Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Nolakoa ote da gaurkotasuna haien begietara?

Bost bat neskatxa, hirutik zazpi urte bitartekoak, auzoan jolasean ari dira udako ilunabar sosegatuan. Etxepeko petrilean, txukun-txukun, elkarren ondoan antolatuta dute panpina kuadrilla. Halako batean, neska koskor bat agertu da. Ume kotxe handi eta ponposoa dakar, printzesak eramateko horietakoa. Han barrutik, bi katakume zuriren buruak ageri dira. Tupustean inguratu dira gainerakoak katakumeak ikustera, denek eskutan hartu nahi dituzte. Hura festa! Bat-batean, katakumeak eta haien jabea bihurtu dira jolasaren erdigune. Identitate bat eman eta istorio bat asmatu dieten arren, bazterrean zain dituzten begirada izoztuko panpinatxoak baino erakargarriagoak dira miauka ari diren katutxoak.

Zalaparta baliaturik, neskatila txikiena abandonatuta geratu den aulkitxoaren jabe egin da. Panpinetako bat han sartu eta plastikozko euritakoa bere tolestura guztietan sartzen ahalegintzen ari da, hermetikoki itxi nahian. Bere unea iritsi da, azkenean.

Txikia aulkitxoari bultzaka abiatu da lagunengana. «Begira, honek ez du koronabirusik» oihuka doa, airea apenas sartzen den espazioa eta panpina ibilgea erakutsiz. Berak lortu du garai hauetan ezinezkoa dirudiena, birus garaiezinari zirrikitu guztiak itxi eta espazio seguru bat sortzea.

Egun batzuetara, lagun taldea elkartu gara kikara batzuen bueltan. Loba txikiarekin izandako elkarrizketa kontatzen hasi da haietako bat. Neskatilak nonbait entzun omen du birusa saguzar batek kutsatu ziola gizaki bati, eta hori izan dela zorigaizto guztiaren sorburua. Nonbait bera ez dago ados teoria horrekin, neurri txiki horretako animalia batek ezin dituela mundu osoko bazterretako jendeak kutsatu, hori egiteko ahalmena, izatekotan, animalia handiago batek izango duela: kutsatzailea elefante batek izan behar du.

Haurren jolas eta mundu sinbolikoan mundu errealeko edo, gutxienez, helduon munduko arazorik korapilatsuenek ere konponbide ustekabeko eta irudimentsuak dituzte. Helduok ez ditugun erantzunak aurkitzen eta saiatzen dituzte haurrek beren jolasean. Hori da, hain zuzen, jolasaren magia. Jolasa, batez ere, dena posible den territorioa da, gertaera beldurgarrienetatik ere salbu egongo diren lurraldea.

Estreinakoz, datozen egunetan sei hilabetez eskolarik gabe eta horietatik bi etxeratuta egon den lehen belaunaldia jaso beharko dugu heziguneetan. Ez da erraza izan haur eta gazte horiek etxean edukitzea eta horren guztiaren arrazoiak azaltzea. Ziur bakoitzak genekien ongien egin dugula. Kontatu dizkiegun eta entzun eta ikusi dituzten irudien zein interpretazio egin ote dute, ordea?

Mundua leku arriskutsua bihurtu dela sentitu ote dute helduok bezala? Heriotzarekin aurrez aurre egin ote dute topo? Bat-batean, delikatuak izatetik kutsatzen dutenak izatera igaro dira, arriskutsuak: aitonarengana eta amonarengana hurbildu ezinik geratu dira, zergatik? Hil ditzaketelako...

Ume ginelarik, munduaren akabera iragartzen zuten bakoitzean, beldurtu eta gure irudimena martxan jartzen genuen geure buruetan, lagunak eta etxekoak salbatzeko planak irudikatzeko. Koronabirusa, pandemia, mundua, eskola... nolakoak izango ote dira neska-mutilen begietara?

Iraila iritsi da eta heziguneak, nola edo hala, ireki behar dira. Eskolak ezingo dio eutsi zaintza erabat gutxietsia duen sistema ekonomiko bidegabe honek martxan jarrai dezan neska-mutilen gordailu izateko eskatu zaion erronkari. Jendarteak birusari eta eragiten ari denari erantzuteko lortu ez dituen estrategiak eskatu behar al dizkiogu eskolari?

Aurten gure ikasleek ez dute ongi etorria emango dien irribarre abegitsurik aurkituko, ez lasaituko dituen besarkadaren berorik, ez dute luzatutako eskurik topatuko. Helduok izan ginen haurraren irudimena zorroztu beharko dugu neska-mutilek, sikiera, eskola arraro horretan jolaserako eta entzunak izateko espazioak aurki ditzaten.

Oxala, hainbeste zarata artean, gure beldur, haserre eta gainerako emozioentzat aterpe izango den istorio bat eraiki ahal izatea, non denok salbu egon gineneko historia humanoa konta dezakegun. •