuko, zer etorriko den pentsatzen, egunean egunekoa bizitzen duzue». Gertuko harremana du oriotarrekin, «beste oriotar bat izango banintz bezala. Batzuk harritzen dira, ukrainar bat euskaraz hitz egiten entzutean, baina ohitu dira dagoeneko». Euskara gaztelania baino lehenago ikasi zuen.

Ukrainako gurasoek Orioz zer pentsatzen duten galdetuta, hauxe dio: «Gurasoentzat ni Espainian nago, ez dakite euskara eta gaztelania ezberdintzen, ezta Espainia eta Euskal Herria ere. Saiatzen naiz esaten Espainia ez den beste herri batean bizi naizela azaltzen, eta beste hizkuntza bat hitz egiten dugula».

Ikasketak eta arrauna

Orion egonkortu zenetik bi ardura nagusi ditu Ludak: ikasketak eta arrauna; ikasi, urte batzuk barru lanen bat bilatu eta Ukrainako familiari laguntzen saiatzeko, «haiek Oriora ekartzen saiatuz». Hozteko eta girotzeko instalazioen inguruko ikasketak egiten ari da, mantentze-lanak egiten dituen teknikari ikasketak, Zubietako Lanbide Heziketako eskolan. «Lehen kurtsoko gai guztiak gainditu ditut, nota onekin, gainera. Ikasle ona naiz. Lana ziurtatu edo errazten duten ikasketak egin nahi nituen, eta ikasketa horiek bukatuz gero, lana lortzeko aukera handia dagoela esan zidaten. Berez mekanika egin behar nuen, lagun askok ere hori aukeratu zutelako. Unibertsitatean hasteko ere grina berezirik ez neukan, eta hala hasi nintzen Zubietan». Neska bakarra da klasean. Bost urteko ikasketak dira; lau falta zaizkio, beraz, oraindik. Goizez joaten da klasera, autobusean, Orioko beste lagun batzuekin.

Goizez ikasi, eta arratsean arraunean jardun: Sei urte daramatza, denera, dagoeneko. Infantiletan bi urte egin zituen, eta kadeteetan beste bi. Jubenila zela Ukrainan zegoen, eta Oriora bueltatu ondotik bigarren urtea du aurtengoa senior mailan. Arraunean hasteko unea ere bitxia izan zela gogoratzen du: «Probatzeko gogorik ez neukan, eta Marije amak baietz, probatu egin behar nuela. Izena eman ondoren kito, ‘hau da nirea’, esan nuen tinko. Hain ondo pasa nuen egun bakarrean, jarraitu egin nuela».

Ukrainatik lodikote bueltatu omen zen bi urte atzera, eta iaz, lehen urtean, flakatu eta ikasteko erronka xumea jarri zion bere buruari. Denboraldi-aurrea Oriorekin egin zuen, baina denboraldia bera San Juanekin ETE Ligan (emakumezkoen arrauneko bigarren maila). Xanti Zabaleta entrenatzaileak entrenamenduak jarri zizkion iaz, sasoi puntua fintzeko, baina Luda bera izan zen Oriorekin arraunean egiteko maila, trebakuntza nahikoa, ez zuela onartu zuen lehena. «San Juanekin lehiatzeko aukera proposatu zidan klubak. Kategoria bat beherago baina trebatzeko aproposa. Hasieran ezezkoa eman nion. Ni bakarrik, Pasai Donibaneraino joan behar egunero… Ibon Urbietak konbentzitu ninduen, eta nire kuadrillako batekin joan nintzen, utzi ziguten furgoneta zahar batekin».

Pasaian, ikasketa handia

Eta Pasaian jauzia. Uda hori erabakigarria izan zen: «Eskarmentua hartu nuen, seriotasuna, diziplina ikasi, talde giroan murgildu… Oso gaizki hasi ginen, zortzigarrenak edo lehen estropadan. Oso talde gaztea ginen, ni neu denetan zaharrena 19 urterekin. Baina hobetzen hasi ginen pixkanaka-pixkanaka: Laugarren, hirugarren, bigarren… Bilboko Bandera ere irabazi genuen!». Kontxako sailkapenekoan ere seigarren sailkatu ziren, eta urteko estropada onenean arraun egiteko txartela lortu: «Inork ez zuen halakorik espero». Kontxako lehen igandean estropada handia egin zuten, eta bigarren igandeko Ohorezko Txandan sartu ziren.

Denboraldi honetan talde entrenamenduak osatzeko komeriekin ibili dira, pandemiaren ondorioz. «Maila bertsua erakutsi dugu arraunlari guztiok, eta hor nabil, borrokan». Coruñako estropadan, denboraldiko lehen lehiaketa egunean igandeko estropadan ontzian sartu zen: «Lehen aldiz nire bizitzan, eta bandera irabazi genuen. Sentsazio bikaina izan zen. Debuta egin Euskotren Ligan, eta irabazi, pentsa… Nadeth Agirre patroiak, gainera, keinu bikaina eduki zuen ontziko arraunlari batzuekin. Ligako liderraren kamiseta eman zidan niri, bigarren igandean. Lukene Lizasori txapela, eta Vicky Piñeirori patroi onenaren sariaren maillota eman zion. Debutariak ginen arraunlariekin keinu polita eduki zuen Nadethek, ondo portatzen da gurekin».

Irribarretsu gogoratzen du TKE arraun elkarteko telebistan hitz egin behar izan zuela, gaztelaniaz. «Hasieran ezetz esan nuen, erdaraz hitz egiten baldar samar moldatzen bainaiz. Esaldiren bat edo beste esan nuen, baina uste dut agerikoa izan zela erdaraz ez naizela ondoegi moldatzen». Coruñatik furgonetan zortzi orduko bidaia egin, eta Marije eta Xabier gurasoak besarkatu zitueneko unea oso hunkigarria izan zela esan du Ludak.

Aurten pandemiak ez du ohiko argazkirik erakutsi Orion, herri osoa udaletxeko balkoian bandera irabazi duten arraunlariei gorazarre egiten, baina Ludak plazatik bizi izan ditu garaipen asko eta asko. Kostakoak ez direnentzat, nola azaldu tamainako zaletasuna, grina? «Barrualdeko jendeak uretako gauzak ez dituzue bizitzen kostakoek bezala. Gustatzen zaizue kirola, diziplina bat edo beste izan, baina ez duzue bizitzen, guk bezala. Guk egunero ikusten ditugu ontziak eta arrauna, izan errioan edota itsasoan, eta lotu egiten zaitu lehenago edo geroago. Realeko entrenatzailea ere Oriokoa da, baina herrian arraunak futbolak baino jarraitzaile gehiago ditu. Entrenatzera irteten garenean, bokaletik gertu han egoten dira zaleak, gu animatzen. Bandera bat irabazi eta udaletxeko balkoira igotzea gauza handia da. Gurean bezala, Hondarribian, Bermeon, Pasaian… Kostako herri horietan asko bizi da arrauna».

Orion ikusten du etorkizuna

Kostari lotuta bizi da uda, eta Oriotik kanpo ere itsasoa duten herri eta hirietan ibili zalea da Luda: «Hondarribia gustatzen zait, Donostia ere bai, nahiz eta jende asko egoten den. Ukrainako gurasoei erakutsi nien Donostia, sakelakoaren bitartez, eta aho bete hortz geratu ziren». Erantzuna asmatzea erraza da, baina badoa galdera, badaezpada, bere etorkizunaz. Non ikusten ote du bere burua, demagun, hamarkada bat igarota? «Ni Oriokoa naiz %80, eta beste %20 Ukrainakoa. Gaztaroa Orion pasa dut, udak ere bai, lagunak, arrauna, gurasoak… Dena daukat hemen. Oriokoa sentitzen naiz, nahiz eta paperek bestelakoa esaten duten. Orion ikusten dut nire burua etorkizunean, kuadrillarekin afariren batean. Ikasketak bukatuta, edo bukatzear, eta lanen batean diru pixka bat bildu eta Ukrainako familia hona ekartzeko ahaleginean. Edo ni Ukrainara joaten, haiek bisitatzera. Ez naiz Oriotik mugituko. Hemen edo gertu. Ez nintzateke kostatik urrunduko inora».

 

Chernobil elkartearen 25. urteurrena

25 urte bete ditu aurten Chernobil elkarteak. Pandemiak hegoak moztu dizkie, beste elkarte askori bezala. Ukrainako 126. umea Euskal Herrira iritsi zain irrikan zeuden, uda honetan, orotara Ukrainatik Euskal Herrira iritsiko zen 6.000. umea izango zelako. Chernobil elkarteak umeei osasun baldintza egokietan hazteko aukera ematea du helburu, Osasunaren Mundu Erakundearen irizpideei jarraituz. Euskal Herrian 40-60 egun arteko egonaldiak antolatzen ditu uda guztietan.